Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Babes Komunitarioaren esperientzia aurkeztuko du Errefuxiatuei buruzko Lehen Mundu Foroan

2019.eko abenduak 16
  • Eusko Jaurlaritzak Errefuxiatuei buruzko Lehen Mundu Foroan parte hartuko du, Genevan, abenduaren 17an eta 18an
  • Foroa aukera bat da Nazio Batuak ekintza zehatzetan onetsitako nazioarteko erantzukizuna banatzeko printzipioa adierazteko

Jonan Fernández Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, asteon, topaketa horren lehen edizioan parte hartuko dute; topaketa ACNURek eta Suitzako Gobernuak antolatu dute eta Turkiak, Alemaniak, Etiopiak eta Costa Ricak deitu dute, Nazioen Jauregian, Genevan (Suitza).

Foroa Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak eta Filippo Grandi ACNURekoak inauguratuko dute, eta, hartan, gobernuak, nazioarteko erakundeak, tokiko agintariak, sozietate zibila, sektore pribatua, harrera-erkidegoetako ordezkariak eta errefuxiatuen beren ordezkariak batuko dira. Goi-mailako foro hori aukera bat da ekintza zehatzetara eramateko Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2018ko abenduaren 17an onetsitako Mundu Itunean adostutakoa. Gainera, jardunbide egokiak trukatzeko eta estatuetako gobernuek, eskualdeetakoek, hiriek, erakundeek eta harrera-erkidegoek garatzen dituzten harrera-ekimenen balioa nabarmentzeko espazio pribilegiatua izango da.  

Espero da Foroan eta haren ondoren Mundu Itunaren helburuetan aurrera egiteko ekarpen eta proposamen berriak iragartzea.

Esparru horretan, Eusko Jaurlaritzak espazioa izango du, Espainiako Gobernuarekin batera, Euskadin garatzen ari den Babes Komunitarioaren esperientzia aurkezteko; bertan, gainera, ACNURek, Cáritas Euskadik eta Jesulagunen Euskadiko Plataformak ere parte hartzen dute.

Proiektu pilotua pasa den martxoaren 26an jarri zen martxan, Euskadira bost familia eratzen dituzten 29 errefuxiatu iritsi zirenean; pertsona horietako 16 adingabeak dira. Pertsona horiek guztiak siriarrak dira, eta Jordaniatik (birkokatzea) zetozen. Euskadira iristean, bost boluntario-talde, “Babes Komunitarioko Tokiko Talde” izenekoak, haiei harrera egin eta bost euskal udalerritan (Bilbo, Arrigorriaga, Portugalete, Andoain eta Vitoria-Gasteiz) finkatzeaz arduratu ziren.

Eusko Jaurlaritzak gai horretan duen filosofia bi premisatan oinarritzen da: lehenik, konpromisoa eskatzea eta eskaintzea, eta, bigarrenik, erakundeen arteko eta gizarteko lankidetzarako espazioetarako bide ematea. Proiektu pilotu hori bi premisa horietan oinarritzen da.

Ekimen horren xede nagusia da errefuxiatuen inklusio zabalerako eta integralerako bide ematea, eta, halaber, errefuxiatuak eta harrera-gizartea prozesuaren protagonista izateko bide ematea.

Babes Komunitarioa

Babes Komunitarioa errefuxiatuen harrera- eta integrazio-prozesuetan herritarrek, GKEek eta beste talde batzuek duten autoantolaketan eta inplikazioan datza. Hala, herritarrak taldekatu egiten dira eta konpromisoa hartzen dute etxebizitzarako bide eman eta laguntza ekonomikoa, emozionala eta soziala eskaintzeko, ezarritako epe batean zehar, normalean, urtebetez.

Eredu horren bidez, kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetu daiteke errefuxiatuen harrera eta integrazioa. Babes Komunitarioa Kanadako esperientzian oinarritzen da. Kanadako Gobernuak berak Errefuxiatuen Babeserako Ekimen Globala (GRSI ingelesez) sustatu zuen, Nazio Batuen laguntzarekin, dagoeneko beste zenbait herrialdetan –besteak beste Brasil, Argentina, Irlanda, Alemania edo Erresuma Batua– ezartzen ari den eredu hori bultzatzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak