Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko VTC zerbitzuaren baldintzak arautzen dituen dekretua onartu du (Gobernu Bilera 2019-12-17)

2019-12-17
  • Dekretua Euskal Herriko Aldizkarian argitaratuko da ostiral honetan, eta biharamunean, abenduak 21, sartuko da indarrean
  •  Eusko Jaurlaritzak udalekin eta foru-aldundiekin koordinatuko ditu lurreko garraioa antolatzeko gaietan indarrean den araudia betetzeko ikuskaritza- eta kontrol-lanak

Eusko Jaurlaritzak “argi berdea” eman dio Euskadiko VTC zerbitzuaren baldintzak arautzen dituen dekretuari. Beharrezko izapide guztiak bete ondoren, araudiak Euskadiko askotariko administrazio mailen oniritzia jaso du (udalena zein foru-aldundiena), eta Euskadiko taxien eta VTCen mahai sektoriala bat dator harekin.

4 artikulu-puntu dituen testu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da datorren ostiralean, abenduak 20, eta biharamunean, larunbatean, abenduak 21, sartuko da indarrean.

Beraz, larunbat honetatik aurrera, Eusko Jaurlaritzak udalekin eta foru-aldundiekin koordinatuko ditu lurreko garraioa antolatzeko gaietan indarrean den araudia betetzeko ikuskaritza- eta kontrol-lanak; hartara, VTCen sektoreak araudi berriaren edukiak betetzen dituela bermatuko da.

Dekretuaren xedea eta helburua da gidaria duten ibilgailuen alokairu-jarduera ustiatzeko baldintza batzuk arautzea eta kontrolatzea, aurrekontratazio, zerbitzu-eskaera eta bezeroak eskuratzeko moduen inguruan; baldintza horiek Euskal Autonomia Erkidegoan osorik emango diren zerbitzuei aplikatuko zaizkie.

Dekretuak gaikuntzarako esparru hau hartuko du oinarri: uztailaren 30eko 16/1987 Legea, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzkoa, aldatzen duen irailaren 28ko 13/2018 Errege Lege Dekretuko lehen xedapen gehigarria. 

Dekretuaren ezaugarriak 

  • Zerbitzuak nahitaez aldez aurretik kontratatu behar direla zehazten du.
  • Aldez aurreko kontratazioaren baldintzak zehazten ditu. Alokairu-eskaera egiten denetik zerbitzua eraginkorki erabiltzen hasi arte, gutxienez 30 minutu igaro behar dira nahitaez.
  • VTCak ezingo dira inolaz ere bide publikoetatik ibili bezeroen bila, ezta zerbitzurik gabe zain geratu ere bigarren ilaran edo hiri barruko lekuetan pertsona bidaiariak eskuratzeko, aipatu bezala gutxienez 30 minutu aurretik zerbitzurik kontratatu edo eskatu ez bada.
  • Baimendutako ibilgailuak ezingo dira interesatuentzat geolokalizatuta egon nahieran erabiltzeko. Dekretuak zehazten duenez, ibilgailuok ez dira ikusgai egongo kanpoko geolokalizazio-sistemetan edo beste aplikaziotan balizko erabiltzaileei kokapen zehatza emateko eta zuzeneko transakzio bat egiteko moduan, enpresari aldez aurretik eskaerarik egin gabe; izan ere, enpresak bakarrik jakin behar du uneoro bere ibilgailuak non dauden.

Sektoreko eta Euskadiko administrazioen arteko lankidetza 

Gaur “argi berdea” eman zaion dekretua Taxiaren eta VTCen Mahaiaren arteko lankidetzaren fruitua da. Beste autonomia-erkidegoen arteko istilu eta gatazkak ez bezala, Euskadin bi negozio-ereduok elkarrekin lan egin dute Euskadin aplikatzeko araudi bat prestatzen, horrekin bilatuz indarrean den araudian oinarrituz sektoreko jarduera modu eraginkorragoan eta antolatuan arautzea, betiere, une honetako errealitate guztiei erreparatuz.

Lan hori, batez ere azken urte eta erdian, zorroztasun eta gardentasun handieneko giroan egin da. Esparru bat ezarri da administrazioak Euskadin VTCen jarduera arautzeko dekretua presta dezan, indarrean den araudiaren betekizun guztiei lotuz. Horren emaitza araudi proportzional hau izan da, zuzenbideari atxikia eta gizartearen interes orokorra segurtatzen duena.

 TM·97 Esparru bat ezarri da administrazioak Euskadin VTCen jarduera arautzeko dekretua presta dezan, indarrean den araudiaren betekizun guztiei lotuz. Horren emaitza araudi proportzional hau izan da, zuzenbideari atxikia eta gizartearen interes orokorra segurtatzen duena.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko