Berriak Hezkuntza
qrcode

Cristina Uriartek eta Maite Alonsok Gasteizko Barrutia ikastetxe publikoa bisitatu dute, Magnet-Erakarri programaren baitan

2019-12-18
  • "Euskara ardatz, artea bide" lelopean, Gasteizko Barrutia ikastetxe publikoa Magnet-Erakarri programan ari da parte hartzen, Artium Museoarekin lankidetzan
  • Ikastetxeak eta museoak elkarrekin antolatzen dituzten jardueren helburua da ikastetxea dinamizatzea, biziberritzea eta prestigiatzea, era horretan eskola bere ingurunerako erreferentzia bihurtzeko

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin batera, Gasteizko Pedro Ignacio Barrutia ikastetxe publikoa bisitatu du gaur goizean. 2019-2020 ikasturte honetan, Hezkuntza Sailak bultzatutako Magnet-Erakarri programan murgildu da ikastetxe hau. Sailburuak, ikastetxeko zuzendaritza-taldearen eskutik, ikasturte honen hasieratik aipaturiko programaren barruan ikastetxea egiten ari diren lana eta hezkuntza-jarduerak ezagutu ahal izan ditu. Hezkuntza proiektu berritzailea eta erakargarria da, eta artea da curriculuma garatzeko oinarrietako bat. Izan ere, Barrutia zentro publikoa izen handiko erakunde batekin elkarlanean, Artium Museoarekin, ari da garatzen ekimen hau, baliabideak zein helburuak partekatuz.

"Euskara ardatz, artea bide" goiburuarekin, ikastetxeak eta museoak elkarlanean dihardute zenbait jarduera garatzen, betiere artearen, sormen-baliabide hau irakaskuntzarako tresna metodologikotzat hartuta. Honako hauek dira helburuak: alde batetik, hezkuntza-proiektu erakargarri bat diseinatzea, ikastetxea bere ingurunerako erreferente izan dadin; eta, bestetik, ikasleen emaitzak etengabe hobetzea, beren eremu sozialean, pertsonalean eta akademikoan pertsona trebe eta jantziak izan daitezen.

Bisita amaiturik eta Barrutia ikastetxearen esperientzia ezagutu ondoren, Uriarte sailburuak azaldu du “Magnet-Erakarri programaren lehen urratsak norabide onean doaz. Ikastetxe honen eta hezkuntza komunitatearen inplikazioa eta ilusioa ikusten ditut”. Hezkuntza Sailak programa hau abian jartzean izan duen helburua zein den ere azaldu du sailburuak. “Proiektu hau martxan jarri genuenean, argi genuen helburua: ikastetxeak dinamizatzea, biziberritzea eta prestigioa ematea. Ikastetxeak euren ingurunerako erreferentzia bihurtzea, auzora zabalduz, hezkuntza-proiektu erakargarri batekin”. Azkenik, Uriarte sailburuak Artium Museoari eta Gasteizko Udalari ere eskerrak eman dizkie, programa honekiko erakutsi duten borondate eta inplikazioagatik.    

Artea bide

Barrutia ikastetxe publikoan martxan jarritako esperientzia berritzailea irailean hasi zen lehen pausoak ematen, ikasturtea hastearekin batera. Orain arte egindako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Ikasturte hasieratik Gorputzaldiak izeneko esperientzia lantzen ari dira adin guztietako ikasleekin. Jolasaren, musikaren eta gorputz-adierazpenaren bidez, hainbat balio lantzen dituzte haurrek, hala nola, enpatia, konfiantza edo sentsibilitatea.
  • Hitzen tailerra: Nerea Lekuona artistarekin "hitzen tailerra" egin dute. Hitz bakar batekin, desio bat edo eskolan gehien gustatzen zaiena adierazi zezatela eskatu zitzaien ikasleei. Horretarako, aldez aurretik, honako gai honi buruz hausnartu zuten: Nolakoa nahiko nuke izatea nire ikastola? Tailer honen emaitza, sarrera nagusian jarri diren banderolak dira. Maitasuna, lagunak, enpatia, etorkizuna, irakasleak edo errespetua hitzak agertu dira, besteak beste. Gurasoek ere heurei zuzendutako hitzen tailer batean parte hartzeko aukera ere izan dute.
  • Jon Ander Sanchez Rexach eta Antton Goikoetxea musikarien laguntzarekin, ikasleek musika elektronikoarekin esperimentatzeko tailerrak egin dituzte, jarrera ireki eta esperimental batetik abiatuta, musika egiteko hainbat modu esploratzeko helburuarekin. Sintetizadore, erritmo kutxa, mikrofono, bonbo eta danbor elektronikoen artean, ikasleek euren musika lanak egin eta grabatu dituzte, taldean.
  • Jorge Moneo Quintana eta Ricardo del Conde zinemagileen laguntzarekin, "Ni, Gu, Hau, islak" dokumental poetikoa sortu dute, taldekideen erretratu gisa. Dokumental hau egiteko, fotogramak eta filmak aztertu dituzte, entzumena eta begirada landu dituzte, ispiluetan giza gorputzaren islekin jolastu, azkenik norberaren eta lankideen erretratua den dokumental poetikoa osatzeko.

Gaur arratsaldean, Pedro Ignacio Barrutia Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta Artium Museoak elkarrekin garatzen ari diren hezkuntza proiektua aurkeztuko diote hezkuntza komunitateari, Gasteizko museoaren egoitzan egingo duten ekitaldi irekian.

Magnet-Erakarri Programa

Hezkuntza Sailak, 2019-2020 ikasturte honen hasierarekin batera, Magnet-Erakarri programa jarri du abian Euskadiko lau ikastetxe publikotan. Gizarte-aniztasun handia duten eta, zenbaitetan, inguruko familientzat erakargarri gertatzen ez diren ikastetxeei zuzendutako ekimena da. Ekimen hori Gasteizko Barrutia ikastetxe publikoan ez ezik, hiri horretako Angel Ganivet ikastetxean, Bilboko Basurto Ikastetxean zein Elgoibar ikastetxean ere ari dira gauzatzen.

Ekimen honen asmoa da, ikastetxe horiek dinamizatu eta biziberritu, eta horiei prestigioa ematea, ospe eta izen handiko zenbait erakunde lagun dituztela. Ikastetxeak, erakunde horiekin batera, beren inguruan erreferentzia izango diren ikastetxe bihurtzeko arituko dira lanean. Ikastetxeak eta erakundeak indarrak batuko dituzte hezkuntza komunitatearen alde. Lankidetzan arituko diren erakundeen artean daude, Artium Museoa bezala, Makina Erremintaren Institutua (IMH), Makina Erremintaren Fabrikatzaileen Elkartearekin (AFM) batera, edo EiTB.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)