Eu

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Lanbidek txanda-kontratuen laguntzetarako 2020rako  egin duen deialdiari; laguntzak 1 milioi eurokoak izango dira (Gobernu Bilera 2019-12-10)

2019.eko abenduak 10
  • 400 euro kontratatutako pertsona bakoitzeko; kopuru hori % 10 handituko da, txandakaria emakumea bada

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Lanbidek txanda-kontratuen laguntzetarako 2020rako  egin duen deialdiari; laguntzak 1 milioi eurokoak izango dira. 8.400 euro izango dira kontratatutako pertsona bakoitzeko; kopuru hori % 10 handituko da, txandakaria emakumea bada.

“Enplegua eta suspertze ekonomikoa lotuta daude, eta 2016-2020rako Gobernu Programaren ardatzetako bat da hazkuntza sendoa izatea, enplegu gehiagorekin eta hobearekin, eta konpromisoetako bat da gure gizartean zailtasun gehien dituzten kolektiboen laneratzeari bide ematea; kolektibo horietan daude, besteak beste, gazteak eta 45 urtetik gorako langabeak”, esan du Beatriz Artolazabal sailburuak. Sailburuarekin iritziz, “aukerak sortzea eta bi kolektibo horien langabezia murriztea lehentasunezkoak dira gure gizartearentzat, eta horri erakunde publikoetatik eta jarduera pribatuaren eremutik egin behar zaio aurre”.

Horretarako, plantillen kohesio-neurriak sustatzen dira, hura berritzeko aukera ematen dutenak, eskakizun berrietara eta izaten diren aldaketa teknologikoetara egokitzeko gaitasuna duen gazte talentua sartuz, eta esperientziak ematen duen balioa kapitalizatzeko aukera ematen dutenak; hala, ezagutzaren eta belaunaldien arteko lanbide-esperientziaren transmisiorako aukera ematen da.

2020ko deialdirako zuzkidura 1.000.000 eurokoa da, lanaldi osoko eta denbora mugagabeko txanda-kontratuak finantzatzeko; kontratu horiek iraupen mugatukoak ere izan daitezke, baina betiere kasu horretan kontratuaren amaieran edo lehenago mugagabe bilakatzeko konpromisoa jaso bada. Kontratu horien hartzaile diren pertsonek eskakizun batzuk bete behar dituzte: 30 urtetik beherakoak izatea edo 45 urtetik gorakoak izatea, Lanbiden inskribatuta egotea, enpresarekin iraupen mugatuko kontratua hitzartuta izatea, praktiketakoa, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako, lanekoa ez den praktikaldia garatzen egotea edo kontratu horren edo lanekoak ez diren praktiken indarraldirako ezarritako aldiaren barruan edo amaitu eta biharamunean txandakari izatera igarotzea.

Dirulaguntza 8.400 eurokoa da kontratatutako pertsona bakoitzeko, eta kopuru hori % 10 areagotuko da, txandakaria emakumea bada. Hura emateko prozedura ondoz ondoko norgehiagoka izango da, eta dirulaguntzak eskakizunak betetzen dituzten eskabideei emango zaizkie, aurkezpen-hurrenkeraren arabera, harik eta funtsak agortu arte.

Une hauetan, 2019ko deialdia oraindik ebazpen-fasean dago, eta, oraingoz, honako datu hauek erregistratu ditu: eskabideak aurkezteko epea 2019ko urriaren 21ean amaitu da. 112 eskabide erregistratu dira, eta, haietatik, oraingoz, 82 dirulaguntza eman dira; eman diren laguntza horietatik, % 60 30 urtetik beherako langileei dagokie, eta % 40, 45 urtetik gorako langileei, eta 66 gizonak dira eta 16 emakumeak. Gainera, diruz lagundutako 82 txanda-kontratuetako batzuk direla eta, beste 7 kontratu gehiago egin dira, 4 emakumeekin eta 3 gizonekin (30 urtetik beherakoak 5 eta 45 urtetik gorakoak 2).

Kalkulatzen da 2020an laguntzarako 115 eskabideri erantzun ahalko zaiela, txanda-kontratuak formalizatzeagatik. Eta kontratatutako emakumeen ehunekoa % 35ekoa izatera irits daitekeela. Ekitaldi honetan, % 11,25 areagotu da formalizatutako txanda-kontratu bakoitzeko emango den dirulaguntzaren zenbatekoa; lehen 7.550 euro ziren eta, orain, 8.400 euro.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko