Berriak Lana eta Justizia

San Josék: “Desgaitasuna duten pertsonen gizarteratze eta laneratze integrala lortzea da helburua”

2019.eko abenduak 05

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék inauguratu du “Desgaitasuna duten Pertsonak Laneratzeari buruzko Jardunaldi Teknikoa”. Ekitaldiak Bilbon bildu ditu Lan Ikuskaritzako eta Enplegu Unitateetako langileak, EHLABE eta ForoEca erakundeetakoak, desgaitasuna duten pertsonak gizartean eta lan-munduan txertatzeko helburuz. “Elkarlanean dihardugu EHLABE Gizarteratze eta Laneratze Elkartearekin eta ECA Foroarekin (Enplegu Lagundua) –adierazi du San Josék– desgaitasuna duten pertsonak laneratzeari buruzko ezagutza sakonagoa eta egokiagoa bultzatzeko euskal enpresetan”.

Irekierako ekitaldian EHLABEko presidente Txema Francok ere parte hartu du. Hark nabarmendu egin du Euskadiko gizarte-ekimenak garatutako zeregina desgaitasuna duten pertsonen enplegu-tasa % 29koa izatea lortzeko. “Euskadin zirkunstantzia berezi bat ikusten da, non gizarte-ekimenak sustatu dituen Enplegu Zentro Berezietan sortutako enplegu guztietatik % 95. Izan ere, EHLABEko 14 erakundeek Euskadi osoko % 87 (7.966 pertsona) enplegatzen dituzte. Hortaz, ia % 90a ordezkatzen dute orain dagoen kontzentrazio sektoriala kontuan hartuta”.

San José sailburuak gogora ekarri du gainera Lan eta Justizia Sailaren baliabidea dela Lan Ikuskaritza, ziurtatzeko 50 langile baino gehiago dituzten enpresek bete egiten dutela lanpostuen % 2ko derrigorrezko erreserba desgaitasuna duten pertsonentzat. “Baita bete daitezen ere –adierazi du– kontratazio zuzenaren neurri alternatiboak, besteren artean, Enplegu Zentro Bereziekin kontratu merkantilak edo zibilak egitea lehengaiak hornitzeko edo enpresaren jardunarekin zerikusirik ez duten zerbitzuak betetzeko, dohaintzak eta babes-ekintzak egitea laneratzeko jarduerak garatzeko, edo lan-guneak eratzea enplegu-zentro berezietatik merkatu arrunteko enpresetarako trantsizioa bultzatzeko”.

Bestalde, Lan Ikuskaritzako zuzendariorde Iciar Gonzálezek % 2ko derrigorrezko erreserba-kuota kalkulatzeko irizpide teknikoak azaldu ditu, eta Gizarte Ekonomiako zuzendari Jokin Diazek Euskadiko Gizarte Ekonomiako enpresetan eta Gizarte Ekonomiako erakunde-elkarteetan desgaitasuna duten pertsonak sartzera bideratutako Laguntza Planak zehaztu ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iciar Gonzalez Carrasco, Subdirectora de Inspección de Trabajo del Gobierno Vasco