Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

COP25en, mundu osoko eskualdeetako gobernuek aldarrikatu dute hitza eta funtsezko eginkizuna dutela klimaren krisiari aurre egiteko

2019.eko abenduak 09
  • Regions4-ek, garapen jasangarriaren aldeko eskualde-gobernuen nazioarteko sareak, ohiz kanpoko batzarra egin du gaur goizean Klimari buruzko Goi Bileraren esparruan, eta datorren urteetarako plan estrategikoa onartu du bertan Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritzapean 
  • Regions4 da garapen jasangarriaren alorrean eskualdeen ahotsa biltzen duen nazioarteko sare bakarra, eta 4 kontinentetako 21 herrialdetako 40 eskualde-gobernu biltzen ditu biodibertsitateari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko ikuspegi berezia lantzeko
  • Arratsaldean, eskualdeak uraren erronkari erantzuteko lider izan daitezkeela eta klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako konponbideak daudela nabarmendu da hainbat erakundetako eta herrialdetako espezialistak bildu dituen saio berezi batean

Madrilen Klimari buruzko COP25 Goi Bilera egiten ari den honetan, Regions4-ek, garapen jasangarriaren aldeko eskualde-gobernuen sareak, ezohiko batzar orokorra egin du gaur goizean. Bertan, hurrengo urteetarako plan estrategikoa onartzeaz gain, eskualde-gobernuek klimaren krisiari ekiteko funtsezko garrantzia dutela aldarrikatu dute.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordea, Elena Moreno, iparralderako presidentea da Regions4 sarean, eta berak zuzendu du batzarra. Baieztatu duenez, «eskualdeen ahotsa funtsezkoa da erronka handi honi aurre egiteko. Regions4 sare globalak soilik biltzen ditu mundu osoko eskualde-gobernuak garapen jasangarriaren ikuspegia kontuan hartuz elkarlanean aritzeko, bereziki erreparatuz biodibertsitateari eta klima-aldaketara egokitzeari», adierazi du Morenok.

Hain zuzen, 2020an, biodibertsitatea urteko ardatz tematikoa izatea espero da; batez ere, datorren urrian Biodibertsitatearen Goi Bilera egingo delako Yunnan hirian, Txinan. Hitzordu horrek biodibertsitatearen arloan jarduteko esparru orokorra finkatuko du hurrengo hamarkadarako, 2020 osteko esparru delakorako.

Gobernu-eredu berria

Gaurko bileran, gobernantza-eredu berria onartu da Regions4 sarerako. Presidentzia bakarra izango du –orain arte bi presidentzia zeuden, bata iparralderako, Euskadiren esku, eta bestea hegoalderako, Ekuadorreko Azuay eskualdearen esku–, eta lau presidenteordetza geografiko ezarriko ditu: Europan, Amerikan, Afrikan eta Asia-Ozeanian. Hain zuzen, 2020. urtearen lehen hiruhilekoan erabakiko da zer eskualdek beteko duen postu berri horietako bakoitza, eta bitartean, sarearen presidentzia betetzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak.

«Gaurko batzarra sarearen lehen bilera izan da, irudia eta izena aldatu zuenetik (Regions4 izan aurretik, nrg4SD zuen izena). Kide berriak sarearekin elkartu zirenean berritzea eta indartzea izan zen aldaketaren asmoa», azaldu du Moreno sailburuordeak. «Horrez gain, sareak erraztasunak ematen ditu mundu osoko eskualdeak sartu ahal izateko; izan ere, lurralde bakoitzeko biztanle kopuruaren eta per capita errentaren arabera kalkulatzen da kidetza-kuota, guztiak ekitatez sartu eta inor kanpoan geratu ez dadin» gaineratu du Elena Morenok.

Regions4-ek 4 kontinentetako 21 herrialdetako 40 eskualde-gobernu hartzen ditu barnean. Nazio Batuen hainbat erakundek aintzatetsitako sare bat da, eta nazioarteko konferentzia eta goi-bilera handietarako akreditazioa du, kideek nazioarteko ekitaldi horietan parte hartu ahal izateko, haien arteko harremanak indartzeko eta mundu osoko negoziazioen jarraipena egin ahal izateko.

Urari eta konponbide naturalei buruzko saioa

Arratsaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Regions4 sareak saio berezia antolatu dute bi gairen inguruan eztabaidatzeko: batetik, eskualdeak uraren erronkari erantzuteko lider izan daitezkeela eta, bestetik, klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako konponbideak.

Hainbat erakundetako eta eskualdetako hamar bat espezialista izan dira saioan (besteak beste, Amazoniako Amapá eskualdea, Reunion, Lombardia, Åland uharteak, Columbia Britainiarra, Vihiga, Katalunia, Euskadi eta Azuay), eta haien esperientzien eta jardunbide egokien berri eman dute ehunetik gora entzuleren aurrean. Hizlarien artean izan dira Aitor Zulueta, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Naturaleko eta Klima-Aldaketako zuzendaria, eta Ernesto Martínez de Cabredo, URA–Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia. Elena Moreno sailburuordeak eman dio amaiera bilerari.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak