Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “oraindik ziur nago EA eta Alternatiba ez daudela ETAren zerbitzura eta ez direla haren parte”

2011.eko maiatzak 03

Lehendakariak ziurtatu du batuta jarraitzea lortzen badugu krisitik indarturik aterako garela

Legealdiaren erdian, Patxi López lehendakariak onartu du “hainbat hilabetez ahalegin pertsonalak eta kolektiboak” egiten jarraitu beharko dugula, baina egungo krisitik irteten ari garela ziurtatu du. Lópezek azpimarratu du azken bi urteotan haren gobernuak Euskadiko bizitza politiko eta sozialari “segurtasuna, normaltasuna eta lasaitasuna” eman dizkiola. Segurtasuna, osasuna, hezkuntza eta azpiegituren arloetan egin diren ahaleginak azpimarratu ditu, besteak beste. Lehendakariak, horrez gain, politikaren arloko azken berriak aipatu ditu, baita Auzitegi Gorenak hartu duen erabakia ere, hau da, Bildu legez kanpo uztea. Bere hitzaldian, Lópezek gogorarazi du gaur Prentsa Askatasunaren eguna dela, eta bere gobernuak kazetarien galderei erantzuten eta “adierazpen itxiak ekiditen” jarraituko duela.

Berriro ere, lehendakariak adierazi du “Auzitegien erabakiak errespetatu eta besteko” dituela, hori baita, Lópezen ustez, “egin behar duena, bai erabakiak gustukoak direnean, bai gustukoak ez direnean”. Hori esan du lehendakariak Auzitegi Gorenak Bilduri buruz hartu duen erabakiaren inguruan. Lehendakariak gogorarazi du “Konstituzio Auzitegiaren erabakia ikusteke” dagoela oraindik. “Ezer ez da behin betikoa”, gehitu du. Lópezek ziurtatu du “oraindik ziur dagoela EA eta Alternatiba ez daudela ETAren zerbitzura eta ez direla haren parte”.

Lehendakariak, bere sailburuekin batera, komunikabideen aurrean agerraldia gauzatu du bere gobernuaren bi urteen balantzea egiteko. Prentsaurrekoa Lehendakaritzan egin da (Gasteizen). Bertan, Patxi Lópezek adierazi du orain ez dela “lehen zen amorru eta eztabaida gunea”.

“Gobernatu nahi izateko eman genituen arrazoiak betetzen ari gara, euskal gizartearen benetako arazoei erantzuten ari gara”, adierazi du Lópezek. Horrez gain, lehendakariak esan du “herrialdea modernizatzeko eta mundu global honetan eragile lehiakor bihurtzeko erreformak egiteko” gobernatzen ari direla. Lehendakariak ziurtatu du ez dela erraza izan; izan ere, “hazkuntza-garaian lasai asko gastatu zen, baina zerbitzu publikoak ez ziren areagotu eta hobetu”. Lópezen hitzetan, bere gobernua “gehiago ari da egiten gutxiagorekin, eta zuhur jokatu eta aurrezteko ahalegin ikaragarria egiten ari da”. Egoera ekonomikoa gogorra den arren gizarte-zerbitzuak mantendu eta indartu egin direla gogorarazi du. Horrez gain, osasun-sistemaren erreformak positibotzat jo ditu, eta bereziki aipatu ditu gaixo kronikoak; bestalde, Ertzaintzaren modernizazioa, segurtasun-politikak eta hezkuntza eredu hirueledunaren aldeko apustua ere aipatu ditu, besteak beste.

Gaur Prentsa Askatasunaren eguna dela eta, lehendakariak kazetariei “askeak eta kritikoak” izaten jarraitzeko eskatu die, eta, horrez gain, berak eta bere gobernuko kideek galderei erantzuten eta “adierazpen itxiak ekiditen” jarraituko dutela ziurtatu du.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.05.03)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari y Consejeros