Eu

Eusko Jaurlaritzak Donostiako abiadura handiko geltokiaren obrak lizitatu ditu, 97 milioi euroan

2019.eko abenduak 05
  • Atotxako geltokia eraberritzeko exekuzio epea 42 hilabetekoa da, eta 2023an bukatuko dira lanak.
  • Gipuzkoako geltokia izango da AHT jasotzen lehena hiru euskal hiriburuetatik

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarearen bidez, Donostiako abiadura handiko geltokiaren obren lizitazioa martxan ipini du. Lanek 97 milioi euroko aurrekontua dute (BEZa barne), eta 42 hilabeteko exekuzio-epea; beraz, 2023an bukatuko dira lanak. Dena den, inbertsio osoa 101,5 milioi eurokoa izango da (BEZa barne), eraginpeko zerbitzuak leheneratzeak kostatuko duena (hori espediente independenteetan izapidetuko da) eta ondarea kontserbatu eta aberasteko lanetara bideratutako % 1,5 kontuan hartuta, beste lan batzuen artean.

Hala, Atotxakoa izango da hiru hiriburuetan eraikiko diren euskal Y-aren hiru terminaletan lehena. Eraikuntza hori exekutibo autonomoaren esku egongo da, 2017an Sustapen Ministerioak zabaldu egin baitzuen Gipuzkoako Euskal Yaren tartearen enkomenda agindua.

Atotxako geltoki berria Norteko geltokiaren egungo arkitekturan eta Tabakaleraren ingurunean integratuta egongo da; aldi berean, hainbat garraiobideren arteko konexioa sustatuko du: aldirietako trena, abiadura handiko trena eta autobusak (autobus-geltokia independentea bada ere, konexioa nabarmen hobetuko da). Eptisa Cinsa-Jon Montero ABEEak sinatutako proiektuak erantzun integrala eskainiko die Egia eta Erdialdearen arteko oinezkoen fluxuei.

Hauek dira Atotxako geltoki berriko jarduketa nagusiak:

  • Trenbide-zabalgunea berritzea. Amaitutakoan, aldirietako trenetarako bi nasa (1. eta 2. trenbideak, bi muturretan) egokituko dira, hiru harirekin (zabalera iberikoa eta nazioartekoa) eta ibilbide luzeko nahiz abiadura handiko hiru nasa izango dira, UIC zabalerako lau trenbideri zerbitzu emango diotenak (3., 4., 5. eta 6. trenbideak), izango ditu.
  • Geltokiaren eraikina berreraikitzea. Egungo eraikinaren toki berean egongo da, baina eraikina geltokiaren beharrizan funtzional berrietara egokituko da. Egungo eraikinaren fatxada mantenduko da, barruko aldea berreraikiko da eta beste bi solairu gehituko dira.
  • Aldirietako trenen eta ibilbide luzeko trenen beheko atarteak, nasetara iristeko. Beheko solairuan egongo dira eta erabilgarriak izango dira bidaiarien kontrola egiteko eta nasetara iristeko. Ibilbide luzeko trenen atartean, merkataritza-gune bat eta etorkizuneko tren-operadoreentzako guneak egongo dira.
  • Egiara iristeko beheko igarobidea. Aurreko bi atarteen artean egongo da. Hiriaren erdigunea eta Egia auzoa komunikatzeaz gain, beheko gune edo plaza horretatik bi atarteetara edo nasetara iritsi ahal izango da.
  • Trenbideen gaineko plaza. Geltokiko trenbide-zabalgunearen gainean egongo da, eta zoladuraren kota bat etorriko da ondoan duen Tabakalera (KGNZ) eraikinaren lehen solairuaren kotarekin; horri esker, plaza publiko bat eraiki ahal izango da, kultura-eraikinetik zuzenean geltokira sartzeko. Trenbideen gaineko plaza horren azalera osoa 5.723 m2-koa izango da.

Zaharberritze garrantzitsu hori egiten den bitartean, trenen trafikoa mantendu beharko da, eta, aldi berean, erabiltzaileei zerbitzu egokia eman behar zaie. Horretarako, obrak exekutatu bitartean, behin-behineko geltoki bat eraikiko da egungo eraikinaren parean; Nestor Basterretxea plazatik sartuko da bertara.

Eraikin berria

Eraikin berriak, beharrizanen programa betetzen dela bermatzeaz gain, udal-araudiak berak baldintzatutako bi alderdi hauek jasoko ditu: alde batetik, egungo markesina kontserbatzea, Jean Biarez ingeniari frantsesak, Alexandre Gustave Eiffelen kolaboratzaileak, egina baita; beste alde batetik, Maria Cristina zubiaren aurreko zutabedia kontserbatzea. Horren helburua da egungo geltokiaren arkitektura errespetatzea, ahal den neurrian.

Ibilbide luzeko eta aldirietako trenen atarteak beheko solairuan egongo dira, trenbideen azpian, eta bi atarteen arteko konexioa Frantzia pasealekuaren eta Nestor Basterretxea plazaren arteko beheko igarobidea izango da; horretarako, trenbide-zabalgunearen eta egungo eraikinaren azpian 7.400 m2-ko azalera duen gunea eraiki beharko da.

Beste bi solairu gehitzea proposatzen da, antzeko altuera eta luzera izango dituztenak; errezel-hormako fatxada izango du, bai eta zeramikazko ezaugarriak dituen sareta bat ere, eguzkitik babesteko. Horrek are balio handiagoa emango dio egungo eraikinari.

Hala, lau solairuko eraikina proposatzen da; hau izango da banaketa:

  • Sestra azpiko solairuan, bulego teknikoak, geltokiaren instalazioak eta ustiaketari lotutako beste biltegi batzuk jarriko dira.
  • Beheko solairuan, sarbide nagusia egongo da, markesina batek babestua eta geltoki zaharraren fatxadaren ardatzean kokatua. Bertatik sarbidea egongo da atarte batera, aldirietako tren-txartelen autosalmenta-makinetara iristeko, baita pasabide zabal batera ere; pasabideak ibilbide luzeko trenen atartera eramango gaitu, eta atarte horretatik beheko solairura jaitsi ahal izango dugu, eskailerak edo igogailua erabiliz.
  • Lehen solairuan, konpartimentutan banatutako hainbat gune egongo dira; bertan, bulegoak, bainugelak eta aldagelak, trenbide-instalazioak eta segurtasun-lokalak egongo dira.
  • Bigarren solairuan, zirkulazio-kabinetea, bulegoak eta bainugelak egongo dira.

Beheko atarteak

Beheko solairuan geltoki berriak hartuko duen tokia dela-eta, espazioa mugatuta dago; ondorioz, eskanerren kontrola eta nasetarako sarbidea beheko solairuko ibilbide luzeko trenen atartean jarri behar dira.

Ahal den neurrian “soto-efektua” ezabatze aldera, espazio bikoitza edo “mezzanine” bat proposatu da, argi naturala sar dadin; gainera, horri esker, beheko solairua eta Frantziako pasealekua zuzenean ikusi ahal izango dira.

Ibilbide luzeko trenen beheko atarte hori zuzenean konektatuta egongo da, halaber, Maria Cristina zubiaren eta Nestor Basterretxea plaza berriaren artean dagoen lurpeko igarobidearekin; horren helburua da baldintza espazialak hobetzea eta, horretarako, plazaren luzapen gisa diseinatu da.

Kontrola igaro ondoren, bidaiariak erdiko nasetara iritsiko dira eskailera arruntak, eskailera mekanikoak edo igogailua erabilita. Hiru nasa horiek ibilbide luzeko trenei emango diete zerbitzu. Ibilbide luzeko trenetarako sarbidearen aurrean aldirietako trenen atarterako sarrerak egongo dira, autosalmenta-makinekin. Aldirietako trenen atarte horretatik muturreko nasetara iritsi ahal izango dira erabiltzaileak (goiko solairuan), bertatik aterako baitira aldirietako trenak.

Geltoki gaineko plaza

Ingurunearen ezaugarriei esker (diseinatutako trenbideen gunea, Tabakaleraren eraikina), plataforma berri bat eraiki ahal izango da, eta horrek nasa berriek eratutako beheko espazioa estaliko du. Plataforma hori plaza publiko bat izango da, herritar guztiek erabil eta goza dezaten. Zoladuraren kota bat etorriko da ondoan duen eraikineko lehen solairuaren kotarekin, eta bertarako sarbide zuzena izango du. Azalera osoa 5.723 m2-koa izango da, 118 m x 55 m-ko gehieneko dimentsioekin.

Frantziako pasealekutik ere sarbidea egongo da plazara, 8 m zabal izango den eskailera baten bidez; horrez gain, arrapala bat ere egongo da, garbiketa-zerbitzu motordunak sartu ahal izan daitezen. Arrapala horrek bete egingo ditu izaera publikoa duten kanpoko espazioen irisgarritasun-baldintzak. Nestor Basterretxea plazatik iristeko, egun dagoen eskailera erabili ahalko da, baita eraikiko den igogailua ere.

Horrez gain, Tabakaleratik zuzenean ere sartu ahalko da bertara; izan ere, egun lehen solairuko erdiko gunean, mendebaldeko fatxadan, dauden leihoak ate bihurtuko dira.

Sarbide horiei esker (eskailerak eta arrapala), 7.900 pertsona ebakuatu ahalko dira; egungo araudien arabera, hori da plazak izan dezakeen gehieneko edukiera.

Horrez gain, plazaren hegoaldean zertxobait inklinatuta (% 6ko malda) dagoen plataforma bat jartzea aurreikusten da, erabilera hauekin: ekimenak edo kontzertuak ikusteko harmailak, erabilera ludikoa emateko aukerarekin (irristailuak, skate-ak, etzateko, etab.). Plataforma horren aurrean agertoki bat jarri ahalko da (10 m x 5 m), noizean behingo ekimen horietarako.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @enazjosebarandi
    2019.eko abenduak 05

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 Eusko Jaurlaritzak Donostiako abiadura handiko geltokiaren obrak lizitatu ditu, 97 milioi euroan ➡︎ https://t.co/PXU7sEtI7d

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia (Donostiako alkatea); Jesús Loza (Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria); Jon Montero ( arkitektoa); Marcelo de la Fuente (EPTISA)