Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Ipar Euskal Herriko herritarren kultur praktikak ugaritu egin dira azken 10 urteotan, bereziki dantza ikuskizunei, antzerkiari eta zuzeneko musikari dagokienez

2019.eko abenduak 19
  • Eusko Jaurlaritzak eta EKE-Euskal Kultur Erakundeak Iparraldeko kultur kontsumo eta parte-hartzearen inguruko azken datuak aurkeztuko dituzte, Kulturaren Euskal Behatokiak egindako txosten batean oinarrituta.
  • Euskarazko kultur kontsumoa ere hazi da euskal hiztunen artean, batez ere bertsolaritzaren, antzerkiaren eta musikaren arloetan.

 

Gasteiz, 2019/12/19       

Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eta Pantxoa Etchegoin EKE-Euskal Kultur Erakundearen zuzendariak Iparraldeko kultur kontsumo eta parte-hartzearen inguruko azken datuak aurkeztuko dituzte goizean, Baionan. Datu horien arabera, Ipar Euskal Herriko herritarrek jarrera positiboa erakusten dute kulturarekiko eta, 1etik 10erako eskala batean, 7,5eko garrantzia ematen diote kultur parte-hartzeari. Horrekin batera, parte-hartze kulturalaren bilakaera positiboa egon da azken hamarkadan, eta biztanleak gero eta gehiagotan joaten dira dantza ikuskizunetara, kontzertuetara, antzerkira edota museoetara. Euskarazko kultur kontsumoari dagokionez, euskal hiztunen kultur parte-hartzeak gora egin du.

Aurkeztutako datuak  Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Kulturaren Euskal Behatokiak egindako 2018ko ‘Kultura-ohiturei, -praktikei eta -kontsumoari buruzko Inkesta’-tik atera dira. Azterlan hori Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean egin da, 6.300 pertsonako laginarekin. Txosten horretatik abiatuta, azaroaren 29an, Donostian, Euskal Herriko euskarazko kultur kontsumoaren inguruko datuak aurkeztu ziren; hau da, euskaraz egiten den kulturaren gaineko datuak ardatz hartuta, Euskal Autonomia Erkidego, Nafarroa eta Iparraldeko datuak ezagutzera eman ziren. Iragan abenduaren 9an, Bilbon egindako aurkezpen batean, EAEko parte-hartze kulturalaren inguruko datu orokorrak aurkeztu ziren. Gaur, azkenik, Iparraldeko parte-hartze kulturalari buruzko inkestaren emaitzak aurkeztu dira.

Azterlana, Euskal Kultur Erakundearekin (EKE) koordinatua egin da, eta honako aldagai hauek hartu dira kontuan: Kulturarekiko jarrera orokorrak, praktika kulturalak (eszenikoak, musikalak, ikus-entzunezkoak, irakurketak eta erakusketetara bisitak), asoziazionismoa eta kultura amateurraren praktika artistikoak, praktika kultural digitalak eta, azkenik, euskarazko parte-hartze kulturala.

Inkestaren helburua da biztanleriaren parte-hartze kulturalaren argazki zehatza ematen duten adierazleak lortzea. Iparraldean bizi diren 15 urteko edo gehiagoko pertsonei egindako 1.150 elkarrizketek osatu dute lagina. Lurraldeen (Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa) araberako ordezkagarritasuna ziurtatzen du laginak, baita bizileku-udalerriaren tamaina, sexua, adina eta euskararen ezagutza ere, eta horrek parte-hartze kulturalaren banaketa soziala zein den jakitea ahalbidetzen du, biztanleria-talde guztien arabera.

Azterlanak duela hamar urte egindako aurrekari bat du: 2007-2008 aldiko ‘Euskal Herriko kultura-ohiturei, -praktikei eta kontsumoari buruzko inkesta’, Kulturaren Euskal Behatokiak bultzatutako lehen estatistika-eragiketa. Hortaz, gaur egungo hainbat praktika neurtzeaz gain, aukera ematen du kultura-ohiturak, -praktikak eta -kontsumoa alderatzeko orain dela 10 urteko egoerarekin.

ONDORIO NAGUSIAK

Kulturarekiko jarrerak eta kultura praktikak

Iparraldeko biztanleriak kulturarekiko jarrera positiboa adierazten du 1etik 10erako eskala batean, kultura-jardueretan parte hartzeak duen garrantzia 7,5 puntuan dago. Hortaz, parte-hartze kulturalak aitortza soziala baduela erakusten du (EAEko datua 7,34 izan da, eta EAE, Nafarroa eta Iparraldeko datu globala, 7,37).

Azken azterlana orain 10 urtekoarekin alderatuz, esan daiteke parte-hartze kulturalaren bilakaera positiboa izan dela. Igoerarik nabarmenenak honako praktika hauetan gertatu dira: dantza, kontzertuak, antzerkia, museoetara joatea eta, azkenik, erakusketetara joatea (20 puntu baino gehiagoko igoerak). Aztertu diren 12 praktiketatik bat mantentzen da (musika entzutea) eta beste bat murriztu da (egunkarien irakurketa, 14 puntu gutxiago).

Grafikoa. Kultura-praktikek biztanlerian izan duten intzidentziaren bilakaera (%). *Grafiko guztiak prentsa-oharrean kontsultatu daitezke 

Liburuak irakurtzea, zinemara eta kontzertuetara joatea, praktika zabalduenak dira (biztanleriaren % 60 baino gehiago), azterlanaren arabera. Ondoren, % 40tik % 50era bitarteko portzentajeekin, honako hauek ditugu: museoetarako bisitak, dantzara joatea, antzerkira joatea eta liburutegira joatea... Nabarmentzekoak dira, halaber, arte-galerietarako bisitak eta bideo-jokoetara jolastea (% 32,9 eta % 20,6, hurrenez hurren).

Grafikoa. Pertsonak, kultura-praktika desberdinak egiteko maiztasunaren arabera (%)

Asoziazionismoa eta amateur mailako praktikak

Azken hamarkadan elkarteetako parte-hartzea 9,1 puntu jaitsi da. Biztanleriaren % 17,1ek kultura-elkarte batean parte hartzen du; % 8,3k batean baino gehiagotan. Iparraldeko biztanleriaren % 42,5ek adierazten du gutxienez urtean behin parte hartzen duela sormenezko jardueretan, hala nola, idazketan, margolaritzan, dantzan, artisautzan eta beste hainbatetan.

Grafikoa. Kultura-elkarteren batean parte hartzen duten pertsonen kopuruaren bilakaera (%)

Grafikoa. Amateur mailako praktiken bilakaera, 2008-2018 aldian (%)

Kultura praktika digitalak

Kultur praktika digitalei dagokienez, oso zabalduta dauden (% 60tik gora) lau praktikak osatutako blokea nabarmentzen da: albisteen irakurketa, informazio-bilaketa, wikien kontsulta eta musika entzutea. Bigarrenik, gutxiago zabalduta dauden (% 45 inguru) bi praktikak osatutako bloke batek kultura-edukiko sarbide- edo deskarga-praktikak biltzen ditu, eta horrekin batera, webgune edo blog pertsonaletarako bisita.

Azterlanak erakutsi duenez, sare sozialak kultura partekatzea errazten dute. Internetera erregularki sartzen den biztanleriaren artean, % 21,5ek sareak erabiltzen ditu beste artista batzuk ezagutzeko edo haiekin harremanetan jartzeko, profesionalak edo amateurrak direla ere; % 20,1ek ere gogoeta pertsonalak idazten ditu sare sozialetan, eta % 18,2k beste autore batzuen material artistiko edo kulturala partekatzen ditu.

Grafikoa. Kultura-praktika digitalen intzidentzia-maila biztanlerian azken hiru hilabeteetan (%)

Bestetik, ikusi da kultura-edukia duten plataformak aurrera doazela. Biztanleriaren % 25,2k kontu bat dauka kultura-edukia duen plataforma digitalaren motaren batean. Hirutik bik ordainketa-kontu bat daukate, batez ere banakoa. % 81,1ek kontu bat dute filmen eta sailen plataforma batean, % 63,8k musika-plataforma batean eta % 6,9k liburu digitalen plataforma batean.

Euskarazko parte-hartze kulturala

Azkenik, inkestak euskarazko parte-hartze kulturala neurtu du. Horretarako, abiapuntu moduan, azterlanak jaso du, azken datu soziolinguistikoetan oinarrituta, euskaldun kopurua jaitsi egin dela Iparraldean (% 25,9tik % 21, 8ra; gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez, pentsatzekoa da hurrengo inkestan kopurua haztea, 15 urtetik gorako laginean sartuko baitira gaurko haurrak). Lurraldeen arabera, aldeak oso nabarmenak dira (Zuberoan, % 51,6 dira euskal hiztun; Nafarroa Beheran, % 50; eta Lapurdin, % 16,6). Hala ere, euskarazko kultur kontsumoa sendo mantentzen da eta praktika batzuetan nabarmen igo da.

Euskal hiztunen euskarazko kultur praktikei erreparatuz, oso agerikoa da euskarazko musikak duen pisua: Ipar Euskal Herriko euskal hiztunen % 94k euskarazko musika taldeak entzuten ditu maiz edo eskuarki (orain dela 10 urte baino 7 puntu gehiago; EAEn euskal hiztunen % 83,5ek entzuten du euskarazko musika). Horrez gain, azpimarratzeko da nola hazi den euskarazko antzerkira joaten direnen kopurua (% 22,6tik % 38,9ra) eta bertso saioetara joaten direnak (% 8,6tik %24ra). Euskarazko irakurketa, berriz, bere horretan mantentzen da, eta euskarazko zinemari dagokionez, igoera nabarmena dago (% 0,6tik % 4,1era), nahiz eta zenbatekoa oso apala den. Hala ere, egin den galdera honako hau izan da: ‘Zer hizkuntzatan ematen dira zineman ikusi ohi dituzun filmak -azken 12 hilabeteetan-?’. Hala ere, Ipar Euskal Herriko euskal hiztunen % 38,6k nahiago du filmak euskaraz ikustea.

Grafikoa. Euskarazko kultura-praktiken bilakaera 2008tik 2018ra bitartean, euskal hiztunen artean (%)

Gizarte guztiari erreparatuz, datuek erakusten dute hizkuntza ulertzeak erabat baldintzatzen duela euskarazko kultur praktiketan parte-hartzea. Dena dela, nabarmentzekoa da Iparraldeko biztanleria osoaren artean euskarazko musikak duen pisua.

Grafikoa. Euskarazko kultura-praktiken bilakaera 2008tik 2018ra bitartean, biztanleria osoaren artean (%)

Azkenik, euskal hiztunek euskaraz nabigatzeko ohitura dute. Internetera erregularki sartzen direnen % 26,6k entzuten du euskarazko musika. Portzentaje hori hirukoitza da euskal hiztunen kasuan (% 73,2).

Txosten osoa, hemen.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)