Eu

Gasteizko tranbia “estraluzeen” lehen unitatea aurkeztu du Euskotrenek

2019.eko abenduak 10
  • Tranbiaren erabilera handiari erantzuteko CAFek fabrikatuko dituen 7 unitateetatik lehena da
  • Unitate berria azaroaren amaieran iritsi zen Gasteizera, eta Euskotrenen Ibaiondoko kotxetegietan egokitzen eta probatzen ari dira, abenduaren 17an probak trazatuan has daitezen
  • Unitate berriek 7 modulu dituzte, gaur egungo 5 moduluen aldean, eta 44 metroko luzera, edukiera 400 erabiltzaileraino handitzeko

Euskotrenek, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren eskutik, Gasteizko tranbia-material mugikorreko tailerretan aurkeztu du Arabako hiriburuan ipiniko dituzten tranbia berri "estraluzeen" lehen unitatea. Ekitaldian, sailburuak ondoan izan ditu Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Imanol Leza Euskotreneko zuzendari nagusia eta Josu Imaz CAF taldeko Negozio eta Teknologia zuzendaria.

CAF ari da Gasteizko 7 tranbia berriak fabrikatzen Irungo lantegian, 25 milioi euroren truke. Unitate berri horiek 7 modulu dituzte, egungo 5 moduluen aldean, eta 44 metroko luzera dute, edukiera 400 erabiltzaileraino handitzeko aukera emanez. Martxan jarri zenetik etenik gabeko hazkundea izan du tranbia-zerbitzuak, eta Green Capitaleko mugikortasuneko hiri-garraioaren ardatz egituratzaile bihurtu da.

Trazadua handitzearekin batera, beharrezkoa izan da Euskotrenen tranbia‑zerbitzuak eskainitako plazak handitzea, batez ere berehala hegoaldera zabalduko delako eta puntako orduetan eta hiriko ekitaldi nagusietan egoten den eskari handiari erantzuteko.

Lehen unitate hori une honetan Ibaiondoko Euskotrenen tailerrean dago, Gasteizen, eta martxan jarri aurreko proba estatikoak egiten ari dira, tranbiak trenbideetara sartzean modu seguruan zirkulatu ahal izango duela egiaztatzeko. Abenduaren 17ko gauean hasiko da ibilbidean zirkulatzen proba-fasean.

Tailerreko jarduerak, hala ere, ez du etenik izango, urtea amaitu baino lehen CAFek 600 serie berri horretako beste hiru unitate entregatuko baititu, zehazki, abenduaren 16an, 26an eta 30ean, eta horiek martxan jartzeko prozedura bera jarraitu beharko dute.

% 100 solairu baxuko ibilgailua, bertara erraz sartzeko modukoa

Tranbia “estraluzea” %100 solairu baxuko ibilgailua da, noranzko bikoitzekoa; 16 sarrera-ate izango ditu (8 alde bakoitzean), eta guztira 58 eserleku, gehi 6 eserleku tolesgarri (mugikortasun urriko pertsonentzako 4 guneetan daude). Tranbiaren azalera osoa altuera bakarrera dago, eta horrek modu errazean sartzeko aukera ematen die mugikortasun murriztua duten pertsonei, gurpildun aulkian edo haurtxoen orgatxoekin dabiltzan erabiltzaileei, esaterako.

Horri esker, tranbiaren erabiltzaileen eskari gero eta handiagoari erantzun ahal zaio; izan ere, puntako orduetan, tranbia erabat betetzen da. Behar horiei erantzuteko, zerbitzu bakoitzean plaza gehiago eskaintzea da aukerarik onena, eta, horri esker, hiriko trafikoarekin batera hobeto zirkula dezake eta hiriaren barne-funtzionamendua hobetu daiteke.

Maiztasunak handitzearen ordez, tranbien edukiera handitzea erabaki da; izan ere, 5 kotxetik 7ra igaroz gero, eskaria modu eraginkorrean arindu ahal izango litzateke, ohiko tranbien erabiltzaile-kopurua areagotu ahalko baita: 270 pertsona ordez, 7 kotxeko tranbia batek 400 pertsona garraiatu ahal izango ditu.

Ezaugarri teknikoen alderaketa:

Ezaugarri teknikoak

Unitate berriak

Unitate zaharrak

Modulu-kopurua

7

5

Luzera guztira

44.211 mm

31.380 mm

Zabalera

2.400 mm

2.400 mm

Pisua (tara)

52.970 kg

41.000 kg

Gehieneko abiadura

70 km/h

70 km/h

Edukiera

400 pertsona

270 pertsona

Trenbidearen zabalera

1.000 mm

1.000 mm

Sarrera-ateen kopurua

16

12

Eusko Labeldun nazioarteko tranbiak

CAFek tranbien linea propio bat garatu du, Urbos izenekoa, jada hiri ugaritan ezarri dutena, konpainiak nazioartean duen esperientzia zabalaren erakusgarri. Gasteizko etorkizuneko tranbiak ere konfigurazio horretakoak dira, baina ez da CAFek tranbia “estraluzeak” garatzen dituen lehen aldia. Hala, adibide gisa, Budapesten kasua dugu. 2014ko martxoan, CAFek lehen kontratua sinatu zuen BKKrekin (Budapesti Közlekedési Központ), Budapest hiriko garraioaz arduratzen den enpresarekin, 47 tranbia hornitzeko (5 moduluko 35 tranbia eta 9 moduluko 12 tranbia). Dagoeneko fabrikatu dituzte guztiak, eta zerbitzu komertziala eskaintzen dute, bidaiariekin.

  1. urtearen amaieran, bezeroak berriro jarri zuen konfiantza CAFen, eta bigarren eskaera bat egin zuen 26 tranbia fabrikatzeko (5 moduluko 21 tranbia eta 9 moduluko 5 tranbia). Tranbia horiek Irunen egiten ari dira, Gasteizko unitate berriekin batera.

Bederatzi moduluko tranbiak, 56 metroko luzera dutenak, 562 bidaiari garraiatzera irits daitezke, munduko luzeenetakoak izanik.

Geralekuak egokitzea

Tranbiaren geralekuak unitate berrien ezaugarrietara egokitzeko lanekin jarraitzen du Euskal Trenbide Sareak. Gaur arte, Ibaiondo, Landaberde, Lakuabizkarra, Wellington, Txagorritxu, Euskal Herria, Intermodal, Forondako Atea, Gernikako Arbola, Arriaga, Artapadura, Kristo eta Angulemako geralekuetan amaitu dituzte lanak.

Kañabenta eta Antso Jakituna geralekuetako lanak exekuzioan daude, bietan obra zibila amaituta eta instalazioa falta delarik; Lovainan eta Hondurasen, berriz, obra zibila hasita dago dagoeneko. Azkenik, hurrengo egunetan Abetxuko, Europa eta Legebiltzarra geralekuetan hasiko dira lanak.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @pmmrcosta
    2019.eko abenduak 11

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 🚊 Gasteizko tranbia “estraluzeen” lehen unitatea aurkeztu du @euskotrenEJGV'ek ➡︎ https://t.co/qNDT87oQcJ https://t.co/zTywTm64

  • @UnaiLaFere
    2019.eko abenduak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 🚊 Gasteizko tranbia “estraluzeen” lehen unitatea aurkeztu du @euskotrenEJGV'ek ➡︎ https://t.co/qNDT87oQcJ https://t.co/zTywTm64

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Imaz (CAF Taldeko zuzendaria); Ramiro González (Arabako diputatu nagusia); Gorka Urtaran (Gasteizko alkatea)