Berriak Segurtasuna

Trafiko Zuzendaritzak eskatzen du errepidean erne ibiltzeko, zubi honetan istripuak saihesteko

2019.eko abenduak 05

2019/12/05)

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak kontuz eta erne ibiltzeko eskatzen die gidariei, datozen jai-egunotan trafikoa areagotu egingo dela aurreikusten denez. Bihartik, abenduaren 6tik, igandera, abenduaren 8ra, bitartean Euskadiko errepide-sarean areagotu egingo dira joan-etorriak, bai barnekoak bai Estatuko beste leku batzuetarakoak. AP-1 eta A-1 elkartzen diren Armiñongo lotunean arreta berezia izatea gomendatzen da, bi noranzkoetako erreiak zabaltzeko lanek aurrera jarraitzen baitute. Burgoserako noranzkoko adarrak errei bat izan ordez bi izateko ari dira lanean, eta Gasteizko noranzkoan, berriz, bat izan ordez bi edo hiru izateko.

 

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak, Sonia Díaz de Corcuerak, bideko elkarbizitza lasai eta errespetuzkorako deia egin du istripuak saihesteko. “Errepidean arreta handiz ibili behar da beti, eta are gehiago ibilgailuen fluxua handia denean, hurbiltzen ari den zubi honetan gertatuko den bezala. Euskadiko errepide-sarean egun hauetan joan-etorriak areagotzen ari direla ikusten ari gara, eta horren aurrean berebiziko garrantzia du zuhurtzia, ardura eta arreta osoz gidatzeak, oporretako irteera eta itzulera ezustekorik gabe egin ahal izateko. Gogoan izan behar dugu errepidean arreta galtzeak oso ondorio txarrak izan ditzakeela, eta bost zentzuak erne izan behar dira, beraz, eta saihestu egin behar dira alkoholaren eta drogen kontsumoa eta gehiegizko abiadura edo desegokia. Bide-segurtasuna guztion ardura da”.

 

 

Istripuen tasa

 

Iaz, abenduaren 5etik 9ra bitartean Ertzaintzak guztira 132 trafiko-istripu erregistratu zituen Euskadiko errepideetan, eta hildakorik izan ez zen arren, guztira 8 zauritu larri izan ziren.

 

Gomendioak:

Hona hemen errepidez bidaiatu behar dutenentzako hainbat aholku:

Bidaiaren aurretik:

  • Garrantzizkoa da erabiliko diren errepideen zirkulazio-egoeraren berri izatea. Trafiko Zuzendaritzak hainbat bide ditu trafikoaren egoerari buruzko informazioa denbora errealean emateko: www.trafikoa.eus webgunea, @trafikoaEJGV Twiter kontua, TrafikoaEJGV APPa eta arreta 24 orduetan ematen duen 011 telefono-zenbakia.
  • Komeni da eguraldiaren aurreikuspenak jarraitzea eta horren arabera planifikatzea bidaia. Eguraldi txarra denean, zuhurrago ibili behar da, abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurretik doazen ibilgailuekin. Zorua bustita dagoenean, tarte handiagoa behar da ibilgailua gelditzeko.
  • Euria egiten badu ere, pneumatikoak eta beira-garbigailuak egoera onean izan behar dira. Hondatuta badaude, ezingo dute ura behar bezala kanporatu, eta istripua eragin dezakete.
  • Alkoholdun edariak eta drogak ez dira bateragarriak gidatzearekin.

Bidaian:

  • Nahitaezkoa da segurtasun-uhala erabiltzea, baita atzeko eserlekuetan ere, eta ziurtatu beharko da adin txikikoek haurrak eusteko sistema egokia daramatela.
  • Ez ahaztu gidatzea errepidearen inguruabarretara egokitzea uneoro.
  • Zoruan izotza badago, gogoan izan ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituztela libratzen irristatzeko arriskutik, eta abiadura moteltzea eta zuhurrak izatea aholkatzen da, beraz.
  • Komeni da atsedenaldiak egitea gutxienez bi orduz behin edo 200 kilometroz behin. Nekea eta deskuiduak dira trafiko-istripu askoren arrazoi nagusiak.
  • Bigarren mailako errepideetatik zirkulatzen denean, erne jarraitu beharko dugu, nahiz eta ibilbide ezagunak izan. Gehiegizko konfiantza ez da bidaia-lagun ona izaten.
  • Arretaz eta errespetuz jokatu errepidean aurkitu ditzakegun txirrindulariekin. Txirrindulariak aurreratzean metro eta erdiko tartea, gutxienez, utzi beharko da haien alboan.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)