Eu

Iñaki Arriola: “Aguraingo araztegi berriak Euskadiko isurketa-puntu problematikoenetako bat konponduko du”

2019.eko abenduak 18
  • URA Uraren Euskal Agentzia exekutatzen ari den obrak 6,3 milioi euroko aurrekontua du eta 24 hilabeteko egikaritze-epea

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta URAren zuzendari nagusi Ernesto Martinez de Cabredok, Aguraingo alkate Ernesto Sainz Lancharesekin batera, Uraren Euskal Agentzia Arabako herri horretan eraikitzen hasi den hondakin-uren araztegiaren (HUA) obrak bisitatu dituzte.

Hiriko hondakin-uren araztegi berriaren eraikuntzak 6.350.000 euroko aurrekontua eta 24 hilabeteko egikaritze-epea ditu. Epe horretan sartuta daude URAk instalazioa martxan edukiko duen 6 hilabeteak, araztegi hori etorkizunean uraren zikloaren kudeaketa aurreratu bat emateko Araban sortutako partzuergoan barne hartzeko asmoz Aguraingo Udalari laga aurretik.  

Arriola sailburuaren hitzetan, araztegi berriaren instalazioek “Euskadiko isurketa-puntu problematikoenetako bat konponduko dute”. Arriolak gogoratu du egungo araztegiaren funtzionamendu eskasaren ondorioz, Zadorra ibaira askotan hondakin kutsagarriak iritsi direla, eta esan duenez “behar bezala kudeatzen bada, araztegi berriari esker halako isurketak berriro gertatzea ekidingo da”.

Araztegiak ekaitz-tanga bat izango du. Tanga horri esker, prezipitazio handiak gertatzen direnean, hondakin-urekin nahasten diren euri-uraren emari handiak geldiarazi ahal izango dira, araztu gabeko urak ibai-ibilgura isurtzea eragotziz. Instalazio horrek berme handiagoa emango dio ingurune bereziki sentikor bati —Zadorra ibaiaren goialdeko ibaibidea—. Izan ere, bertako urak Uribarriko urtegira, Autonomia Erkidegoko hornikuntza-iturri nagusira. iristen dira.Gainera, hiru faseko —aurretratamendua, bigarren mailako tratamendua eta hirugarren mailako tratamendua— tratamendu sendotu bat gehituko du, tratatutako urak ibaiaren ibilgura ahalik eta kalitate handienarekin itzuli ahal izateko.

HUAren diseinuari esker instalazioak 33.825 pertsonen baliokidea izango den populazioak sortutako hondakin-urak tratatu ahal izango dira. Era horretan, udalerriak eta bere industrialdeak gaur egun dituzten premiei erantzuteaz gain, etorkizunean gauzatu daitezkeen hirigintza- eta industria-garapenen tratamenduari edo beste udalerri batzuetako hondakin-urak bertara eramateari erantzuteko gai izango da.

Halaber, araztegi berria diseinatu da, arroko emarien urtarokotasunaren aldakortasuna kontuan hartuz, arazketa-prozesuen errendimenduetan inolako eragin negatiborik izan gabe.

Araztegi berria abian jarri arte, Udalak indarrean dagoen baimenean finkatutako isurketa-baldintzak betetzen direla ziurtatuko du.

Kudeaketa profesionala

Arriola sailburuak azpimarratu du “Agurainen Zadorra ibaia egoera onean egoteko, azpiegituren ustiapen soiletik edo instalazioak mantentzetik haratago joango den uraren hiri-zikloaren kudeaketa beharrezkoa dela; horretaz gain, uraren hiri-zikloaren ingurumen-iraunkortasuna, iraunkortasun teknikoa eta ekonomikoa hartu beharko dira kontuan".

Bestalde, URAren zuzendari Ernesto Martinez de Cabredok gogoratu du, Arabako ibaien egoera ekologiko ona lortzeko, kudeaketa-erakundeen profesionalizazio teknikoa eta dimentsionatze egokia lortu behar dira, honako hau gaineratuz: “kudeaketa-erakunde txikiek ahaleginak bateratu behar dituzte, Arabako lurralde historikoan ere erakunde handiago bat eratzeko. Bateratze horrek kostuak murriztu eta uraren tarifak orokortuko lituzke”.

Aguraingo araztegi berria Uraren Euskal Agentziak eta Arabako Foru Aldundiak sinatutako Azpiegitura Hidraulikoei buruzko Esparru Akordioaren (2017-2017) proiektu nagusietako bat da. Akordio horren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 50 milioi euroko inbertsio globala egingo du Arabako Lurralde Historikoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak