Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak beste itsasontzi bat izango du Euskadiko itsasertzeko zaintza eta erreskate lanetarako

2019.eko abenduak 09

Une hauetan flota bederatzi ontzik osatzen dute; horietako bost urpekaritza-lanetarako dira eta beste laurak zaintza eta erreskate lanetarako erabiltzen ditu Itsasoko Unitateak

 

Santurtzi, 2019ko abenduak 9.

Ertzaintzak gaurtik aurrera beste itsasontzi bat izango du Euskadiko itsasertzeko zaintza eta erreskate lanetarako. Itsasontziaren izena Itsasargi da eta 11 metroko luzera du. Une hauetan bederatzi itsasontzik osatzen dute Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatearen flota; horietako bost batez ere urpekaritza-lanetarako dira eta beste laurak itsasertzeko zaintza eta erreskate lanetarako erabiltzen ditu Itsasoko Unitateak.

 

Itsasargi interbentzio arineko itsasontzi profesionala da, kabina eta kroskoa aluminiozkoak ditu, karelez kanpoko bi motorrek higitzen dute eta gehienez bederatzi pertsonarentzako lekua du. Aluminiozko kabinak hiru pertsonak osatutako tripulazioa babesten du, eta erabateko ikuspena du norabide guztietan. Kabina erabat itxia da, eta molde nordikokoa.

 

Kabina barruan sei eserleku daude, horietako lauk amortiguazio-sistema dute, eta laurak brankarantz orientatuta daude, ergonomikoak dira (abiadura handi motakoak) eta esekiduraz eta segurtasun-uhalez hornituta daude.

 

Kontsolan komunikazio- eta nabigazio-ekipoak, tresneria elektrikoa eta bateriak eta ontzia gobernatzeko elementuak daude. Bestalde, indarrean dauden arauei jarraituz, ontziak salbamendu-txaleko puzgarriak, irratibalizak, bengalak eta arauzko botikina ere baditu.

 

Ontzi berria 298.000 euroan esleitu zen, eta gasolina erabiltzen du erregai moduan.

 

Itsasargi Zaintza eta Erreskate Unitatearen flotan sartu da, eta flota hori une hauetan batez ere urpekaritza-lanetan erabiltzen diren bost txalupak eta Itsasoko Unitateak zaintza eta erreskate lanetan eta beste hainbat polizia-lanetan erabiltzen dituen beste lau ontzik osatzen dute. Era berean, datorren urteko aurrekontuetan 400.000 euroko kontu-sail bat dago izendatuta beste ontzi bat erosteko.

 

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak gaur goizean bisitatu du itsasontzia Santurtziko dartsenan, eta Ertzaintzaren flota berritzeko planaren baitan erosi dela adierazteaz gainera, “itsasontzi berri horri esker gehiago hurbildu ahal izango gara kostaldera erreskate-lanetarako eta azaleko uretan nabigatzeko, eta mantentze-lanak errazagoak izango dira karelez kanpoko motorrak eta kontsumo txikiagoa dituenez” azpimarratu du.

 

Segurtasun Sailaren arduradunak berriz eskatu du Itsas Salbamenduaren eskumena eskualdatzea eta Segurtasun Publikoaren Plan Orokorrean bete-betean integratzea, eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatearen zaintza- eta erreskate-lanen bidez herritarrei ematen zaien zerbitzua azpimarratu du. Aurtengo urtean, orain arte, guztira 364 esku-hartze egin dira itsasertzean.

 

Itsaontzia aurkezteko ekitaldian izan dira Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Ana Agirre, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Santurtziko alkate Aintzane Urkijo, Bilboko Portuaren eta Kapitaintza Nagusiaren ordezkariak eta Ertzaintzako hainbat agintari, hala nola, Josu Markaida Laguntza Taktikoko buruzagi nagusia, Angel del Río Zaintza eta Erreskate Unitatearen burua eta Guadalupe Camino Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendaria.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Aintzana Urkijo, alcaldesa de Santurtzi