Eu

BEAren eta Tuvisako autobus flotaren kotxetegiek 52.000 metro karratuko gunea hartuko dute

2019.eko abenduak 18
  • Eusko Jaurlaritzak eraikuntza proiektuaren idazketa amaitu du eta Vitoria-Gasteizko Udalari eman dio
  • Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak batera finantzatuko dute BEAren Karga Unitate Funtzionala. 5,6 milioi euroko aurrekontua du eta 8 hilabete beharko dira egiteko
  • Proiektuak 2 fase aurreikusten ditu, eta bi jarduketen aurrekontua 23,5 milioi euro ingurukoa da

Autobus elektriko adimendunaren (BEA) eta Gasteizko Tuvisako autobus flotaren kotxetegiek 52.000 metro karratu inguru hartuko dituzte. Horiek dira bi jarduketen eraikuntza proiektuek jasotzen dituzten datuetako batzuk. Euskal Trenbide Sareak, proiektu horiek idazteaz arduratu den Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen erakunde publikoak, Euskadiko hiriburuko Udalari eman dizkio. Bi esku-hartze horiek 23,5 milioi euroko aurrekontu bateratua dute.

2018ko maiatzaren 10ean, “Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmena, Vitoria-Gasteiz hirian BEA ezartzearen osagarritasunari buruzkoa” izenekoa sinatu zen. Hitzarmenaren xedea hiri-garraio publikoan elektrifikazioa ezartzeko jarduketa osagarriak sustatzea da, hiriari BEA sistema hornitzeko:

  • E.A. sistemaren karga geldo sistema jasoko duten kotxetegien eraikuntza proiektua idaztea
  • Latinoamerika plazaren inguruko errepide sistema Tuvisako egungo linearen beharretara eta funtzionaltasunera eta Latinoamerika plazatik igaroko den B.E.A.-ren etorkizuneko lineara egokitzeko eraikuntza proiektua idaztea.

Bi eraikuntza proiektuak idazteko aurreikusten den kostua 960.000 €-koa da (BEZ barne), eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko ditu osorik.

Kotxetegi proiektua

BEArako eta hiriko autobus flotarako kotxetegien eta tailerren eraikuntza faseka egingo da. Lehenengo faseak autobus adimendunaren Karga Unitate Funtzionalerako beharrezkoak diren instalazioak jasoko ditu. Jarduera hori abian jartzeko, 3 erakundeak osagarritasun-hitzarmenaren xehetasunak amaitzen ari dira, proiektua finantzatzeko, eta horri esker, 2020an Vitoria-Gasteizko Udalak obra lizitatu ahal izango du. 5.599.926 €-ko aurrekontua eta 8 hilabeteko egikaritze-epea ditu.

Gaur egun udal haztegiak dauden Udalaren jabetzako lursailean egongo diren 52.000 m2etatik, 16.000 m2 BEAren Karga Unitate Funtzionalerako izango dira, autobus elektriko adimendunaren eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den azpiegitura barne. Instalazioek 13 autobus elektrikoentzat aparkaleku plazak eta dagokien markesina, tailer mekanikoa, unitateak garbitzeko tokiak, aldagelak, perimetro-itxitura eta urbanizazioa izango dituzte.

Ondorengo fase batean, Gasteizko Udalak Tuvisako kotxetegien, tailerren eta eraikin administratibo berriaren eraikuntzari ekingo dio lursail berean. Instalazioek bulegoak eta aldagelak izango dituzte, bi solairutan banatuta. Guztira 1.878 m2-ko azalera hartuko dute. Horrez gain, 1.213 m2-ko biltegia eta 2.884 m2-ko tailerra izango dituzte, eta horietan BEAren mantentze-lanetarako eremuak aparte egongo dira. Garbiketarako eremuak berberak izango dira autobus guztientzat, eta 1.858 m2 hartuko dituzte. Nasa gune estaliak 110 autobus hartuko ditu guztira, eta etorkizunean flota osoa elektrifikatuko dela kontuan hartuta, 10.029 m2-ko markesina bat izango du. Bertan panel fotovoltaikoak instalatuko dira energiaren eraginkortasuna hobetzeko.

Oinezkoentzako eta bezeroentzako arretarako sarbidea Juan Crisostomo de Arriaga kaletik egingo da, eta autobusak Zadorra etorbidetik sartuko dira, hurbilen dauden etxebizitzetatik autobusen zirkulazioa urrunduz. Azpiegitura horren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17.895.628 eurokoa da, eta egikaritze-epea 9 hilabetekoa.

Latinoamerika

Latinoamerikako Eraikuntza Proiektua idaztea ETS erakunde publikoari agindu zaio. Erakunde hori kanpoko laguntza teknikoaren laguntzarekin ari da egiten. Eraikuntza proiektua idazteak izango duen kostuaren hasierako aurreikuspena 596.893 eurokoa da (BEZ barne).

Hori guztia Udalarekin lankidetza estua izanda ari dira gauzatzen, eta Jarraipen Batzordea ere horren jarraipena ari da egiten. Eraikuntza Proiektua 2020ko udaberrian amaituta egotea dago aurreikusita. Ondoren, aipatutako Osagarritasun hitzarmenaren bigarren klausularen arabera, Vitoria-Gasteizko Udalari emango zaio.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak