What the Basque?!
Berriak Lehendakaritza
qrcode

25 enpresa eta entitatek jaso dute aurten Bikain euskararen kalitate ziurtagiria, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eskutik

2019-12-11
  • Donostiako Kursaalean egin da ziurtagiri berriak emateko ekitaldia; guztira, Bikainen proiektua hasi zenetik 393 ziurtagiri banatu dira euskara beren kudeaketan era egokian txertatzen duten enpresa eta entitateen artean            

Euskadiko 25 enpresa eta entitatek jaso dute, gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak ematen duen Bikain euskararen kalitate ziurtagiria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua buru izan den ekitaldian. Azpimarratu duenez, euskarak “lan-munduaren esparrua irabaztea du erronka” eta, horretarako, enpresa eta entitateek “eragile aktiboak” izan behar dute, “euskara gero eta gehiago lotzen delako bikaintasunarekin eta kudeaketa aurreratuarekin”. Aurten, orotara, 25 enpresa eta entitatek jaso dute ziurtagiria: horietatik, 17k goi-mailako urrezko Bikain egiaztatu dute; 5ek tartekoa den zilarrezkoa, eta 3k oinarrizkoa. Behin ziurtagiri berri hauek banatuta, guztira, 393 dira azken 11 urteetan banatu diren ziurtagiriak, 75.500 langile hartzen dituzten enpresen artean.

Euskara lan-munduan sustatzeko proiektu honen 11. edizioa izanik, ‘Hamaika hitzetan’ izan da aurtengo leloa. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Eusko Jaurlaritzako zein beste euskal erakundeetako hainbat ordezkari alboan zituela, Zupiria sailburuak azpimarratu du euskarak jarraitu behar duela esparruak irabazten: “Hamarkadaz hamarkada, urtez urte, euskara esparru berriak irabazten joan da. Hala ere, oraindik bide luzea daukagu aurretik lan-munduan euskara era egokian txertatzeko. Eta bidea horretan oso garrantzitsua izango da planifikazioa eta lidergoa”.

Miren Dobaran sailburuordeak, bere aldetik, adierazi du “enpresa eta entitateen alorrean, lan-munduan, euskara gero eta gehiago lotzen dela bikaintasunarekin”: “Genero berdintasuna, jasangarritasuna edo enpresen dimentsio soziala funtsezkoak diren bezala, hizkuntzen kudeaketak ere garrantzia handia hartu du kudeaketa aurreratuaren ikuspegitik. Euskara balio erantsia da”, gehitu du.

Sailburuordeak esan duenez, euskara lan-munduan txertatzeko erronkak garrantzia hartuko du datozen urteotan: “Euskadi gai izan da mundu mailan eredu izan diren zenbait prozesu abiatu eta gauzatzeko. Bikain-en baitan uztartzen diren arloak, euskara eta lan-mundua, ez dira salbuespena izan. Hor daukagu euskara biziberritzeko prozesua, eredu bat mundu osoko hizkuntzentzat. Orain bide horri segida emateko unea heldu da. Euskara sendotzeko, zabaltzeko eta gure gizartearen esparru guztietara eramateko prozesua egunero idazten ari gara. Eta orain, une berri honetan, enpresek eta lan-munduak protagonismo berezia izango dute”.

Entitateak

Aurten Bikain ziurtagiria jaso duten enpresen artean, era askotako entitate publiko eta pribatuak izan dira: industrial nahiz teknologikoak, zerbitzuetakoak, hedabideak, kulturaren arlokoak, edota administraziokoak. Horrez gain, aurten Eusko Jaurlaritzaren baitako erakundeak ere izan dira: Lehendakaritza (zilarrezkoa), Kultura Sailburuordetza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritza (urrezkoa), Etxepare Euskal Institutua (urrezkoa), Irungo Berritzegunea (urrezkoa) eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea (oinarrizkoa). 25 enpresa eta entitate horiek 8.833 langile dituzte; 14 Gipuzkoakoak dira, 8 Bizkaikoak, eta 3 Arabakoak.

Jarraian ziurtagiria jaso duten entitateen zerrenda ikus daiteke:

Goi mailako Bikain:

  • Eusko Jaurlaritza – Kultura Sailburuordetza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritza.
  • Etxepare Euskal Institutua.
  • Aizarnazabalgo Udala.
  • Adunako Udala.
  • Dimako Udala.
  • Mutrikuko Udala.
  • Segurako Udala.
  • Behargintza - Bermeoko Udala.
  • Arazi IKT.
  • Anboto (Gertuko Koop. Elkarte Txikia).
  • Landeta Burdin Lanak.
  • Irungo Berritzegunea.
  • Uzturre
  • Azkue Fundazioa.
  • Koniker S. Coop.
  • Fagor
  • Bizkaiko Bertsozale Elkartea.

Erdi mailako Bikain:

  • Eusko Jaurlaritza – Lehendakaritza.
  • Galemys
  • Danobat Group.
  • Gazteizko Farmazia Fakultatea (UPV/EHU).
  • Carerrs & Jobs.

Oinarrizko mailako Bikain:

  • Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea.
  • Athletic Club Fundazioa.
  • Agintzari

Ebaluazio prozesua

BIKAIN kanpo-ebaluazio bat egin ostean eskura daitekeen ziurtagiria da. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan egin ohi diren, eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste. Ebaluatzen diren alorrak ondorengo hauek dira:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo-harremanak
  • Barne-harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa

Kanpo ebaluazio horiek BIKAIN Ebaluatzaile Klubeko kideek egiten dituzte eta, gaur egun, lan sektore ezberdinetako 725 profesionalek parte hartzen dute. Ziurtagiria lortu nahi duten erakunde publiko zein pribatu orok ebaluazioa jaso eta gainditu behar dute, eta, lortutako emaitzaren arabera, hiru maila ezberdinetako ziurtagiria jaso dezakete: oinarrizko maila (beltza) gutxienez 200 puntu lortu dituztenak (1.000 puntutik); tarteko maila (zilarrezkoa), gutxienez 500 puntu lortu dituztenek; eta goi maila (urrezkoa), gutxienez 800 puntu eskuratu dituztenek.

Guztira, urte hauetan 393 ziurtagiri banatu dira: urrezkoa, 164; zilarrezkoa, 157; eta oinarrizko, 72. Ziurtagiria jaso duten enpresen artean, guztira, 75.500 langile dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)