Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Euskadiko parte-hartze kulturalak bilakaera positiboa izan du praktika kultural gehienetan, batez ere antzerkiari, kontzertuei eta dantza-ikuskizunei dagokienez

2019.eko abenduak 09
  • Hiru diziplina horietan 10 urtean 20 puntu baino gehiago hazteaz gain, liburutegietara, museoetara eta bertso-ikuskizunetara joateak ere nabarmen egin du gora.
  • - Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Parte-hartze Kulturalari buruzko Inkesta aurkeztu du gaur, Bilbon.

Bilbao, 2019/12/09         

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Kulturaren Euskal Behatokiak egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Parte-hartze Kulturalari buruzko Inkestaren datuak aurkeztu ditu gaur. Azterlanak erakusten duenez, azken 10 urteetan bilakaera positiboa izan da praktika kulturaletan, bereziki antzerkira (% 21,8tik % 45,7ra igaro da), kontzertuetara (% 16,6tik % 40ra) eta dantza-ikuskizunetara joateari dagokionez (% 9,3tik % 30,6ra). Bestalde, aztertutako 12 praktiken artean, hiru baino ez dira jaitsi: egunkarien irakurketa (9 puntu gutxiago, nahiz eta herritarren % 77,4k egunkariak irakurtzen jarraitzen duten), aldizkariena (6 puntu gutxiago, % 33raino) eta galerietara eta erakusketetara egindako bisitak (ia hiru puntu gutxiago, % 18raino).

Azterlanaren aurkezpena Euskadiko Artxibo Historikoan egin dute, eta sailburuarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak ere parte hartu du. Gaur aurkeztutako analisiaren datuak Kulturaren Euskal Behatokiak egindako 2018ko Kultura-ohiturei, -praktikei eta -kontsumoari buruzko Inkestatik datoz, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean eginda, 6.300 pertsonako laginarekin. Joan den azaroaren 29an eman ziren ezagutzera EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko euskarazko kultur kontsumoari buruzko datuak. Gaur ezagutzera eman den analisia Inkesta berean oinarritzen da, baina Euskadiko Autonomia Erkidegoa hartzen du kontuan, eta honako aldagaiak neurtu ditu: kulturarekiko jarrerak; kultura-jardueren pisua eta haien bilakaera (eszenikoak, ikus-entzunezkoak, irakurketakoak edo erakusketetarako bisitak); asoziazionismoa eta praktika artistiko amateurrak; praktika kultural digitalak; eta, azkenik, euskarazko parte-hartze kulturala (nahiz eta azken atal honetako datuak joan den azaroaren 29an aurkeztutakoen antzekoak diren, oraingoan EAEri dagokionez).

Azterlanaren helburua, Zupiria sailburuak azaldu duenez, herritarren parte-hartze kulturalaren “argazki zehatza emango duten adierazleak lortzea" da: "Parte-hartze kulturalaren inguruko ikerketak aukera ematen digu zehatz-mehatz jakiteko zein puntutan gauden, intuizioen eta pertzepzioen gainetik. Azterlan honek ematen digun argazkiak azken hamarkadan parte-hartze kulturalak izan duen bilakaera behatzeko aukera ematen digu -kasu honetan, oso positiboa-, eta, aldi berean, indarguneak eta ahuleziak aztertzeko aukera ematen digu”. Gaur aurkeztutako txostenaren kasuan, lagina 15 urte edo gehiagoko pertsonei egindako 3.800 elkarrizketek osatzen dute. Laginak lurralde historikoen (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba), bizileku-udalerriaren dimentsioaren, sexuaren, adinaren eta euskararen ezagutzaren araberako ordezkagarritasuna ziurtatzen du, eta horrek aukera ematen du parte-hartze kulturalaren banaketa soziala ezagutzeko, biztanleria-talde desberdinen arabera.

Duela hamar urte egindako aurrekari bat du ikerlanak: Euskal Herriko kultur ohitura, praktika eta kontsumoari buruzko 2007-2008 Inkesta, Kulturaren Euskal Behatokiak bultzatutako lehen estatistika. Horregatik, txostenak duela hamar urteko egoerarekin alderatzen du gaur egungo egoera, kasu honetan EAEri dagokionez.

ONDORIO NAGUSIAK

Kulturarekiko jarrerak eta kultura praktikak

EAEko biztanleriak kulturarekiko jarrera positiboa adierazten du 1etik 10erako eskala batean, kultura-jardueretan parte hartzeak duen garrantzia 7,34 puntuan dago. Parte-hartze kulturalak errekonozimendu soziala baduela erakusten du.

