Eu

Amilibia: “Boluntariotzak Euskadin errotze eredugarria du”

2019.eko abenduak 05
  • Boluntariotzaren Euskal Agentziek zenbait ekitaldi garatu dituzte gaurko, azaroaren 5erako, Nazioarteko Egunaren inguruan
  • NBEren lema: “Boluntarioak etorkizun inklusiboagoaren alde”
  • Euskadi: zortzi pertsonatik bat boluntarioa da: euskal biztanleen % 13,4k boluntario-lanetan dihardu hirugarren sektoreko erakunderen batean

VG 05 12 19

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak “Boluntarioak etorkizun inklusiboagoaren alde” Nazio Batuen lema nabarmendu du, garapen jasangarrirako helburuen hamargarren puntuarekin bat etorriz. Boluntariotzak Euskadin errotze eredugarria du, eta aukerak eskaintzen ditu, pertsonek beren bizitzetan eragin positiboa sortzeko eta, beren denbora eta ezagutza eskainiz, erkidegoetan eginkizun eraikitzailea garatzeko”. 

 

Boluntariotzaren Nazioarteko Egun honetan, Boluntariotzaren hiru euskal agentziek, elkarte-egitura eratzen duten erakundeekin batera (Bolunta Bizkaian, Gizalde Gipuzkoan eta BatEkin Araban), gaurko zenbait ekitaldi antolatu dituzte. Boluntariotzari buruzko euskal txostenaren arabera, euskal herritarren % 13,4k dihardu boluntariotzan hirugarren sektoreko erakunderen batean, ia 242.000 pertsonak.

 

Araban, Batekin Boluntariotzaren Arabako Agentziak “Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzailea; begiradak eraldatzen” lantegia antolatu du; lantegi horren bidez, parte-hartzearen eta boluntariotzaren berri eman nahi die gazteei, eta hurbileneko errealitateaz hausnartzeko, eztabaidatzeko eta ezagutzeko espazioak sortu. “Horren bidez, ahaldundu egin daitezke eta aldaketa-eragile gisa ikus dezakete beren burua. Azken urteotan, 100 prestakuntza-ekintza eman dira, eta 14 eta 24 urte bitarteko 1.000 pertsona baino gehiagorengana iritsi da haien bidez, hiriko zenbait ikastetxetan”.

 

Ildo horretan eta gazteria proaktiboenerako begirada ere irekitzeko, Vitoria-Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuarekin batera, datorren ostegunean, abenduaren 12an, GazteLab garatuko da, baterako analisirako eta lanerako espazioa; bertan, gazteria protagonista izango da etorkizunean euskal hiriburuan egin daitezkeen ekintzei buruzko hausnarketan.

 

Gipuzkoan, Gizaldek, Sareginez Boluntariotzaren Erakundeen Sarearekin batera, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna Donostiako DBUSen hiri-autobus guztietan ikusaraziko du; haietan, kartela jarriko da eta gaur, ostegunean, hilaren 5ean, Donostiako Gipuzkoa plazan “Erein Boluntariotza” lemapean egin da jarduera bat, eta haren helburu nagusia izan da “boluntariotzatik ereiten diren haziek ematen dituzten onurak ikusarazi eta aitortzea”. Haziak ereiteaz gainera, mezuak esekitzen ari dira boluntariotzaren zuhaitzean.

 

Bizkaian, Boluntak bi sentsibilizazio-ekintza garatzen ditu: “Boluntariotza aitzakiarik gabe”, “kontzientziak eragitea eta boluntario izan nahi duten baina horretarako denborarik aurkitzen ez duten pertsonak animatzea” helburu duena. Era berean, Bizkaiko Boluntariotzaren Erakundeen Foroarekin batera, ekitaldi bat antolatu da boluntariotzaren eta haren erakundeen lana aintzatesteko. “Partekatu eraldatzeko” lemapean, 200 boluntariok hitzordua izan dute Bilboko Berreginen Museoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak