Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Euskadi: 1.564 langabe gutxiago azaroan

2019-12-03
  • Urteko erreferentzian, beherakada handia nabarmentzen da iraupen luzeko langabeen kolektiboan (% 11,12ko beherakada)
  • Langabeziaren beherakada bereziki esanguratsua da emakumeetan; 1.237 langabe gutxiago daude.
  • Beatriz Artolazabalek “enplegua berreskuratzeko joera positiboa” ikusten du, “eta gakoa da lan horiek bilatzen dituztenen eta egiten dituzten lanak hobetu nahi dituztenen prestakuntza eta trebakuntza hobea”
  • Azken hil honetan, langabeziak adin-tarte guztietan egin du behera, eta, gehienbat, 25 eta 34 urte bitarteko tartean (-% 2,48)
  • Beherakada handia Eraikuntzari (% 10,16ko beherakada) eta Lehen sektoreari lotutako langabezian (-% 11,08); Industriak % 7,35 egin du behera eta Zerbitzuek % 5,86.
  • Behera egin du langabeziak hiru lurraldeetan: Araban 382 langabe gutxiago daude, Bizkaian 931 gutxiago eta Gipuzkoan 251 gutxiago

 VG 2019 12 03

Langabeziak Euskadin behera egin du azaroan, eta aurreko hilabetean baino 1.564 langabe gutxiago daude (-% 1,36), Lanbiden erregistratutako datuen arabera; hala, 113.777 langabe daude, guztira.  Duela urtebeteko datuekin erkatuta, langabeziak behera egin du Euskadin, eta 7.722 langabe gutxiago daude. Araba da bilakaera onena duen lurraldea; bertan langabeziak % 2 egin du behera, eta Gipuzkoan, % 0,8. Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak “enplegua berreskuratzeko joera positiboa” ikusten du, “eta gakoa da lan horiek bilatzen dituztenen eta egiten dituzten lanak hobetu nahi dituztenen prestakuntza eta trebakuntza hobean oinarritzen den politikari eustea”.

Artolazabalek honako hau esan du: “azaroa hil ona izan da; 1.564 langabe gutxiago daude. Langabeziaren beherakada hori bereziki esanguratsua da emakumeetan; 1.237 langabe gutxiago daude. Zifra on horiek hiru lurralde historikoetan izan dira; industriaren sektorean egon da beherakadarik handiena”.

“Urte arteko konparatiban, gaur duela urtebete baino 7.722 langabe gutxiago daude. Datu horiek albiste ona dira langabeziaren bilakaeraren egoera gorabeheratsuaren testuinguru honetan, eta 2012ko azarotik izan den joera positiboa egiaztatzen da, Lanbiden izena emanda dauden langabeen kopurua pixkanaka jaisten doala. Gizarte Segurantzako kotizatzaileak direla eta, serie historikoko azarorik onena izan da hau, eta orain arte azaroetan izan den marka hautsi da, 2008ko azarokoa, Gizarte Segurantzako kotizatzaileen gehieneko kopuru absolutua gainditzetik oso hurbil”, esan du Artolazabal sailburuak.

Duela urtebete baino hobeto

Aurreko azaroetako bilakaeraren aldean, aurten iaz baino bilakaera hobea izan du; duela 2 urte antzemandako beherakadaren oso antzekoa izan du, baina oraingoan abantaila da azken hil honetan abiapuntuko langabezia-maila askoz ere baxuagoa izan dela. Krisialdiko suspertzeko lehen urteetan, beherakadak handiagoak izaten ziren, baina krisialdiaren aurreko urteetan, ohikoa izan zen urteko azken-aurreko hil honetan langabeziak gora egitea.

Langabeziak beherakada handiagoa izan du emakumeen artean (-% 1,89); gizonen artean -% 0,66koa izan da. Urteko erlazioan, gizonezkoen langabeziak -% 5,97 egin du behera eta emakumezkoenak, -% 6,65. Gaur egun, langabeen % 56,6 emakumea da; krisialdiaren hasieran, gizonezkoen langabezia okerragoa izan zenez, sexuaren araberako langabe-kopurua oso antzekoa izan zen. Gizonek gehiago nabaritu izan zuten krisialdiaren eragina, baina aurreko egoerara bueltatzeko gaitasun hobea izaten ari dira.

Kontratazioak beherakada izan du aurreko hilaren aldean, eta hori ohikoa izaten da urteko sasoi honetan. Halaber, kontratazio-bolumena galdu da iazko azaroaren aldean, eta iazko urtearen aldean “black friday”n izan den atzerapenak –ekimen horrekin ematen zaio hasiera Gabonetako kanpainari– beharbada bolumen txikiago horretan izan du eragina.

Azken hil horretan, langabeziak adin-tarte guztietan egin du behera, eta, batik bat, 25 eta 34 urte bitartekoan (-% 2,48); gutxien, adin-eskalen muturretan, 25 urtetik beherakoetan eta 54 urtetik gorakoetan. Urte arteko saldoan, langabeziak adin-tarte guztietan egin du behera, 24 urtetik beherakoetan izan ezik. 35 eta 44 urte bitarteko tartean izan da beherakada handiena, % 10,97koa. 54 urtetik gora, langabeziak astiro egiten du behera, eta, hala, langabe helduenen artean lan-merkatura berriro sartzeko zailtasunak agerian uzten dira.

Azaroan, langabeziak behera egin du lau sektore ekonomikoetan, eta nabarmendu egiten da industrian izan den beherakada, % 2,28 langabe gutxiago. Oraindik lehen lan-esperientziak izan ez dituztenetan, % 1,19 egin du behera. Termino erlatiboetan eta iazko egoera aintzat hartuta, nabarmentzekoa da eraikuntzari lotutako langabeziaren beherakada handia, % 10,16koa, bai eta lehen mailako sektorearena ere (-% 11,08). Industriak % 7,35 egin du behera eta zerbitzuek % 5,86.

Desagregazio-maila handiagoan, azken azaroan lotutako langabeziaren murrizketa aintzat hartuta honako jarduera hauek dira nabarmenenak: hezkuntza (-186), txikizkako merkataritza (-163), elikaduraren industria (-79), jateko eta edarien zerbitzuak (-77) eta ostaturik gabeko gizarte-zerbitzuen jarduerak (-76). Gehien hazi direnak ostatu-zerbitzuarenak (+74) eta finantza-zerbitzuenak (+39) dira.

Hil honetan, iraupen luzeko langabeziak behera egin du, eta 816 pertsona gutxiago daude langabezian; halaber, iraupen laburrekoak ere behera egin du, eta 748 gutxiago dira. Urteko erreferentzian, beherakada handia antzeman da iraupen luzeko kolektiboan (% 11,12ko beherakada), eta iraupen laburrekoan % 1,26 egin du behera. Iraupen luzeko langabeziaren portaera on hori albiste ona da; izan ere adierazten du suspertze ekonomikoa ere aukerak ematen ari zaiela langabe kronifikatuenei.

Lurraldeak

Azaroan, behera egin du langabeziak hiru lurraldeetan: gehien, termino erlatiboetan, Araban, 2019ko urrian baino 382 langabe gutxiago baitaude (guztira, 18.655, % 2,01eko murrizketa); Bizkaian 931 langabe gutxiago 2019ko urrian baino (guztira, 65.108 pertsona, % 1,41eko beherakada), eta Gipuzkoan 251 langabe gutxiago 2019ko urrian baino (guztira, 30.014, % 0,83ko beherakada).

Urteko saldoan, ez da ia aldaketarik egon, eta portaera onena Bizkaiak izan du, % 6,41eko beherakada erlatiboa izan baitu, gero Gipuzkoak (% 6,32ko beherakada) eta, gero, Arabak (% 6,23ko beherakada).

Euskal hiriburuen artean, Vitoria-Gasteizen langabeziak behera egin du (297 langabe gutxiago daude), Bilbon 176 langabe gutxiago daude eta Donostia/San Sebastiánen 50 gutxiago. Langabeziaren beherakadagatik azpimarratzekoak dira, halaber, beste eskualde batzuk: Ezkerraldea (-448), Durangaldea (-73), Gobela (-69), Ibaizabal (-59) eta Oarsoaldea (-50).

Azaroan, iraupen luzeko langabeziak behera egin du, eta 816 pertsona gutxiago daude langabezian; halaber, iraupen laburrekoak ere behera egin du, eta 748 gutxiago dira. Urteko erreferentzian, beherakada handia antzeman da iraupen luzeko kolektiboan (% 11,12ko beherakada), eta iraupen laburrekoan % 1,26 egin du behera.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @EnpleguGizaEJGV
    2019-12-03

    Comentario de Twitter:
    ✳️ El desempleo se reduce en noviembre en 1.564 personas, especialmente entre mujeres 🔗 https://t.co/XKP09Erkrh 🔗 https://t.co/jwjAxv7th5

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)