Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria UNESCOren presidentearekin bilduko da

2011.eko maiatzak 02

Patxi López lehendakariak Davidson L.Hepburn UNESCOren Biltzar Nagusiaren presidentearekin bildu da gaur, Hepburn-ek Euskadira bisita instituzionala egingo baitu, lehendakariak gonbidatuta. Bisitaldiaren helburua da Eusko Jaurlaritzarekin eta euskal agintariekin lokarriak sendotzea eta lankidetza areagotzea hainbat arlotan: kulturan eta ondarean, hezkuntzan eta bakerako kulturan, bioaniztasunean, eta garapenerako lankidetzan, hain zuzen.

Euskadiko bisitaldia hasteko, Davidson Hepburn UNESCO-Hezkuntza Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Nagusiaren presidentea Patxi López lehendakariarekin bildu da; bertan izan dira Guillermo Echenique Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Ainhoa Alday Kanpo Harremanerako zuzendaria ere.

UNESCOren agenda instituzionala Euskadin

Lehendakariarekin Ajuria Enean bildu ondoren, agenda betea izango du Davidson Hepburn-ek Euskadin emango dituen hiru egunetan; izan ere, beste hainbat bilera ere egingo ditu: Eusko Jaurlaritzako sailburu Blanca Urgell eta Pilar Unzalurekin, euskal agintari publiko nahiz akademikoekin, UNESCOk Euskadin dituen bi zentro (UNESCO Etxea eta UNESCO San Sebastian) eta katedren arduradunekin, eta Gasteiz eta Donostiako alkateekin.

Bileran zehar bi aldeentzat interesa duten zenbait gai aztertu dira, UNESCOren mundu ondarea eta Biosferaren Erreserba ardatz hartuta. Gaur egun hiru gunek dute mundu ondarearen etiketa: Bizkaiko Zubiak, Kantauri aldeko haitzuloetako artea eta Urdaibaiko Erreserbak. Lehendakariak, halaber, prestatzen ari diren hiru hautagaitza aurkeztu dizkio UNESCOren presidenteari: Done Jakueren Iparraldeko Bidea, Errioxako paisaia kulturala eta Añanako Gatz Harana.

Eusko Jaurlaritzak Davidson Hepburni jakinarazi dio apustu sendoa duela kulturaren eta gizarte irekiago baten alde, ezagutzaren alde —eta hori Open Governament filosofian biltzen da—, bakearen eta bizikidetzaren kulturaren alde eta terrorismoaren eta indarkeriaren kontra.

UNESCOren presidenteak Lankidetzaren Euskal Agentziari buruzko interesa erakutsi du eta agentziaren lanaren eta funtzionamenduaren berri eman diote Jaurlaritzaren kideek. Eusko Jaurlaritzak UNESCO ezagutarazteko burutzen dituen ekimenen berri ere jaso nahi izan du Davidson Hepburnek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)