Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak lan eskaintza publiko berria iragarri du; 3.103 plaza izango ditu (Gobernu Bilera 2019-12-17)

2019.eko abenduak 17
  • Azken bi urteotan sortutako lanpostu hutsez gainera, 2018-2019ko LEPak beste 953 plaza berri barne hartzen ditu, Euskal Osasun Zerbitzuak plantilla gehiago handituko duelako 
  • Lanpostu berrien bidez, laguntzarako dagoen eskari handiagoari erantzun nahi zaio; halaber, zerbitzu eta azpiegitura berriak irekitzeari ere erantzun nahi zaio, eta hori Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkorraren eta kalitatekoaren alde duen konpromisoaren erakusle da 

Gobernu Kontseiluak Osakidetzaren 2018-2019ko LEParen deialdia onetsi du; 3.103 plaza izango ditu. Azterketek ia lanbide-kategoria guztiak barne hartuko dituzte, eta 2020an hasiko dira; datozen hiru urteotan egingo dira. Eskainitako plazen artean, azken bi urteotan sortutako lanpostu hutsez gainera, beste 953 plaza berri sortu dira, “Osakidetzaren historian egingo den plantilla areagotzerik handienaren ondorioz”.

Nekane Murga Osasun sailburuak esan du deialdi berri hori Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkorraren eta kalitatekoaren alde duen konpromisoaren beste adierazgarri bat gehiago dela.

Gaurko deialdia iragarri du Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkorraren eta kalitatekoaren alde duen konpromisoaren beste adierazgarri bat gehiago dela. 2018-2019 LEPak 3.103 plaza izango ditu, eta honela banatzen dira:

  • 1.083 plaza berrezarpenekoak, 2018koak, 2017an erretiratu edo hil direnei dagozkienak.
  • 1.067 plaza berrezarpenekoak, 2019koak, 2018an erretiratu edo hil direnei dagozkienak.
  • Eta, azkenik, sortu berri diren beste 953 plaza barne hartuko dira. Plaza horien bidez, egonkortze-tasari erantzuten zaio.

Plaza berri horiek sortzearen helburua da osasun-arloan dagoen gero eta eskari handiagoari erantzutea, bai eta belaunaldi-txandakatzerako beharrari ere, zerbitzu eta azpiegiturak abian jartzea eta inpaktu handiko plan eta proiektuei ekitea. Berehalakoen artean, Lehen Mailako Arretarako Estrategia, Euskadiko Plan Onkologikoa, Zainketa Aringarrien Plana edo C Hepatitisari Arreta Emateko Estrategia daude; “haiek prestakuntza eta trebakuntza egokia duten profesionalak behar dituzte”, proiektu horiek egoki zabaltzeko.

Plantilla areagotuz, Osakidetzako egitura-plantillan 26.543 langile izatetik 27.496 izatera igaroko da. Horrek esan nahi du behin-behinekotasuna % 4 murriztuko dela.

Osakidetzan orain arte egin den plantillaren areagotze handiena izango da, baita Urdulizko Ospitalea ireki zenean eginikoa baino handiagoa ere; orduan 700 lanpostu berri sortu ziren.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko