Berriak Osasuna
Eu

Gripeak lehen aldiz gainditu du atalase epidemikoa Euskadin

2019.eko abenduak 18
  • 100.000 biztanleko 59,7 gripe-kasu erregistratu dira, eta 81 ospitaleratzeren berri eman da
  • Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute oraindik arrisku-taldeetan dauden pertsonek txertoa jaso dezaketela

 

            Euskadiko gripe-jarduerak lehen aldiz gainditu du atalase epidemikoa: 52,6 kasu 100.000 biztanlekoa dena. Zainketa Epidemiologikoaren-Mediku Jagoleen Sarearen azken txostenaren arabera, aste honetako intzidentzia-tasa Euskadin 59,7 kasukoa izan da 100.000 biztanleko, aurreko astearen bikoitza baino gehiago, nahiz eta txikia izaten jarraitzen duen. Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute arrisku taldeak, nagusiki 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak edo haurdun dauden emakumeak, oraindik garaiz daudela txertoa hartzeko, kanpaina martxan baitago abenduaren 31ra arte.

            Gripea, populazio osasuntsuan gaixotasun onbera den arren, konplikazioak eragin ditzake aipatutako arrisku taldeetan. Izan ere, orain arte, 81 lagun ospitaleratu behar izan dituzte; horietatik 25ek larritasun irizpideak betetzen zituzten. Gainera, hiru pertsona hil dira; guztiek arrisku-faktoreak zituzten edo 64 urte baino gehiago zituzten. Osakidetzako osasun zentroetan ere nabaritzen hasi da gripea. Abenduaren 9tik 15era bitartean, gripe sindromeagatik 626 kontsulta artatu ditu Lehen Mailako Arreta sareak.

            Osasun Sailak eta Osakidetzak txertaketaren garrantzia azpimarratu dute, gripeari aurre egiteko eta gaixotasun hori kutsatzearen ondorioz osasunean konplikazioak saihesteko neurririk eraginkorrena den aldetik. Txertoa jarrita ez duten arrisku-taldeetako pertsonei gomendatzen diete osasun-zentrora joan daitezela txertoa hartzera, datozen asteetan gripearen eragina handitzea aurreikusten baita.

 

GOMENDIOAK

            Sintomarik izanez gero, gripeak ez du tratamendu espezifikorik, eta, beraz, atsedena hartzea, sukarra eteteko likido ugari eta antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak irauten badu, medikuari galdetu beharko diogu.

            Era berean, azpimarratu behar da gaixotasun birikoa dela eta antibiotikoak ez direla eraginkorrak (kasu oso zehatzetan baino ez dira hartu behar, eta beti medikuak aginduta), eta, aldi berean, gomendagarria da, transmisio- eta kutsatze-indize handia duenez, higiene-neurri prekautorioak hartzea, hala nola eztul edo doministiku egitean ahoa sudurrarekin edo besoarekin estaltzea edo eskuak maiz garbitzea edo zapiak erabiltzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau