Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak historia eta ondarea ezagutzeak eta kontserbatzeak etorkizun hobea eraikitzeko nolako garrantzia duen nabarmendu du

2019-12-11
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera, Sancho el Sabio fundazioa bisitatu du, eta bertako arduradunekin batu da.

Bisitan, Lehendakariak euskal kulturari buruzko dokumentazio-zentro horren funtsen pieza adierazgarriak ezagutu ditu; 1498tik gaur arteko ale inprimatuak kontserbatzen ditu. 

Lehendakariak historia eta ondarea ezagutzeak eta kontserbatzeak etorkizun hobea eraikitzeko nolako garrantzia duen nabarmendu du. Hori horrela, Lehendakariak nabarmendu du Fundazioak euskal gizartearen etorkizuna –kultura-, bibliografia- eta dokumentu-ondarean finkatzen dena– eraikitzen egin duen ekarpenaren balioa, eta eskerrak eman ditu fundazioak hainbat urtez eginiko lan zehatzagatik eta etengabeagatik, aukera eman baitu memoria bizirik irauteko eta orain hura hobeto zabaltzeko.

Lehendakariak Fundazioaren lanaren oinarriak eta ikuspena partekatu ditu: “Euskal kultura bildu, antolatu, kontserbatu eta zabaltzea”. Printzipio horiek, Lehendakariaren hitzen arabera, bat datoz ondarearen kudeaketaren ikuspegi modernoarekin eta berritzailearekin.

Sancho el Sabio fundazioa

Sancho el Sabio fundazioa Vital fundazioaren mendekoa da, eta euskal kulturari buruzko dokumentazio-zentroa da. Ia mende erdiko bizitza du, eta liburutegi tradizionaletik sarbide irekiko edukien zabalkundera bilakatu da. Bere funtsek era askotako dokumentu-tipologia jaso dute: inprimakiak, eskuizkribuak, argitalpen seriatuak, funts ikonografikoak, artxibo pribatuak eta abar, hainbat euskarritan. Munduan euskal bibliografia- eta dokumentu-funtsak biltzen dokumentazio-zentro aitzindarietako bat da.

Lehendakariak nabarmendu du Sancho el Sabio fundazioa erakunde aitzindaria eta erreferenteziazkoa dela kultura digitalizatzeko apustuan. Hori horrela ziurtatu du Fundazioak Euskadiko dokumentu-funts aberatsenetako eta osoenetako bat duela, bai eta baliabide teknologiko modernoenak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)