Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadi Espainia Berdearen buruan Mexikoko turismo-jardunaldietan

2011.eko apirilak 29

Gaur eta bihar, Turismoko zuzendari Isabel Muela andreak Euskadi, Galizia, Asturias eta Kantabria ordezkatuko ditu, Aeroméxico eta American Express enpresek 600 turismo-agenterentzat antolatutako biltzarrean. 

Lau erkidego horiek Iparraldeko Done Jakue Bidea partekatzen dute, baita Biosferaren 11 Erreserba, kostaldeko 2.000 kilometro baino gehiago eta 46 eremu babestu ere. 

Euskadik 2011ko turismo-nobedade nagusietako batzuk aurkeztuko ditu Mexikon. 

Euskadiko, Galiziako, Asturiasko eta Kantabriako gobernuek indarrak batu dituzte, 'Espainia Berdea' markarekin aurkeztuta nazioarteko merkatuetan lehiatzeko helburuarekin. 1989an hasi ziren interesak elkartzeko lehen mugimenduak, eta azken urteetan elkartze hori sendotu egin da, American Express eta Aeroméxico enpresek Mexiko Hirian egun hauetarako antolatutako jardunaldietan erakutsiko dutenez. 

Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muela Espainia Berdearen ordezkari izango da biltzarrean, gaur eta bihar, elkarteko gerente Isabel Chousarekin batera. Antolatzaileek berretsi dutenez, guztira 600 pertsona bertaratuko dira, gutxi gorabehera, turismo-agenteak gehienak, Camino Real Hotelean antolatutako biltzarrera. 

'Bajo un mismo cielo' izeneko jardunaldietan, Espainiako lau eremuk bakarrik izango dute ordezkaritza, Madrilek, Bartzelonak, Gaztela eta Leonek eta Espainia Berdeak. Azpimarratzekoa da Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren mendeko erakunde Turespañak ere parte hartuko duela biltzarrean. 

Isabel Muelak hitzaldi bat eskaini du, Espainia Berdeak "nola kostaldean (itsasadarrak, itsaslabarrak, hondartzak eta arrantza-portuak)" hala barnealdean (askotariko paisaiak, kontrasteak, belardiak, baso trinkoak, mendiak eta abar) eskaintzen dituen erakargarrien berri emateko. 

Espainia Berdeak 52.556 kilometro koadro eta 7,3 milioi biztanle ditu, hurrenez hurren. Azalera horren % 20 babestua dago. Zehazki, 46 eremu babestu eta Biosferaren 11 Erreserba ditu eskualde osoak. Gainera, Espainia Berdean 61 golf-zelai, 31 bainuetxe eta 9 talasoterapia-zentro daude, baita 19 paradore ere. 

Isabel Muelak hainbat datu esanguratsu jakinarazi dizkie bertaratu direnei, besteak beste: 

-Hotel-plazak: 118.133

-Kanpin-plazak: 100.413

-Plazak turismo-apartamentuetan: 14.266

-Plazak landa-ostatuetan: 37.624

-Plazak ostatu-etxeetan: 35.361

- Jatetxeak: 12.771

-3.223 landa-ostatu, 37.624 plazarekin.

-2009an* bisitatu gintuzten turisten kopurua: 8.856.537

(% 83,31 nazionalak eta % 16,69 internazionalak). 

Espainia Berdea osatzen duten erkidegoetan sei aireportu daude, eta Europako 35 hirirekin daude lotuta. Gainera, itsasontziz, Brittany Ferries enpresak Bilbao eta Portsmouth lotzen ditu astean bi aldiz, baita Santander Plymouthekin (egunero) eta Portsmouthekin (astean 3 aldiz) lotu ere. Azkenik, LDLines enpresak Gijón eta Saint Nazare (Bretainia, Frantzian) lotzen ditu. 

Lau erkidegoek ondare aberatsa partekatzen dute, ondare bakarra Espainiako lurraldean: Unescok Gizateriaren Ondare deklaratutako 18 koba eta eliza prerromaniko, Santiagoko Katedrala eta Bilbao Guggenheim Museoa, besteak beste. 

Espainia Berdearen arkitektura-ondarea ere kontuan hartzekoa da, Frank Gehry, Peter Eisenman, Santiago Calatrava eta Oscar Niemeyer arkitektoen garrantzizko zenbait lan Kantauri Itsasertzean barrena barreiatuta baitaude, baita Agustín Ibarrola eta Eduardo Chillida eskultoreen beste zenbait obra ere. 

Done Jakue Bidea 

Nolanahi ere, argi dago zein den Galiziak, Asturiasek, Kantabriak eta Euskadik partekatzen duten erakargarri nagusia: Done Jakue Bidea. Isabel Muelak bere azalpenean gogora ekarri duenez, "Espainia Berdea erromesen lurra da, eta Done Jakue Bideak bere benetako esentziari eusten dio, paraje izugarri ederrak zeharkatuz". "Erdi Aroko zati handi batean, Europako errege-erreginek Iparraldeko Bidea erabiltzen zuten Santiagorako bidaia segurtasunez egiteko, eta ibilbide horretan barneratzeak merezi du benetan, paisaien edertasunarengatik".  

Eskaintza horren osagarri dira, halaber, beste hainbat marinel-herri eta xarma eta tradizio handiko zenbait herri, etnografia- eta kultura-aberastasun handi baten jabe direnak, hala nola Hondarribia, San Vicente de la Barquera, Cudillero edo Cambados. 

Gastronomia da Espainia Berdearen beste indarguneetako bat, eta Euskadi bereziki nabarmentzen da horretan. Michelin izarrak dituzten jatetxeak 36 dira, eta 45 izar lortu dituzte guztien artean. Horietatik 25 izar euskal jatetxeei dagozkie. 

Euskadiren nobedadeak 

Euskadik 2011. urterako nobedade berrienetako batzuk eraman ditu Mexikora. Esaterako, BBK Live jaialdiaren kartela (besteak beste, Amy Winehouse, Coldplay, The Black Crowes edo The Chemical Brothers artistek berretsi dute bertaratuko direla) edo berritutako zenbait gune, hala nola Alondegia eta Campos Elíseos antzokia. 

Jardunaldien esparruan garrantzia emango zaie, halaber, 2016an Europako Kultura Hiriburua izateko Donostiako Hautagaitzari, Jazzaldiari, Zinemaldiari eta Basque Culinary Center zentroaren inaugurazioari. 

Gasteiz ere protagonista izango da, 2012ko Europako Hiriburu Berde izendatu dutelako, eta Irrati eta Telebista Jaialdia, Magialdia eta Erdi Aroko azoka antolatzen dituelako, azken hori Espainiako handiena izanik. 

Euskadiko turismo-baliabideen artean, kostaldeko zenbait herri (Getaria adibidez) edo Arabako Errioxa ere aurkeztuko dira. 

Garai ona da Euskadiko turismo-sektorearentzat. Azken datu ofizialek berretsi dutenez, 2011ko lehen hiruhilekoa historiako onena izan da, eta guztira 428.567 turistak hartu dute ostatu Euskadiko hotel-establezimenduetan. Eta aipatzekoa da Euskadiko turismo-sektoreak dagoeneko 21 hilabete daramatzala hazten etengabe. 

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 29a 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)