Berriak Lehendakaritza

Euskadik Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funtsa Zentralari laguntzeko konpromisoa hartu du

2019.eko abenduak 10

Jorge Fernández Quintelak, Euskadiren Estatu Batuetako ordezkariak, Nazio Batuetako Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak (OCHAk, ingeleseko siglengatik) antolatutako CERF High-Level Pledging Event: “ A Fund for all by all”  ekitaldian parte hartu zuen New Yorken, abenduaren 9an. Aurten, lehen aldiz, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (GLEAk) –Eusko Jaurlaritzako politika humanitarioa kudeatzen duen erakundeak– 100.000 euroko laguntza eman dio Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funtsa Zentralari (CERFri, ingeleseko siglengatik). 2020an gutxienez kopuru hori mantentzeko konpromisoa hartu zuen ekitaldian Eusko Jaurlaritzak.

Ekitaldian, Euskadi eta Flandria izan ziren hitz egin zuten estatu azpiko gobernu bakarrak Nazio Batuen estatu kideekin batera. António Guterresek, Nazio Batuetako Erakundeko idazkari nagusiak, funtsari esker erdietsi diren lorpenak eta 2020rako hartu diren konpromisoak nabarmendu zituen. Hurrengo urteko erronka nagusienetariko bat izango da 1 bilioi dolarretara iristea mundu osoan areagotu diren behar humanitarioei aurre egiteko. Funtsari esker, biziak salbatzeko gaitasuna hobetu ez ezik, emaileen arteko erantzukizun partekatua ere areagotzen da.

 

Berehalako erantzuna eman

Larrialdiei berehalako erantzuna ematea da GLEAren Ekintza Humanitarioko Estrategia 2018-2023 berriaren apustuetariko bat da; eta horregatik, erabaki zen nazioarteko deialdiei edo funts globalei ekarpenak egitea.

CERFa 2006an sortu zuen Nazio Batuetako Batzar Nagusiak; hain zuzen ere, berehalako erantzuna emateko pobretutako herrialdeetan gertatutako hondamendi naturalek edota gatazkek sorrarazitako krisi humanitarioei. Dirua Nazio Batuen estatu kideetatik, munduko eskualde ezberdinetatik eta emaile pribatuetatik jasotzen du, eta helburu nagusia da bizitzen galera murrizteko erantzun azkarra ematea; denbora faktore kritikoa denean erantzuteko gaitasuna hobetzea, eta finantzaketa eskasa duten egoeretan erantzun humanitarioa indartzea.

Funtsa sortu zenetik sei bilioi dolar kudeatu ditu funtsak 104 herrialdeetan. 2019an, esku hartu zuen 44 herrialdeetan izandako gatazketan eta  barne-indarkeriako egoeretan, Ebolako edo kolerako agerraldietan, eta klimarekin zerikusia duten larrialdietan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak