Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Osalanek lanbide gaixotasunak jarri ditu jomugan laneko segurtasunari buruzko estrategia berrian

2011.eko apirilak 27

Mediku- eta lan-historia herritarraren historia kliniko pertsonalean txertatzea da 2011-2014 eperako estrategiaren berritasun nagusietako bat

Lanbide-gaixotasunak gertutik zaintzea da Eusko Jaurlaritzak aurtengo maiatzean onartuko duen Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2011tik 2014ra bitarteko Estrategia deiturikoaren ardatzetako bat. Planak garrantzi handiagoa ematen dio osasunaren zaintzari, lanbide-gaixotasun ezkutuak modu goiztiarrean detektatu ahal izateko.

Bihar, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Mundu Eguna ospatzen den egun berean, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak abian jarriko duen planak langileen osasuna zaintzea du helburu, eta  lanbide-gaixotasunen prebentzioaren alde lan egiten duten erakundeen artean lehenengo mailan jartzen du Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundea.

Planak oinarrizko ideia bat azpimarratzen du: lan-istripuak saihestu daitezke. Jaurlaritza ziur da lan-istripu asko saihestu litezkeela; izan ere, horietako gehienak akats eta hutsegiteen ondorioz gertatzen baitira. Puntu horretara iristeko, enpresek eta langileek kontuan hartu behar dute lan-arriskuen prebentzioa ez dela karga bat, baizik eta eskubide indibidual bat eta gizarte aurreratuen berezko balioa. Hau da, prebentzioa enpresa-kudeaketaren funtsezko elementuetako bat da.

Estrategiak hamabi helburu estrategiko jasotzen ditu, kontzientzia eta sentsibilizaziotik hasi eta segurtasun eta osasunean inplikatutako eragileen arteko partaidetza eta lankidetzaraino, erakundeen konpromiso, lankidetza, ikuskaritza, kontrola eta aholkularitzatik pasatuz. Horrez gain, lan-arriskuen prebentzioa enpresen eta lan-baldintzen hobekuntza gisa jasotzen du planak; hau da, lan-arriskuen prebentzioa kudeaketan txertatzea, lanbide-bikaintasunaren sustapen gisa, berariazko prestakuntzarekin eta osasunaren zaintzarekin batera.

Lan arloko estrategia berriaren bultzatzaileak Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea dira.  Planaren testua idazterakoan kontuan hartu dira gizarte-elkarrizketaren mahaian aurkeztutako eragile soziolaboralen (CCOO, UGT eta Confebask) ekarpenak.

Bestalde, lehenengo hiruhilekoan % 9,16 jaitsi da lan-istripuen kopurua, iaz denbora tarte horretan izandako datuekin alderatuta: 2010. urtean, urtarriletik martxora, 10.254 istripu izan ziren, eta aurten, berriz, 9.315. Jaitsiera orokorra izan da hiru lurraldeetan eta sektore guztietan, % 7,24ko batez besteko jaitsierarekin. Nabarmena izan da eraikuntzaren sektorean izandako jaitsiera, % 16,05ekoa. Lan istripuetan hildakoei dagokienez, 2011ko lehenengo hiruhilekoan 16 izan dira; iaz epe berean, berriz, 17 langile hil ziren istripu horietan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan