Berriak Hezkuntza
Eu

250.000 euro doktore ikertzaileen mugikortasun-programarako (Gobernu Bilera 2019-12-10)

2019.eko abenduak 10

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du doktore ikertzailearen mugikortasun-programa deitzen duen Agindua.

250.000 euroko diru-kopuruarekin –aurreko urteko deialdian baino 130.000 euro gehiagorekin- deialdi honek dirulaguntzak eskaintzen ditu ikerketa-zentroetan egonaldiak egiteko –dedikazio esklusiboarekin-,    I+G+i-ko organismo eta zentroetako unibertsitate-irakasleen eta ikertzaileen mugikortasun geografikoa sustatzeko eta haien gaitasunak eta ikerketa-taldeen lehiakortasuna hobetzeko helburuz.

Ikertzaileen mugikortasun-programa hau bi modalitatetan garatuko da aurrerantzean: A modalitatea, langile seniorren mugikortasunerako, langile iraunkorrentzat, 175.000 eurokoa; eta B modalitatea, ikertzaile juniorren mugikortasunerako, langile ez-iraunkorrentzat, 75.000 eurokoa.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente gisa kreditatutako entitateak. Euskaditik kanpo kokatutako ikerketa zentroetan egonaldiak egingo dituztenak, berriz, laguntzen eskatzaile den entitatearekin lan-harremana duten ikertzaileak izango dira. Ikertzaile horiek doktore izan beharko dute, eta laguntza jasoko duen entitatean gutxienik bi urteko antzinatasuna.

Destinoko zentroan egingo duen egonaldian, harrera-ekipoaren lan-ildoan integratuta dagoen ikerketa-proiektu bat, edo trukeak eta maila handiko lotura zientifikoak ezartzera bideratutako beste jarduera batzuk egin beharko ditu ikertzaileak. Egonaldi hau 2020 urtean burutu beharko da, eta gutxienik bi hilabete eta gehienez sei hilabeteko iraupena izango du.

2019 urte honetan –iazko deialdiaren bidez- 15 euskal ikertzailek jaso dute ikerketa atzerriko hainbat herrialdetan burutzeko laguntza, hala nola, Erresuma Batuan, Norvegian, Estatu Batuetan, Kanadan, Frantzian edo Txilen, besteak beste. Horien artean 11 ikertzaile UPV/EHUko ikertzaileak ziren, beste bat Mondragon Unibertsitatekoa, beste bat Deustuko Unibertsitatekoa eta beste biak Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroetakoak (CIC).

Ikertzaileentzako mugikortasun-programak tresna egokia dira, ikerketa sustatzeko Hezkuntza Sailaren lan-ildoen baitan, komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko, bai eta unibertsitateko irakasleen ezagutza zientifikoak eta teknikoak eguneratu eta perfekzionatzeko ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko