Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Segurtasun Sailak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu du Ertzaintzaren Erandioko egoitzan

2019-12-03

Erandio, 2019ko abenduak 3

Ertzainak, lan-kontratudun langileak eta funtzionarioak, guztira ehun bat pertsona, elkartu dira gaur Ertzaintzaren Erandioko egoitzako ekitaldi-aretoan, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak antolatu eta sustatutako ekitaldietan. Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak agurtu ditu bertaratuak, eta “gure antolakuntzan eragile aktiboak izatea dagokigu euskara, guretzat ere, laneko hizkuntza izan dadin eta herritar euskaldunekin harremana euskaraz izan dezagun” gogoratu du. Bestalde, bere esku-hartzean esker oneko hitzak izan ditu Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plana ezartzeaz, sustatzeaz eta dinamizatzeaz arduratzen direnentzat.

 

Sailburuaren esku-hartzearen ondoren, Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuaren buruak, Aitor Azkuenagak, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Eusko Jaurlaritzak prestatu duen sustapen bideoa aurkeztu du, eta Segurtasun Sailaren beste bideo batean Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako 27. Promozioko ikasle, instruktore eta irakasleen lekukotzak entzun ahal izan dira, euskaraz formakuntza-gai gehien izan dituen promozioa izanik.

 

Bi bideoen ondoren, Ertzaintzaren buruak, Josu Bujandak, hartu du hitza Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Plana ertzain-etxe bakoitzean nola ezartzen ari diren azaltzeko eta Hernaniko, Oriako eta Gernikako ertzain-etxeetan abian jarritako esperientzien berri emateko. Gernikako Ertzain-etxeko Manu Atxutegi ertzainaren eta Karmele Zubiaga Giza Baliabideetako arduradunaren lekukotzen bidez zuzenean jakin ahal izan da ekimena nola ezartzen ari diren Ertzain-etxe horretan.

 

Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazio Zerbitzuaren buruak eta Erandioko egoitzako hiru langile lan-kontratudunek eta hiru ertzainek irakurri dute.

 

Segurtasuneko sailburuarekin batera izan dira ekitaldian Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Ana Agirre, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga eta Segurtasun Saileko zuzendariak eta Ertzaintzako agintariak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)