Berriak Hezkuntza
Eu

Eskola-jazarpenaren bilakaera Euskadin: 2018-2019 ikasturtea

2019.eko abenduak 05
  • 2018-2019 ikasturtean 96 jazarpen kasu identifikatu ziren Euskadin, Ikuskaritzak aztertutako 755 kasuen % 12,72

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak 2018-2019 ikasturtean eskola-jazarpen kasuek Euskadin izan duten bilakaera aurkeztu du gaur goizez, Hezkuntza Ikuskaritzak bildutako datuak ezagutaraziz. Baina aipatutako datuez gain, ISEI-IVEIk (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak) Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleei egindako galdetegi baten emaitza nagusiak ere azaldu ditu, eskola-jazarpenaren ingurukoak hauek ere. Horregatik, sailburuarekin batera, Jose Angel Ayucar Hezkuntza Ikuskaritza zerbitzuko ikuskatzaile nagusiak eta Xabier Aizpurua ISEI-IVEIko zuzendariak ere parte hartu dute prentsaurrekoan.

Aztertutako kasuetan igoera

2018-2019 ikasturtean, eskola-jazarpen gisa identifikatutako 96 kasu egon dira Euskadiko ikastetxeetan; hau da, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 755 kasuen % 12,72. Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, aztertutako kasuen kopuruak gora egin du nabarmen (553tik 755era), baina ez da igo, hein berean, jazarpen gisa baieztatutako kasuen kopurua (79 kasutik 96 izatera igaro dira). Beraz, ehunekotan, azken bi ikasturteetan jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruak behera egin du: 2017-2018 ikasturteko % 14,29tik 2018-2019 ikasturteko % 12,72ra.

Horrela bada, nabarmentzekoa da hamarkada batean Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamar aldiz biderkatu dela (2008-2009 ikasturtean 75 kasu izatetik, joan den ikasturtean 755 izatera); hala ere, ez da gauza bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuekin: 39 kasutatik 96ra, aldi berean.

Datu hauek azaltzen dituzten arrazoien artean, Uriarte sailburuak aipatu du gaur egun hezkuntza-komunitateak zein gizarteak oro har eskola-jazarpenaren aurrean duten sentsibilizazio-maila altua, jazarpen-kasuen gorakada baino gehiago. Baina bereziki, Hezkuntza Ikuskaritzak gai horretan hartu duen ardura nabarmendu du. "Duela ikasturte batzuetatik hona, Hezkuntza Ikuskaritzak aurrerapauso bat eman du, eta haren jarduna nabarmen aktiboagoa bihurtu da. Horra hor hori baieztatzen duen datua. Joan den ikasturtean, ikastetxeek eta Ikuskaritzak 755 eskola-jazarpen kasu aztertu dituzte guztira. Horrek esan nahi du ikertutako 202 kasu gehiago izan direla ikasturte bakarrean. Alde handiz, ikusten dugunez, kasu gehien aztertu diren urtea izan da. Eta hori ez da jazarpena areagotu delako, baizik eta gizartea gehiago sentsibilizatu delako eta ikastetxeetan zein Ikuskaritzan arreta handiagoa jarri delako. Zalantza txikienaren aurrean, kasua aztertu egiten da", azaldu du.

Jazarpen gisa identifikatutako kasu gehien Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 96 kasu horietatik 50 etapa horri dagozkio (% 53). Antzeman diren kasuen izaera aztertuz berriz, zera ikusten da:

  • Eraso fisiko zuzena: kasuen %6an
  • Hitzezko erasoak: %31
  • Bazterketa edo marjinazio soziala: %46
  • Beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuak: %6
  • Jazarpen edo abusu sexuala, jazarpen sexista: %4
  • Bestelakoak: %6

Aipatzekoa da, bestalde, identifikatutako kasu horien %23an jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. Ziberbullying deritze kasu hauei.

Ikasleen pertzepzioak

Hezkuntza Ikuskaritzak jasotako datuez gain, ISEI-IVEIk (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) egindako galdetegi baten ondorio nagusiak ere azaldu ditu Uriarte sailburuak. Zehazki, Lehen Hezkuntzako 94 ikastetxetako 4., 5. eta 6. mailako 5.923 ikasleri eta DBHko beste 89 ikastetxetako 8.080 ikasleri egin zaie galdetegia. Ikasleek eskola-jazarpenaren inguruan dituzten pertzepzioak dira, beraz.

Galdetegiaren emaitzek erakusten dute Lehen Hezkuntzan jaitsi egin dela eskola-jazarpena jasan dutela hautematen duten ikasleen ehunekoa: 2012ko %21etik 2018ko %18,9ra. DBHn, portzentaje hori %15,7koa da 2018an; bi urte lehenago, berriz, %18,8koa zen.

Sexuen arabera, alde handiak ikusten dira ikasleen pertzepzioan. Mutilek neurri handiagoan sentitzen dute eskola-jazarpena jasaten ari direla, bai Lehen Hezkuntzan, bai DBHn.

Uriartek adierazi du iritzi eta pertzepzio horiek ere garrantzitsuak direla zuzentzen duen Sailarentzat, jazarpenari aurrea hartzeko ekintzak planifikatzeko edo neurriak hartzeko orduan.

Bizikasi ekimena

Aurkezpenean, sailburuak Bizikasi ekimena ere izan du hizpide, hau da, Hezkuntza Sailak 2017 urtearen amaieran abian jarri zuen eskola-jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako ekimena. Jazarpenaren aurkako ekimena erabat zabalduta dago dagoeneko ikastetxe publiko guztietan, eta pauso berriak ematen jarraitzen du:

  • Euskadiko ikastetxe publiko guztietan burutu den bigarren prestakuntza-fasea amaitu da, ikastetxe hauetako BAT lantaldeen bidez (zentro bakoitzean ekintzak zuzentzen dituzten taldeak dira).
  • Ikasturte honetan, Hezkuntza Sailak prestakuntza ematen die hala eskatu duten itunpeko ikastetxeei ere. Lehen fasea amaitu da dagoeneko, eta hilabete batzuk barru bigarren fasea hasiko da ikastetxe gehiagorekin.
  • Material didaktikoei dagokienez, hainbat etapatarako material ugari lantzen jarraitzen da, eta une hauetan, Saila ikus-entzunezko material didaktikoa diseinatzen ari da. Jazarpenarekin zerikusia duten eszena batzuk bilduko dituzten hainbat bideo prestatzea da asmoa, ikasgeletan aztertu eta eztabaidatu ahal izateko.

Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesik duen ororentzat irekia dagoen www.bizikasi.euskadi.eus webguneak, eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materialak nahiz tresnak eskaintzen ditu. Webgune bizia da, une oro elikatua, eta jazarpenaren aurkako lana ahalik eta ondoen egiteko erraztasunak eskaintzea du helburu.

Gaur aurkeztu diren datuak eta horiekin osaturiko grafikoak, atxikitako PDF dokumentuan ikus daitezke

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AlbBarranco
    2019.eko abenduak 06

    Comentario de Twitter:
    Irekia - Evolución del acoso escolar en Euskadi: curso 2018-2019 https://t.co/2lYeZEhOBk

Ekitaldiko kargudunak