Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Beatriz Artolazabal: “Euskadin, bazterketa-arriskuan dauden pertsonek eta beharrizana dutenek beren gizarte-arretan segimendu eta laguntza xehatua dute”

2019.eko abenduak 04
  • ONCEren sari solidarioen ekitaldian, Bilbon
  • “Gizarte konprometitua eraikitzen ari gara, Europako kohesionatuenen artean egoteko”

Bilbo, 2019-12-04

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “zorionez, Euskadin bazterketa-arriskuan dauden pertsonek, beren oinarrizko beharrizanak aseta ez dituztenek, adinekoek, emakumeek eta beharrizana dutenek segimendua eta laguntza dute beren gizarte-arretan. Gizarte konprometitua eraikitzen ari gara, Europako kohesionatuenen artean egoteko”.

Artolazabalek ONCEren Sari Solidarioak banatzeko ekitaldian parte hartu du, Bilbon, eta honako hau esan du: “ez dago aurrera egiten duen gizarterik, baldin eta hura eratzen duten eta ezaugarri, behar, ilusio eta helburu berak dituzten pertsona guztiekin solidarioa eta inklusiboa ez bada. Euskal gizartea aurreratua da, eta inklusioaren alde egiten ari denarekin harro dago”.

Galan, Rafael Ledesma ONCE Euskadiko presidenteak, Montserrat Arceredillok, Javier Aguadok, Imelda Fernández ONCEko Gizarte Zerbitzuetako eta Partaidetzako presidenteordeak, Juan Carlos Andueza ONCE Euskadiko lurralde-ordezkariak eta Laura Ferrer eta Patty Bonet aurkezleek parte hartu dute.

Enpresarentzako Saria Petronorrek jaso du, eta Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru-diputatuak eman dio José Ignacio Zudaire Petronorreko Pertsonen eta Erakunde Antolamenduaren eta Harremanen zuzendariari. Komunikazio Lanari dagokion saria Cadena Ser-eko Podcast “Generación Z”ri eman diote, eta Vicente Reyes Bizkaian Gobernuko ordezkariordeak eman die Begoña Marañóni eta Olga Granderi. Pertsona Fisikoarentzako saria Caritaseko Mikel Ruizi eman diote, eta Rafael Ledesmak eman dio.

Matazak

GKE erakundearen Saria “Madejas contra la violencia sexista” izeneko proiektuari eman diote, eta Beatriz Artolazabalek eman dio Isabel Otero “Madejas contra la violencia sexista” proiektuko bozeramaileari. Administrazio Publikoaren saria Bilboko Udalak jaso du, “Bigarren +60 Plana”gatik, eta Imelda Fernándezek eman dio Juan Mª Aburto Bilboko alkateari.

“Gure gizartea mataza handiaz ari da arreta zabala ehuntzen eta hari forma ematen, konpromisoaren, gizartea eratzen dugunon erantzunkidetasunaren eta gure gaitasunen arabera gutako bakoitzak ematen dugun laguntzaren balioetan oinarrituta.  ONCEn egoki asmatzen duzue gure gizarte-ingurunea hobea izatea lortzen ari diren proiektu eta jarrera solidario, positibo, inklusibo eta eragingarri guztiekin”, esan du Artolazabalek.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzen arabera, “gaur, saritutako pertsona, erakunde eta enpresa bakoitza eredurik onena zarete pertsonen alde lanean jarraitzeko, gizarte eskuragarri eta baliodun horren bidean. Zorionez, Euskadi urrats ugari eta handiak ematen ari da helburu hori betetzeko. Zorionez, Euskadin, bazterketa-arriskuan dauden pertsonek, oinarrizko beharrak aseta ez dituztenek, gure adinekoek, emakumeek eta beharrizana duten guztiek segimendu eta laguntza xehatua dute”.

“Gizarte konprometitua eraikitzen ari gara, Europako kohesionatuenen artean egoteko. Guztion artean, elkartasunaren eta inklusioaren bide horretan, beharra dutenak ikusaraztea lortuko dugu, entzun ditzaten eta arreta eman diezaieten, ahaldundu ditzaten eta gero eta solidarioagoa den herrialde honetan bete-betean integra daitezen”, esan du Artolazabalek, amaitzeko.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Rafel ledesma, Juan María Aburto, Sergio Murillo, Montserrat Arceredillo, Javier Aguado, Imelda fernández, Iñigo Arbiza, Juan Carlos Andueza, Laura Ferrer, Patty Bonet, Mikel Ruiz, Vicente Reyes