Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakaria: “Inbertsioak, nazioartekotzeak, teknologiak eta berrikuntzak jarraituko dute aurrera egiteko eta hazteko gakoak izaten”

2019-12-09

Iñigo Urkullu Lehendakaria Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarekin batera, Ingeteam-en instalazio berriaren inaugurazioan izan da; bertan ziurtatu du instalazio publikoek jarraituko dutela lanean, balioa sortu eta ekonomiaren lehiakortasunean aurrera egiteko eta euskal enpresaren nazioartekotzea finkatzeko, bai eta haren errotzea ere. “Azken batean, gure enpresak ere gure herrialdea dira”, esan du. Lehendakariak nabarmendu du inbertsioak, nazioartekotzeak, teknologiak eta berrikuntzak jarraituko dutela aurrera egiteko eta hazteko gakoak izaten. Hori horrela, Euskadik industria-sektorerako ibilbidea eta etorkizuneko ikuspegia dituela esan du.

Iñigo Urkullu Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak honako alderdi hauekin duen konpromisoa azpimarratu du: berrikuntza, espezializazio adimenduna, fabrikazio aurreratua, jarduera-sektore berriak edo energiaren sorkuntza edo kontsumo eraginkorrena. Era berean, honako helburu hau partekatu du: prestakuntza espezializatuari bide ematea, kalitate gehiagoko enplegu-aukerak sortzea eta, bereziki, emakumeakteknologia- eta industria-jardueretan txertatzea.

Ingeteam Ortze eskola itsasontzia berritzeko proiektu estrategikoaren buru da, eta datorren urteko udaberrian erabat operatibo egongo da. Hura Euskadin diseinatutako, garatutako eta operatutako lehen itsasontzi elektrikoa izango da. Lehendakariak nabarmendu du Ortze nazioarteko erreferente bilakatuko dela, bai haren teknologiagatik, bai euskal kostaldean garatuko dituen lanbide- eta ikerketa-prestakuntzako ekintzengatik. “Hau euskal industriak garapen jasangarriari egiten dion ekarpenaren adibide argia eta praktikoa da; klima-aldaketari erronka eta aukera gisa egiten dio aurre”, esan du.

Parte-hartzaileek hitz egin ondoren, oroitzapenezko xafla inauguratu dute. Ondoren, ekitaldira bertaratu direnek Ingeteamen instalazio berria bisitatu dute: mihiztatze-gunea, trakzioko, ontzigintzako eta meatzaritzako ekipoak muntatzeko gunea, proba-gunea eta bidalketa-gunea ikusi dituzte.

Ingeteam

Ingeteam energiaren bihurketan espezializatutako enpresa-taldea da. Nagusiki, potentziako elektronikako ekipoak, kontroleko elektronikakoak, motorrak, sorgailu elektrikoak, urpeko ponpa eta motorrak eta ingeniaritza elektrikoko ekipoak garatzen ditu.

Honako sektore hauentzat garatzen ditu produktuak: haize-sorkuntza, fotovoltaikoa, hidraulikoa eta fosila, metalen eraldaketaren industria, ontzigintza, trenbide-trakzioa, energia elektrikoaren sarea, azpiestazioak barne, bai garraioa eta banaketa ere, betiere energiaren sorkuntza eta kontsumo eraginkorragoa bilatuz.

Enpresak mundu guztian dihardu, eta 22 herrialdetan dago iraunkor finkatuta; guztira, 3.900 enplegatu ditu.Bere jarduera I+G jardueraren oinarrian egituratzen da; urtean, bere fakturazioaren % 5,5 inbertitzen du horretan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)