
BAI SAREAk tresnak sortu ditu enpresek soldata-arrakala antzeman eta landu dezaten eta beren erakundeen kulturan aldaketa bultza dezaten
- 2018ko martxoan eratu zen berdintasunaren aldeko entitateen sareak hirugarren batzarra egin du Oronaren egoitzan, Hernanin.
- 63 erakundek osatzen dute sarea, eta denbora horretan egindako lankidetza- eta partaidetza-lanaren emaitzak aurkeztu dituzte.
BAI SAREA osatzen duten enpresa eta entitateek hirugarren batzarra egin dute gaur goizean Orona Ideon, Hernanin, eta bertan aurkeztu dituzte sarea 2018ko martxoan jaio zenetik egin duten elkarlan eta parte-hartze lanaren fruituak. BAI SAREA 63 erakundek osatzen dute, eta erakunde horiek Emakundek ematen duen Berdintasunerako Laguntzaileen bereizgarria dute. Sarearen helburua lankidetza-espazio bat izatea da, entitate desberdinetako berdintasun-planek lan-merkatuko genero-arrakalak murrizteko duten eragina biderkatzeko.
Gaur goizean egindako batzarrean orain arte egindako lanaren fruitu batzuk aurkeztu dituzte, hala nola enpresek beraiek euren erakundeetan berdintasunezko antolaketa-kulturari buruzko diagnostikoa egiteko sortutako tresna. Erakunde bakoitzean autodiagnostikoa egiteko aukera ematen duen tresna da, kualitatiboa eta kuantitatiboa, eta hiru eremuren inguruan egituratzen da (balioak eta sinesmenak, komunikazioa eta sinbologia eta ohiturak). Hainbat helburu, une eta erakunde motatara egokitzen den tresna da.
Bestalde, enpresetako soldata-arrakalari buruzko azterketa egiteko, enpresetako soldata-arrakala aztertzeko jarraibide-proposamen bat diseinatu da soldata-arrakalari buruzko eskuliburuak eta artikuluak egon arren, erakunde gehienek jarraibide argiak behar dituztela egiaztatu ondoren. Gaur sareko enpresei aurkeztu zaizkien jarraibide horiek dagoeneko erabili dira sarean sortutako soldata-arrakalari buruzko lantaldea osatzen duten erakundeetan.
BAI SAREAren barruan hainbat lantalde sortu dira denbora honetan. Une honetan 6 talde daude aktibo, eta 28 erakundek parte hartzen dute: talde motorra, komunikazio-taldea, esperientziak trukatzeko taldea, berdintasunezko erakunde-kulturako taldea, soldata-arrakalaren taldea eta batzorde antolatzailea.
2016an sortzen hasi zen enpresa-sareak beste erakunde batzuekin esperientziak partekatzea du helburu, eta berdintasunaren aldeko politikak erakundeak indartuta atera daitezen eta gure gizartean eragin handiagoa izan dezaten laguntzea. Enpresetan berdintasunaren aldeko planek eta ekintzek duten eragina biderkatu nahi du.
BAI SAREA osatzen duten erakundeek honako konpromiso hauek dituzte: erakundearen zuzendaritzatik emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea; emakumeak eta gizonak lanean berdintasunez tratatzea; giza eskubideak eta diskriminaziorik eza errespetatu eta defendatzea; langile guztien osasuna, segurtasuna eta ongizatea zaintzea; emakumeen garapen profesionala sustatzea; enpresa-garapeneko, erosketetako eta marketineko praktiketan berdintasuna txertatzea; berdintasuna sustatzea gizarte- eta lan-ingurunean; eta emakumeen berdintasunaren alde egindako aurrerapenak ebaluatzea eta zabaltzea.
Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak nabarmendu du garrantzitsua dela enpresa eta erakunde batzuk erreferente bihurtzea beste batzuentzat, eta enpresak eurak izatea, sarean eratuta, beren erakundeetan berdintasunaren aldeko tresnak eta sinergiak sortzen dituztenak. Landaidak erakunde sarearen izaera estrategikoa azpimarratu du, azken urtean lan-taldeek aurrera eramandako lana eskertu du eta Emakundetik sarearekin ahaleginak bikoiztearen konpromisoa agertu du, bere aurrekontua handituz. Emakundeko zuzendariak azpimarratu du BAI SAREAren baitan enpresekin sarean egiten den lana Berdintasunerako VII. Planaren ardatzekin bat datorrela; baita Nazio Batuen Erakundearen 2030 agendaren Garapen jasangarriaren Helburuekin (Genero berdintasun eta emakumeen ahalduntzearen 5. helburuarekin zehazki) eta Eusko Jaurlaritzak onartu duen soldata arrakala murrizteko Estrategia eta Ekintza planarekin ere bai. Azken honetan enpresekin aurrera eramaten den lanean kokatuta dago, enpresetan berdintasun planak eta sareak sustatuz.