Berriak Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak

Energiaren Euskal Erakundeak eta Nortegasek gas naturalaren adimendun sareen Europako lehenengo irtenbide integrala bultzatu dute

2019.eko abenduak 16
  • Nortegasek eta EEEk sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker, Bidegas jarri da martxan, instalazioen segurtasuna eta gas naturalaren kontsumoaren eraginkortasun energetikoa hobetzea ahalbidetuko duen irtenbide integrala.
  • Nortegasek 1.000 kontagailu adimendun jarriko ditu Ugao-Miraballesko Udalaren laguntzari esker. Horrela, kontagailuen titularrek une oro kontrolatu ahalko dute kontsumoa eta aldi berean, denbora errealean monitorizatu ahalko da bezeroen instalazioen segurtasuna”.

Energiaren Euskal Erakundeak eta Nortegasek lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, Euskadin sare adimendunak sustatzeko xedez. Hitzarmen horren baitan sortu da Bidegas, apurka-apurka Euskal Autonomia Erkidego osoan kontagailu adimendunak jartzen joatea ahalbidetu lezakeen proiektua. Ugao-Miraballesen gauzatuko da lehenengo esperientzia.

Nortegasen sare adimendun berriak elektronika- eta telekomunikazio-elementuak ditu, gas naturala hornitzen duten konpainiei zein bezeroei funtsezko informazioa emateko aproposak direnak. Horrela, kontsumoa modu eraginkorragoan eta seguruagoan kudeatu ahalko da eta horniduraren kalitatea eta bezeroei eskaini beharreko zerbitzua hobetuko ditu.

Nortegaseko kontseilari delegatuak, Javier Contrerasek, proiektu honek izandako bilakaerarekin pozik dagoela eta bere ustez “Nortegasentzat oso itxaropentsua dela” adierazi du, “guk dihardugun inguruan hartutako konpromisoa indartzen duelako eta hala, instalazioen segurtasuna eta eraginkortasun energetikoa nabarmen hobetzen laguntzen duelako, horiek izanik gure konpainiaren ADNan daramatzagun bi helburu. Eta hauek, zalantzarik gabe, berri onak dira guztiontzat”. Bestalde, Contrerasek azaldu du “konpainia berrikuntzarekin guztiz konprometituta dagoela, etorkizun eraginkorragoa izateko bidea errazten duten irtenbideak bultzatzeko, etorkizunean gas naturala izango baita trantsizio energetikoaren gakoa. Eta proiektu honek helburu hori lortzeko bide onetik goazela erakusten du”.

Ugao Miraballesko alkateak, Ekaitz Mentxakak, “gas-zerbitzuaren kudeaketa hobetuko duen sistema digital honen ezarpen digitala, zalantzarik gabe, Ugao-Miraballeserako oso berri ona dela” azpimarratu du. “Ugaotarrak zaintzearen eta haien segurtasunaren alde egitea da Udalaren jardun politikoa markatzen duten lehentasun handienetako bat. Guk badakigu garapen teknologikoa funtsezkoa dela zenbait sektoretan, energiaren sektorean, esaterako. Teknologiak bizitza errazteko balio du eta jarduketa honek, eraginkortasunaren alde eta zerbitzuaren kalitatea hobetzearen alde egiteaz gain, Ugao-Miraballesko etxebizitzen segurtasuna indartzeko ere balio digu”.

Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusiak, Iñigo Ansolak, “energiaren kontsumo eraginkorra lortzea ahalbidetzen duten” teknologietan aurrera egitearen garrantzia azpimarratu du eta zehazki, gas naturalaren kasuan, kontagailu adimendunak eta “kontsumoaren segurtasuna eta kontrola bermatzen duten” sistemak planteatu ahal izatea aurrerapauso handia dela adierazi du. Gas naturalak Euskadin duen garrantzia ere gogora ekarri du Ansolak, “beste energia-eredu bat lortzeko trantsizio-energiaren iturri delako eta garrantzitsua delako ahalik eta kontsumo eraginkorrena egitea”.

Nortegasek proba pilotu bat abiarazi du Ugao-Miraballesen. Lau hilabetetik sei hilabetera bitarteko iraupena izango du eta epe horretan, udalerri horretako bizilagunak izango dira Europa mailan gas-sare adimendunak erabiltzearen lehenengo onuradunak.

Hala, proba pilotu honetan, Nortegasek udalerriko titular bakoitzaren gas naturalaren kontagailua kendu eta haren ordez kontagailu adimenduna jarriko du, doan. Horrela, konpainia hornitzaileak informazioa jasoko du denbora errealean, bezeroen instalazioetan esku hartzeko beharra edo balizko arrisku-egoerak berehala hautemateko.

Gainera, instalazio motaren arabera, Nortegasek metano-sentsoreak eta/edo karbono monoxidoaren sentsoreak jarriko ditu etxebizitzetako sukaldeetan, balizko gas-ihesak eta galdararen errekuntza desegokia hautemateko xedez.

Azkenik, mugikorreko aplikazio sinple baten bitartez, bizilagunek Nortegasekin bi norabidetan komunikatzeko plataforma izango dute. Alde batetik, aplikazioaren bitartez energia eraginkortasun handiagoz erabiliko dute, hobeto ezagutu eta kontrolatuko baitituzte haien kontsumoak; bestetik, jakinarazpen interesgarriak jaso ahalko dituzte, segurtasun gomendioak edo hurrengo ikuskapen-bisiten inguruko jakinarazpenak, esaterako. Amaitzeko, haien instalazioetan edo Nortegasen sarean izandako edozein gorabeheraren inguruko informazioa izango dute online, berehala eta xehetasun osoz.

Gorabehera horiek hautemateko, konpainiak gasaren eguneko gehienezko kontsumo-bolumenari lotutako alarmak programatu ahalko ditu, bezeroei has-horniduraren inguruko alarmen berri eman ahalko die eta urrutitik jardun ahalko du kontagailuaren balbulan. Azken hori gasaren kontsumoan anomaliak daudenean, (kontsignaren gaineko balioak, ihesen edo balizko arriskuaren frogak), instalatutako sentsoreek barrutian metanoa/CO dagoela antzematen dutenean edo beste zerbitzu horiek balbula horretan zerbait egin behar dutenean egingo litzateke.

Nortegasi buruz

Nortegas gasa banatzen duen bigarren operadorea da Espainiako merkatuan. Gaur egun milioi bat bezerotik gora ditu. Gas naturala eta PGL banatzen dizkie Asturiaseko, Kantabriako eta Euskal Autonomia Erkidegoko 383 udalerritan banatutako 8.000 kilometro baino gehiago dituen sare baten bidez.

Konpainiak Bilbon du egoitza eta operazio- eta lan-zentroak ditu lan egiten duen hiru autonomia erkidegoetan. Horietan lan egiten dute konpainia osatzen duten 250 langile inguruk.

Ugao-Miraballesi buruz

Nerbioi ibaiak eratutako haran estu batean dago Ugao-Miraballes, mendiz inguratuta. Arratia-Nerbioi eskualde bizkaitarraren baitan dago, Bilboko metropoli eremutik oso hurbil. 4,54 km2-ko azalera eta 4.124 biztanle dauzka. 1375ean sortu zen hiribildua, Ugaoko dorretxe zaharretik hurbil. Udalerria antzinako hiribilduaren hiriguneak osatzen du gehienbat, kale bakarrarekin eta urbanizatutako eremuekin, hirigune horren inguruan eraiki direnak. Gainera, baditu zenbait auzo: Udiarraga, Markio, Elosu, Astibi, Leitoki... Zerbitzuen sektorea gailentzen da udalerrian eta ondare historiko eta monumentalaren elementu garrantzitsuenak eta azpimarragarrienak lirateke Udiarragako Andra Mari eliza, San Bartolome Apostoluaren eliza, Hiru Hodietako Iturria, udaletxea eta Jane Jauregia, besteak beste. 

EEE-EVEri buruz

Eusko Jaurlaritzak 1982an sortutako energia-bulegoa da Energiaren Euskal Erakundea eta energia-arloan politika publikoak bultzatzea du helburu. Hiru hamarkada baino gehiagotan zehar, energia aurrezteko eta eraginkortasun energetikoa lortzeko politikak, energia berriztagarrien proiektuak eta irtenbide energetikoetan oinarritutako proiektuetan berrikuntza sustatzeko proiektuak bultzatu izan ditu. Hasiera-hasieratik, gasaren alde egin izan du, gasa biltegiratzeko eta banatzeko azpiegiturak sortuz eta baliabide propioak lortuz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ekaitz Mentxaka (Ugao-Miraballesko alkatea), Javier Contreras (Nortegaseko kontseilari delegatua)