Berriak Lehendakaritza

Iñigo Urkullu Lehendakariak Durangoko Azoka "erakusleiho", "elkargune" eta "euskal kulturaren plaza handi" gisa duen garrantzia azpimarratu du

2019.eko abenduak 05
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Durangoko Azokaren inaugurazio ekitaldian, eta nabarmendu du hitzordu honek duen garrantzia euskal kulturaren “erakusleiho”, “elkargune” eta “euskal kulturaren plaza handi” bezala. Musika Eskolan egindako ekitaldiaren bitartez hasiera eman zaio igandera arte luzatuko den Azokaren 54. edizioari. Aurten, 405 berrikuntza eta 200 kultur jarduera baino gehiago izango ditu lau egunetan.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lagunduta, Lehendakariak Azokaren garrantzia azpimarratu nahi izan du euskal kultur sorkuntza ikusgarriagoa egiteko: “Kirmen Uribek dioen bezala, Kulturak janzten du gure herria. Durangori esker, herri jantziagoa eraiki dugu, sortzaileagoa eta anitzagoa. Herri sortzaile eta jantzia nahi dugu. Bere dimentsioan eta neurrian, aitzindari eta erreferente.  Gaur, orain mende erdi bat ez bezala, dena ez dago egiteko; baina asko dugu egiteko. Kulturak behar-beharrezko du ikusgarritasuna, eta sortzaileek behar-beharrezko dituzte erakusleihoak. Euskal kulturak ezinbestekoa du plaza handia. Eta plaza hori Durangoko Azoka da”.

Hala, Lehendakariak Azokaren hastapenak gogoratu ditu, eta euskal kultura bultzatzeko izan duen garrantzia aitortu du: “1965ean, lehenengo Liburu eta Disko Azoka antolatu zenean, dena zegoen egiteko. Artean lau urte falta ziren Saizarbitoriak ‘Egunero Hasten Delako’ argitaratzeko;  bederatzi Mikel Laboak ‘Bat hiru’ aurkezteko; hamaika urte Itoiz taldea sortzeko. Artean, besteak beste, hiru urte falta ziren euskara batua sortzeko. Dena zegoen egiteko; eta nekez imajina zitekeen gero etorriko zena. Aitzindaritza horri esker, bidea errazagoa izan da geroago etorritako beste sortzaile aitzindarientzat”.

Diskurtso osoa esketan kontsultatu daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)