Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Gobernuak oniritzia eman dio kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko 2 milioi euroko aurrekontuari (Gobernu Bilera 2019-12-10)

2019.eko abenduak 10
  • Langabeei zuzenduta, Lanbidek egiten duen enplegurako lanbide-prestakuntzaren barruan

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio, Lanbidek egiten duen enplegurako lanbide-prestakuntzaren barruan, langabeei zuzendutako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko 2 milioi euroko aurrekontuari.

Deialdiaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan langabezian dauden langileei zuzendutako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko laguntzak arautzea.  2020ko deialdiak 2.000.000 euroko aurrekontua du, eta urte anitzeko banaketa honako hau da: 2020ko ekitaldirako, 1.000.000 euro, eta 2021eko ekitaldirako, 1.000.000 euro.

Laguntzen onuradun izan ahalko dira lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta, beren baliabideen bitartez edo kontratazioaren bitartez, lan-kontratuak egiteko konpromisoa hartzen duten enpresak. Baita dirulaguntzaren eskabidearen xede diren prestakuntza-ekintzei dagozkien espezialitateak emateko prestakuntzako erakunde pribatu edo publikoak ere.

Deialdi honetan jaso diren eta dirulaguntza jaso dezaketen jarduketak kontratazio-konpromisodun prestakuntza-ekintzen gauzatzea dira. Dirulaguntza jaso ahal izateko, enpresek edo erakundeek gutxienez prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsonen % 50 kontratatzeko konpromisoa hartu behar dute, eta kontratazio horiek honako baldintza hauek bete behar dituzte: lanaldi osoko kontratua bada, gutxieneko iraupena etengabeko 6 hilekoa izango da; lanaldia % 50ekoa bada, gutxieneko iraupena etengabeko urtebetekoa izango da, eta lanaldia % 50etik gorako denbora partzialekoa bada, gutxieneko iraupena dagokion zati proportzionala izango da.

Une hauetan, 2019ko deialdia oraindik ebazpen-fasean dago. Hala ere, honako datu hauen berri eman daiteke: 55 eskabide jaso dira; orain arte, 46 onartu dira, 1.872.022,43 euroan, eta 8 eskabide aztertzeko prozesuan daude, onetsi ala uko egin erabakitzeko; eskabideetako 2ri uko egin zaie, ez baitituzte deialdiko eskakizunak betetzen.

Kalkulatzen da 2020an aurreko ekitaldiko prestakuntza-ekintzen kopuru balioakidea programatu ahalko dela. Helburua da 60 prestakuntza-ekintza egitea, 900 parte-hartzaile izatea eta, haietatik, programa honetako parte-hartzaileen artean 450 pertsona kontratatu izatea

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko