Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak balorazio positiboa egin du Europako Kontseiluak Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaren kudeaketari buruz egindako txostenaz

2019.eko abenduak 12

Gasteiz, 2019/12/12       

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak positibotzat jo ditu Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren inguruan Europako Kontseiluak jasotako gomendioak Europako hizkuntza gutxituen egoerari buruzko txostenean. Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi duenez, txostenak euskal administrazioan euskarari ematen zaion bultzada aitortzen du, eta, aldi berean, ahalegin handiagoa eskatzen dio Estatuko Gobernuari.

"Oro har, balorazio positiboa egin behar dugu. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, euskal administrazioen esku dauden konpromisoak bere osotasunean betetzen dira (lehen ere betetzen ziren), baina eremu ahulenetan ere aurrera egin da”, adierazi du Dobaranek. Era berean, "txostenak Iparraldeko erakundeekin eta Nafarroako Gobernuarekin dagoen elkarlana txalotzen eta azpimarratzen du", Euskaraldiaren inguruko lankidetza berariaz nabarmenduz.

Txostenak, era berean, komunikabideetan euskarari ematen zaion bultzada aipatzen du. Adituek positiboki baloratzen dute EiTBk egiten duen lana euskara sustatzeko. Hala ere, txostenak ahultasun gisa aipatzen du 2013 eta 2016 artean euskarazko egunkari bakarrari, Berriari, diru laguntzak murriztu izana; izan ere, hasierako txostena 2016ko datuen gainean egin zen. "Adituekin izandako bileran, ordea, euskal komunikabideekin lortutako akordioaren berri eman zen, eta hala jasotzen da eranskinean", azaldu du Dobaran sailburuordeak.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak adierazi du hobekuntza-puntuei dagokienez bi gomendio zuzen egiten zaizkiola euskal administrazioari:

  • Ertzaintzari dagokionez, txostenean jaso da aurreko ebaluaziotik hobekuntzak lortu direla Ertzaintzan euskararen erabilerari dagokionez. Beraz, Adituen Batzordeak Ertzaintzan euskarari emandako bultzada aitortzen du, nahiz eta ahalegin handiagoa egitea gomendatzen duen.
  • Bigarren gomendioak Osakidetzarekin du zerikusia, nahiz eta txostenak aitortzen dituen eman diren urratsak. Adituen arabera, Osakidetzak, hobera egin du euskararen erabilerari dagokionez. Txostenak jasotzen duenez, 2016an hizkuntza gaitasun nahikoa zuten langileen kopurua %34 zen; 2006an, berriz, %11. Gainera, Dobaranek adierazi duenez, adituen batzordeak aitortzen du osasun-erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko oinarrizko jarraibideak eta prestakuntza-moduluak bultzatu direla, eta aurrera egin dela erregistro klinikoen euskara-itzulpenean, bai eta laborategiko txostenen estandarizazioan ere.

Hala ere, Dobaranek azpimarratu du balorazioa ezin dela guztiz positiboa izan, txostenak berriz ere zalantzan jartzen baitu Estatuko Administrazioak euskararekiko duen inplikazioa. Hala, euskararen inguruan egiten diren premiazko bi gomendioak Gobernu zentralari zuzenduta daude:

  • Txostenak adierazten du beharrezkoa dela Botere Judizialaren Lege Organikoa aldatzea euskararen erabilera bermatzeko.
  • Adituen batzordeak Euskadin Estatuko Administrazioak euskararen erabilera sustatzeko beharra azpimarratu du.

"Hau ez da berria; ebaluazio txosten guztietan behin eta berriz errepikatzen diren gomendioak dira. Eta Espainiako Gobernuak ez ditu egoera aldatzeko beharrezko neurriak hartzen", adierazi du Dobaranek.

Europako Gutuna

Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna (Hizkuntzen Euroituna) 1992an onartu eta 2001ean berretsi zuen Espainiako Estatuak. Hiru urtez behin egiten du ebaluazioa Europako Kontseiluak. Espainiako Estatuari dagokionez, jadanik lau ebaluazio-txosten egin ditu Europako Kontseiluak (2005, 2008, 2012, 2016an), eta bosgarrena onartu zuen atzo, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak izan zuen bileran. Ebaluazio horretan daude jasota Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak Espainiako Estatuari egiten dizkion oharrak eta gomendioak: Adituen Batzordeak egindakoak (hauek Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak bere egin ditu), eta, gainera, lehentasun moduan kontuan har daitezen Ministroen Kontseiluak gomendioak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak