Berriak Hezkuntza
Eu

Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenen II. Jardunaldiak: abenduak 12 eta 13 Gasteizen

2019.eko abenduak 12

Gaur egun, Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenen programan 10 talde ari dira lanean; talde horiek elikadurarekin zerikusia duten eta herritarrengan eragina duten 38 erakundetako 86 pertsonak eratzen dituzte

Jardunaldi horiek Osasun Sailak antolatu ditu, eta gaur eta bihar izango dira, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian; eragileak eta proiektuak gehitzen jarraitzeko web-plataforma aurkeztuko da

Nekane Murga sailburuak Euskadin elikadura osasungarria finkatzeko gizarte-partaidetza defendatu du

 

Nekane Murga Osasun sailburuak, gaur, Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazioko eta Zerbitzuetako sailburuordearekin eta Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearekin batera, Euskadin Elikadura Osasungarriari buruzko II. Jardunaldietan parte hartu du,  Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Jardunaldietan, Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenen programan parte hartzen duten eta elikadurarekin zerikusia duten profesional, erakunde, eragile eta sektoreak batu dira.

Topaketarako foro bat da; bertan, Nekane Murga Osasun sailburuak nabarmendu du Osasun Saila buru duen Eusko Jaurlaritzaren programa horretan egin den elkarlaneko lana aukera ematen ari dela elikadura osasungarria sustatzeko planteatutako proiektuak egiteko, eta azpimarratu du elikaduran esku hartzen duten eta gizartearengan eragina duten eragile guztiek parte hartu behar dutela, elikadura osasungarriko ohiturak finka daitezen.

Hori da jardunaldien helburu nagusia, alegia, gizarte-eragile gehienen inplikazioa lortzea, konpromiso zehatzen eta proiektuen bidez Gobernuaren estrategiari batzeko; izan ere, Murgak nabarmendu duenez, “ohiturak aldatzeko gizarte osoaren ahalegina behar da”.

Horretarako, gaur web-plataforma berria aurkeztuko da, eta, haren bidez, eragile interesdunak ikusaraziko dira, Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenen helburuekin konprometituta egon eta haiekin bat datozenak, eta, horrela, atxikipenak eta proiektuak gehitzen joango dira.

Bestalde, Bittor Oroz sailburuordeak gogorarazi duenez, "Euskadik kalitate handiko produktuak ditu, bai itsasokoak bai lurrekoak, eta, azken batean, lehen sektore aktibo eta konprometitu bat du, eta sektore horren inplikazioa ezinbestekoa izango da Elikadura Osasungarriko Ekimenak sustatzeko". Gizarteak dieta pertsonalizatzeko eskatzen dituen produktuak dira, gazteenetatik hasi eta adineko pertsonetaraino, gehitu du.

Olatz Garamendi sailburuordeak, bestalde, Hezkuntzaren "funtsezko eginkizuna" azpimarratu du, euskal gizarte osoaren elikadura osasungarria lortzeko. Garamendik eskolako jantoki-zerbitzuaren arloan egindako ekintzetako batzuk nabarmendu ditu, eta gure garaiko erronka handiekin bat datorren prestakuntza baten alde egiten jarraituko dutela adierazi du.

 

365 EGUN GEHIAGO EUSKADIN ELIKADURA OSASUNGARRIA SUSTATZEN

Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenen programa duela bi urte hasi zen; orduan, helburuetara, inplikatutako eragileetara eta adierazleetara egokitutako planteamenduak egin ziren, eta, harrezkero, haiek ezartzen ari dira, elikagaien eskaintza hobetzeko eta herritarren kontzientziazioa, prestakuntza, hezkuntza eta, azken batean, ahalduntzea lortzeko, eskari arduratsuaren bidez eskaintza osasungarriagoak sustatzeko.

Gaur egun, proiektu horri heltzeko eta elikadura osasungarria sustatzeko, 10 talde ari dira lanean; talde horiek elikadurarekin zerikusia duten eta herritarrengan eragina duten 38 erakundetako 86 pertsonak eratzen dituzte.

Lantalde horiek hainbat ekintza garatu dituzte, besteak beste, eskola-sukaldeetan, Osakidetzan, banaketa-enpresetan, merkatuetan, elikadurako txikizkako enpresetan eta okintzako sektorean eginikoak. Baita vending osasungarriagoa lortzeko eginikoak ere, eta etiketa nutrizionalak hobetzeko berrikuspena edo elikadura-osagaien analisia. Horiek guztiek oso emaitza onak izan dituzte, eta honako hauek lortu dira:

  • ikastetxeetako eskola-menuak hobetzea
  • ikastetxeentzako, eskola-umeentzako eta familientzako materiala prestatzea (sukaldaritza erakargarri eta osasungarrirako aholku praktikoak, 8 eta 12 urte bitarteko eskola-umeak sustatu eta motibatzeko materiala)
  • kontsumitzaileari gatz gutxiagoko ogia eskaintzea
  • elikagai freskoen kontsumoa sustatzeko materialak prestatu eta zabaltzea
  • Osakidetzako zentroetan, 2 ikastetxetan, 2 aisia-zentrotan eta lan-zentro batean vendingen makina osasungarriagoak ezartzea, pixkanaka
  • osasun-arloko profesionalei laguntza emateko prestakuntza-programa prestatzea
  • elikadura-osagarriak kontsumitzeko ohiturak ezagutzeko inkesta egitea
  • merkatuan kontrako efektuak dituzten elikadura-osagarriak detektatu eta bertatik kentzea
  • elikagaien etiketa nutrizionalak eta analitikak berrikustea eta elikagaietan gatzaren edo azukrearen benetako konposizioa egiaztatzea.

2020RAKO EKIMENAK

Datorren urterako, garatzen joango diren ekimenen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: online prestakuntza, medikuntzako profesionalen, erizaintzako profesionalen, emaginen eta lehen mailako arretako pediatriako profesionalen % 100i zuzenduta, eta historia klinikoan erregistratuko dute esku-hartzea; eskola-adinerako elikadura osasungarrirako gida bat argitaratzea, bai eta curriculumeko irakasgaietan elikadurari buruzko edukiak lantzeko fitxak ere, ikastetxe interesdunetan banatuko direnak; ostalaritza-sektorearekin lan egingo da, menu osasungarrienen eskaintza hobetzeko; hartutako neurrien bilakaera balioesteko segimendu-sistema sortuko da.

Era berean, aurkeztutako atxikipen-ekimenen jardunbide egokiak sarituko dira, eta PIPERRA sariaren bidez aintzatetsiko dira. Helburua da izan duten arrakastagatik, eragin duten eraldaketagatik, gizarte-inpaktuagatik eta abarrengatik ikusaraztea merezi duten esperientzien balioa nabarmentzea, gizartean errepika daitezkeen adibide izan daitezen.

Nekane Murga Osasun sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak proiektu horrekin konpromiso irmoa duela, sortutako sarea sendotzeko eta elikadura osasungarriko ohiturak sustatzeko eta finkatzeko ezarritako helburuak lortzeko, euskal gizartearen osasuna hobetzeko asmotan.

Web orrialdea: https://bategin.alimentacionsaludable.eus/eu/

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak