Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Gobernu Kontseiluak baimena eman du laneratzeko enpresak sortzeko eta haiei eusteko urte anitzeko laguntzetarako, guztira 10,37 milioi euroan (Gobernu Bilera 2019-12-10)

2019.eko abenduak 10

Gobernu Kontseiluak baimena eman du laneratzeko enpresak sortu eta haiei eusteko urte anitzeko laguntzetarako; Lanbidek, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dagoenak, guztira 10.370.000 euro bideratuko ditu, 2020/2023 aldian. Laneratzeko enpresen helburua da lan-merkatura gizarte-desabantailan edo -bazterketan dauden kolektiboak txertatzea, gizarte- eta lan-mailako laguntzako eta segimenduko esku-hartze batzuek eratutako ibilbidearen bidez.

Lanbidek 2020. urterako laguntzen deialdia sustatuko du eta, horretarako, honako aurrekontu-zuzkidura hau esleituko du, jarraian zehazten den bezala banatuta, urterokoen arabera: 2020ko ekitaldian, 2.020.000 euro; 2021eko ekitaldian, 3.240.000 euro; 2022ko ekitaldian, 3.240.000 euro, eta 2023ko ekitaldian, 1.870.000 euro. Alegia, guztira, 10.370.000 euro.

2020ko ekitaldi honetan, honako hauek finantzatuko dira: laneratzeko enpresak sortzeko jarduketak; laneratzeko enpresa sortzeko bideragarritasuna aurreikusten duten merkatu-azterketak; laneratzeko prozesuan dauden pertsonei bideratutako lanpostuak sortu edo haiei eusteko aktibo finkoetako inbertsioak; laneratzeko prozesuan dauden pertsonei bideratutako lanpostuak sortu eta haiei eustea; ekoizpenerako laguntzarako teknikarietara bideratutako lanpostuak sortu eta haiei eustea; laneratzen laguntzeko, kontabilitateko ikuskaritzetarako eta kudeaketarako ekintzetan espezializatutako teknikarietara bideratutako lanpostuak sortu eta haiei eustea, eta, azkenik, prestakuntza.

Laguntza horien hartzaileak laneratzeko prozesuan dauden eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonak dira; laneratzeko enpresek gehienez hiru urtez kontratatzen dituzte, eta, aldi horretan, lanbide bat ikasteko prozesua eta, gerora, merkatu arrunteko enpresetan laneratzeko bide emango dieten ohitura sozial eta pertsonalak hobetzeko prozesua garatzen dute; halaber, laneratzen laguntzeko langileak eta ekoizpenean laguntzeko langileak ere bai.  Hura emateko prozedura ondoz ondoko norgehiagoka izango da, eta dirulaguntzak eskakizunak betetzen dituzten eskabideei emango zaizkie, aurkezpen-hurrenkeraren arabera, harik eta funtsak agortu arte.

Aurreko datuak

2019ko ekitaldian, hasierako aurrekontua 10.220.000 eurokoa izan zen, eta, haren bidez, laguntza-ildoak zuzkitu ziren (baztertutakoak izan ezik: merkatu-azterketak eta aktibo finkoetako inbertsioak); hura areagotu egin da, 677.500,00 euroan, eta, ondorioz, aurrekontu orokorra handiagoa da, 10.897.500,00 eurokoa. Laneratzeko 36 enpresak aurkeztutako eskabideei erantzun zitzaien.

Enpresa horiek laneratzeko 254 postu eta ekoizpenean laguntzeko eta laneratzen laguntzeko teknikarien 134 postu eskatu zituzten, guztira 10.721.126,71 euroan: 8.630.731,13 euro laneratzeko postuak sortu eta haiei eusteko izan dira, 1.990.090,20 euro laguntzako teknikarien postuetarako eta 100.305,38 euro ikuskaritzetarako eta prestakuntzarako. Gaur egun aktibo dauden 3 deialdiak aintzat hartuta (2017ko, 2018ko eta 2019ko ekitaldiak), diruz lagundutako postu-kopurua, guztira, honako hau izan da: laneratzeko 699 postu eta laguntzako teknikarien 160 postu, laneratzeko enpresetan.

2020rako laneratzeko enpresei eusteko laguntzen aurreikuspena aurreko ekitaldikoen antzekoa da, baina areagotu daiteke eskabide-kopurua; izan ere, gaur egun laneratzeko 45 enpresa daude kalifikatuta, eta normalean dirulaguntza hori 40 enpresak baino gutxiagok eskatzen dute. Espero da laneratzeko enpresa berriak sortzeko eskabideak aurkeztea; dirulaguntzen lerro hori 2013ko deialditik 2020ko deialdira arte baztertuta egon da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko