
Iñaki Arriola: “Trantsizio ekologikoak ahalik eta justuena eta orekatuena izan behar du, eta behar bezala finantzatu behar da”
- Ingurumeneko sailburuak, Iñaki Arriolak, Madrilgo Klimaren Goi-bileran hasiera eman dion jardunaldian nabarmendu du eskualdeek eta tokiko erakundeek “funtsezko eginkizuna” dutela eraldaketa honetan.
- “Larrialdi klimatikoak abian gaudela norabidea eta gure kultur eta kontsumo-ildoak aldatzera behartzen gaitu, bai eta ahaleginak eta onurak modu orekatuan banatzera ere, eraldaketa eta egokitzapen ekologikotik herrialderik, sektorerik edo pertsonarik baztertuta gera ez dadin” azpimarratu du Arriolak.
- Saioan parte hartu dute, besteak beste, Baden-Württembergeko Ingurumeneko ministroak eta Europako Batzordeko Ekintza Klimatikoko zuzendari nagusiak.
Klima-aldaketaren kontra borrokatzeko datozen urteotan dirutza itzela mobilizatu beharko da, publikoa nahiz pribatua, lankidetza publiko-pribatuan arituz ere bai. Nola gauzatuko den definitzea falta da, zein izango diren lehentasunezko sektoreak, nola kudeatuko den... Oinarri-oinarrizkoa den gai horretan aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzak, Trantsizio Ekologikorako Ministerioarekin lankidetzan, ‘Ekintza Klimatikoaren Finantzaketa’ izenburudun jardunaldia antolatu du gaur, +25 Agenda Ofizial Berdearen baitan, Madrilgo Klimaren Munduko Goi-bileran.
Estatu, eskualde eta tokiko gobernuak beharrezkoak diren baliabideak jartzeko bideak bilatzen saiatu dira, baina “ahalik eta modurik justu eta orekatuenean”. Ingurumeneko euskal sailburuak, Iñaki Arriolak, hasiera eman dio saioari, Ingurumeneko Estatuko idazkariarekin, Hugo Moranekin, batera. Arriolak gogorarazi du klima-aldaketaren aurkako borroka garrantzitsua dela, baina ekintza eraginkorra izan dadin ezinbestekoa dela behar bezala finantzatzea. “Argi badugu jardutea presazkoa dela, konponbideak bidean zehar sortuko dira. Beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzeko borondate eta baliabide nahikoak nola mobilizatzean datza gakoa”, adierazi du euskal sailburuak.
Kontu horri heltzeko, bildu egin dira Estatuetako Gobernuak, Europako Batzordea, nahiz Administraziorik hurbilena, eskualdekoa eta tokikoa. Izan ere, hainbat agintarik parte hartu du, hala nola Baden-Württembergeko Ingurumen, Klimaren Babes eta Sektore Energetikorako ministroak, Franz Unterstellerrek.
Europako Batzordeko buru berriak, Ursula Von der Leyenek, joan den astean COP25ean iragarri zuen martxoan aurkeztuko duela EBn neutraltasun klimatikoa atzeraezin egiteko europar zuzentaraua, ikerkuntzan, berrikuntzan eta teknologia berrietan oinarritutako inbertsio-plan batekin batera, zeina hamar urteko epean bilioi bat eurora iritsi baitaiteke.
Ildo horretatik, Iñaki Arriolak ñabardura bat txertatu du gogoraraztean “klima-aldaketari erantzuteko konpromiso handiak hartzea Estatuei, nazioarteko erakundeei eta gizarte zibil antolatuari dagokiela, Madrilen bildu gaituen bezalako goi-bileretan. Baina denok jakin behar dugu, bertan adostutako politikak eta neurriak gauzatzerakoan funtsezkoa dela eskualdeen, autonomia-erkidegoen eta nazioz azpiko gobernuen eginkizuna”.
Eskualde eta tokiko esparru horretan sortzen dira “tartean diren gainerako aktoreek ekonomiaren deskarbonizaziorako bidean aurrera egin eta euren jarduera eraldatu ahal izateko gune, baldintza eta tresnak”. Eta Arriolak hau gehitu du: “Euskadi oso handia den arazo baten oso zati txikia da” Baina bere neurriaren baitan konponbideak bilatzen ari da, eta bi adibide eman ditu.
Batetik, “Bono Jasangarriak jaulkitzea, 1.100 milioi euroko zenbatekoan, 2030 Agendari lotutako gizarte- edo ingurumen-proiektuetarako; hau da, gure urteko Aurrekontuaren hamarren bat”. Eta, bestetik, joan den uztailean Euskadin Larrialdi Klimatikoa deklaratu ondoren, Urban Klima 2050 proiektua aurkeztu da, "Autonomia Erkidegoan datozen urteetarako ekintza klimatikoko ekimen garrantzitsuena eta asmo handikoena". Bere Ingurumen Saila buru duen Europako Batzordearen LIFE proiektu honetan, EAEko 20 entitate baino gehiagok parte hartzen dute lurraldea klima-aldaketara egokitzeko jardueretan.
Klima-aldaketak baliabide-kopuru izugarria mobilizatzera behartuko gaitu. Kontua da ze norabidetan bideratuko diren inbertsio horiek, eta nola egingo diren. “Energia, mugikortasuna, elikadura, ekoizteko moduak, osasuna eta zainketak, etxebizitza eta hiri-diseinua, ekosistemak... Larrialdi klimatikoak abian gaudela norabidea aldatzera behartzen gaitu, eta aldi berean gure kultur eta kontsumo-ildoak aldatzera”, nabarmendu du sailburuak.
Erronka izugarria
Horregatik, erronka izugarria da: “Sektore estrategikoetan proiektu egokiak aukeratzen asmatu behar dugu; proiektu horien kudeaketa eta gauzatzea eraginkortasunez koordinatu behar da; eta ahaleginak eta onurak modu orekatuan banatu behar ditugu, eraldaketa eta egokitzapen ekologikotik herrialderik, sektorerik edo pertsonarik baztertuta gera ez dadin”, azpimarratu du Iñaki Arriolak.
Gobernuei buruzko panelaren ondoren, non parte hartu baitute Baden-Württembergeko Ingurumeneko ministroak, Franz Unterstellerrek, eta Europako Batzordeko Ekintza Klimatikorako zuzendari nagusiak, Yvon Slingenbergek, beste gizarte-erakunde batzuek eta sektore pribatuak esku hartu dute. Besteak beste, Mikel González-Eguinok, BC3ko ikertzaile senior eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle elkartuak, eta Europako Inbertsio Bankuko, Espainiako Inbertsio Sozial Arduratsurako Foroko eta Espainiako Bankuko ordezkariek.