Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Euskal Autonomia Erkidegoan lan-zentroetan gazteak kontratatzeko Gazte Itzulerarako 1,77 milioi euroko laguntzen deialdiari (Gobernu Bilera 2019-12-10)

2019.eko abenduak 10
  • Artolazabal: “Helburua da 35 urtetik behera dituzten, EAErekin lotura duten eta itzuli nahi duten edo azken 3 hilean itzuli diren gazteak euskal lan-merkatuan txertatzea”

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Euskal Autonomia Erkidegoan lan-zentroetan gazteak kontratatzeko Gazte Itzulerarako 1,77 milioi euroko laguntzen deialdiari. Helburua da honako eskakizun hauek betetzen dituzten gazteen kontratazioa sustatzea: 35 urtetik behera izatea, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egin ez izana, azken 12 hilabetean EAEtik kanpora bizi izana, baina jaiotzez Euskadirekin lotura izatea, aurrez aurreko ikasketak egin izana eta titulu ofiziala eskuratu izana, administrazio-egoitza izatea irten aurreko 2 urtean.

Beatriz Artolazabalen hitzen arabera, “helburua da, batetik,  35 urtetik behera dituzten, EAErekin lotura duten eta itzuli nahi duten edo azken 3 hilean itzuli diren gazteak euskal lan-merkatuan txertatzea, eta, bestetik, euskal enpresek Euskaditik kanpora lanbide- eta hizkuntza-gaitasunak eskuratu edo zabaldu dituzten gazteak sartzea.

Horretarako, euskal enpresei kontrataziorako dirulaguntza ematen zaie, eta itzultzeko joan-etorrien gastuak direla-eta oraindik itzuli ez diren gazteei laguntzak ematen zaizkie. Lan-kontratuak mugagabea edo aldi baterakoa izan behar du, eta, gutxienez, 12 hileko iraupena izan behar du, lanaldi osoan edo partzialean; partziala bada, ez da izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoa.

Programa honetan parte hartzeko, gazteek Lanbidek garatutako Itzultzeko borondatea duten pertsonen fitxategian eman beharko dute izena. Haiek kontratatzean, gazteek lanbide-iraunkortasuneko eta EAEko egoitzako konpromisoa sinatu beharko dute, kontratuak irauten duen aldirako.

2020ko ekitaldirako deialdiaren zenbatekoa 1.770.000 eurokoa izango da; haietatik, 1.670.000 euro enpresek kontratatzen laguntzeko, eta, kopuru horren barruan, 1.085.500 euro 2020ko ordainketa-kreditukoak eta 584.500 euro 2021eko konpromiso-kreditukoak. 100.000 euro gazteen joan-etorrirako laguntzetara bideratzen dira, 2020ko kreditu arruntari dagozkionak. Laguntza horiek Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzen dira. 

Garapena

Egungo deialdiaren garapenean, orain arte, betearazitako aurrekontua 142.000 €-koa izan da. Amaierako hartzaile-kopurua honako hau izan da: 13 pertsona kontratatu eta 12 enpresa onuradun. Beste 11 enpresak 12 pertsona kontratatzeko dirulaguntzaren eskabidea egin zuten. Kontratazio horiek, azkenean, ezin izan dira egin; izan ere, eskaintzetan ez du hautagai egokirik izena eman, eta enpresa batzuek premia izan dute kontrataziorako, eta denboraren aldetik berehalako kontratazioa lehenetsi dute eta eskabidearen izapide osoari uko egin.

Bestalde, 2019ko abenduan, 122 pertsona daude Lanbiden inskribatuta itzuli nahian eta deialdiaren bidez kontratatzeko interesa dutenak; haietatik, 67k beren lanbide-profila eman dute, laburtuta eta izengabe argitara dadin Lanbideren web-orrian eta, hala, enpresek ikusi ahal izateko.

Programaren zabalkundea eta euskal enpresek itzultzeko borondatea duten gazteen kontratazioa sustatzeko, 2017ko azaroan lankidetza-protokoloa sinatu zen Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen, Confebasken, ASLEren eta Konfekoop-en artean.

2020ko deialdian, programan parte hartzeko eskaera egingo duten enpresa- eta gazte-kopurua areagotzea aurreikusten da; izan ere, oraintsu EAEra itzuli diren pertsonek ere 6 hilez programan parte hartu ahal izateko aukera gehitu da, eta, halaber, programa hori existitzen dela gero eta jende gehiagok jakingo du, hari zabalkundea eman ondoren.

2020ko deialdian ezarritako aurrekontu-zuzkiduraren bidez, 120 kontratu eta joan-etorrirako 120 laguntza finantzatzea aurreikusten da. Helburu horrekin, egokitzat jotzen da deialdi honen aldez aurreko izapidetzea egitea, eskabideak aurkezteko epea 2020aren aldi luze batean indarrean egoteko eta, hala, EAEra itzuli nahi duten gazteak kontratatzeko enpresen eskabide-kopuru handiagoa izateko. Gazte Itzulera programa Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzarekin elkarlanean diseinatu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko