Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

Bigarren Errepublika aldarrikatzeko Oloron Sainte-Marien egin den oroitzapen-ekitaldian izan da Eusko Jaurlaritza

2011.eko apirilak 30

'Hilotzak hobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen' erakusketa inauguratu du Giza Eskubideen zuzendariak, Aranzadi Zientzia Elkarteak hilotzak hobitik ateratzeko egiten duen lana gertutik ikusteko parada ematen duen erakusketa

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria, Inés Ibáñez de Maeztu, Frantziako Oloron Sainte-Mariera joan da gaur, Espainiako Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren 80. urteurrenaren ospakizunetara. Ekitaldia, oroimen historikoa berreskuratzeko Terres de Mémoire(s) et de Luttes (Oroimen(ar)en eta Borroken Lurrak) elkarteak antolatu du.

Brigadista eta erbesteratu errepublikazaleak oroimenean bizirik gordetzeko lan egiten duen elkarte horrek bidalitako gonbiteari erantzunez egin du zuzendariak bisita. Ekitaldia 11:00etan hasi da, Jéliote zelaigunean (Parc Bourdeu-n), eta bertan egin dio harrera herriko alkateak, Bernard Uthurry-k, Ibáñez de Maezturi. Ondoren, errepublikazale espainiarren oroimenez jarritako monumentu bat inauguratu dute (Nekane Daguerrek egin du monumentu hori).

Gero, 'Luttes républicaines d'hier et d'aujourd'hui' (Errepublikazaleen atzoko eta gaurko borrokak) izeneko ekitaldia osatzeko, Eusko Jaurlaritzak sustatutako 'Hilotzak hobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen' erakusketa inauguratu du, Hall Jéliote-n, Giza Eskubideen zuzendariak.

Aranzadi Zientzia Elkarteak hilotzak hobietatik ateratzen egindako lanera hurbiltzen gaitu erakusketa honek; hain zuzen ere Jaurlaritzak, oroimen historikoa berreskuratzeko politikan sustatzen duen funtsezko egintzara. Erakusketan, ikerketa-prozesu osoa -gorpuak non dauden jakiteko ikerketak hasten direnetik berreskuratu eta biktimak omentzen direnera arteko prozesua- deskribatzen duten irudiak eta azalpen-panelak daude euskaraz, gaztelania eta frantsesez.

Aranzadi Zientzia Elkartea irabazi-asmorik gabeko zientzia-elkartea da, kultura- eta natura-ondarea ikertu, zabaldu eta babesteko helburuz lan egiten duena. 2003az geroztik, oroimen historikoarekin zerikusia duten lanetan Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan dabil, horretarako Justizia eta Herri Administrazio Sailarekin eta Enplegu eta Gizarte Lanetako Sailarekin sinatutako bi hitzarmenen bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)