Oro har, parte-hartze kulturalaren bilakaera global positiboa egon da kultura-praktiken burutzapenean. Bereziki gehitu dira antzerkiari, kontzertuei eta dantza ikuskizunei dagokienez (% 20tik gorako gehikuntzak). Aztertu diren 12 praktiketatik 3 murriztu dira: egunkarien irakurketa (9 puntu gutxiago), aldizkariena (6,6 puntu gutxiago) eta arte-galerietara joatea (ia 3 puntu gutxiago).

Liburuak irakurtzea, zinemara eta kontzertuetara joatea, praktika zabalduenak dira biztanleriaren artean. Liburuen irakurketa, zinemara joatea eta kontzertuetara joatea biztanleriaren % 60aren gainetik daude (azken 12 hilabeteetan inkesta egin zenean). Ondoren, % 40tik % 50era bitarteko portzentajeekin gutxi-gorabehera, museoetarako bisitak, antzerkira joatea eta liburutegira joatea ditugu. Nabarmentzekoak dira dantzara joatea, bideo-jokoetara jokatzea eta arte-galerietarako bisitak ere.

Asoziazionismoa eta amateur mailako praktikak

Azken hamarkadan % 61 igo da kultura-elkarteetan parte hartzea. Biztanleriaren % 13k kultura-elkarte batean parte hartzen dute; % 2,6k batean baino gehiagotan; guztira % 15,6ra heltzen da. Hiru biztanletik batek amateur mailako praktikaren bat egiten du. Zehazki, biztanleriaren % 32,6k adierazten dute gutxienez urtean behin parte hartzen duela sormenezko jardueretan, hala nola, idazketan, margolaritzan, dantzan, artisautzan eta beste hainbatetan.

Kultura praktika digitalak

Internet informaziora sartzeko bitarteko eroso bat da, azterlanak islatu duenez. Oso zabalduta dauden (% 70 eta % 85 bitartean, Interneteko erabiltzaileen artean) lau praktikak osatutako blokea nabarmentzen da: albisteen irakurketa, informazio-bilaketa eta musika entzutea. Bigarrenik, gutxiago zabalduta dauden (% 43 eta % 49 bitartean) praktikek osatutako bloke batek kultura-edukiko sarbide- edo deskarga-praktikak biltzen ditu, eta horrekin batera, zuzeneko ikuskizunetarako tiketen erosketa eta webgune edo blog pertsonaletarako bisita. Sare sozialek kultura partekatzea errazten dute. Internetera maiz sartzen den biztanleriaren artean, % 16,5ek material propioa partekatzen dute sare sozialetan. % 25ek beste autore batzuen material artistikoa partekatzen dute. Bostetik batek sareak beste artista batzuk ezagutzeko edo haiekin harremanetan jartzeko erabiltzen ditu. Ia % 16k bere gogoeta pertsonalak idazten dituzte eta % 14k kultura-foroetan parte hartzen dute. 

Bestalde, inkestak islatzen du kultura-edukia duten plataformak aurrera doazela. 10 biztanletik hiruk kontu bat daukate kultura-edukia duen plataforma digitalaren motaren batean. Gazteen artean proportzioa bikoiztu egiten da. Horrelako plataformetan konturen bat duten ohiko internautak kontuan hartuta, hirutik bik ordainketa-kontu bat daukate, dela banakoa dela taldekoa

Euskarazko parte-hartze kulturala

Azkenik, Zupiria sailburuak labur-labur azaldu ditu euskarazko kultur kontsumoari buruzko datuak; izan ere,  Euskal Autonomia Erkidegoko datuak duela gutxi aurkeztutako Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko datu globalen antzekoak dira. Inkestak, abiapuntu gisa, euskararen ezagutza neurtu du: Euskadiko 15 urtetik gorako biztanleen % 36,1era iritsi da (orain dela 10 urte baino 7 puntu gehiago). Datuak bat datoz 2016an egindako Euskararen azken Inkesta Soziolinguistikoarekin.

Ikerketaren arabera, herritarren euskarazko parte-hartze kulturalak bilakaera positiboa izan du, euskararen lurralde osoko datuekin gertatzen zen bezala. Euskarazko antzerkira joatea laukoiztu egin da, bertsolarien ikuskizunetara joateak eta euskal musika entzuteak ere gora egin dute (euskaldunen % 82k euskaraz entzuten du musika euskaraz). Irakurketa egonkor samar mantentzen da (jaitsiera txiki bat islatzen da).

Txosten osoa kontsultatu esteka honetan.

Prentsa-ohar osoa kontsultatu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)