UPV/EHUrekin eta Mondragon Unibertsitatearekin sinatutako kontratu-programen 2019ko finantziazioa 175.000 euroan handitzea (Gobernu Bilera 2019-12-03)
Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 175.000 eurotan handitzea UPV/EHUri eta Mondragon Unibertsitateari unibertsitate horiekin sinatutako Bikaintasun Ikerketarako Kontratu-Programen 2019. urterako emandako finantzaketa. Zehazki, 100.000 euroan handituko zaio UPV/EHUri, eta 75.000 euroan Mondragon Unibertsitateari.
Hezkuntza Sailak eta aipaturiko unibertsitateek sinaturiko Bikaintasuneko Ikerketa Kontratu-programek hiru helburu estrategiko lortu nahi ditu:
- I+G+b-n giza baliabideak sustatzea
- Ikerketa-jarduera sustatzea
- Ikerketa-azpiegiturak zabaltzea.
Gaurko bileran onartu den igoeraren bidez, helburu horiei loturiko jarduerak finantzatu nahi dira, eta jarduera horiek “Erronka Programaren” jarduera-ardatzetan konkretatzen dira. Unibertsitate batak zein besteak, Ezagutza Poloak aktibatzeko eta dinamizatzeko jarduerak burutzea planteatzen dute aipaturiko programaren baitan.
2019-2022 aldirako Kontratu-Programak
2019ko uztailean, eta 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Planaren baitan, Hezkuntza Sailak hiru Kontratu-Programa sinatu zituen Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateetako bakoitzarekin. Orotara 200 milioi euro baino gehiagoko finantzazioa (200.086.186 €) jasotzen da lau urterako (2019-2022):
- “Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea” Programa-Kontratua.
- “Bikaintasun-ikerketa” Programa-Kontratua.
- “Prestakuntza eta Nazioartekotzea” Programa-Kontratua.
Kontratu-Programak unibertsitateak finantzatzeko tresna bat dira. Unibertsitate bakoitzaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostutako irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa hobetzeko helburuak lortzeak baldintzatzen du finantzaketa hori. Unibertsitate-politikako tresnak dira, eta aparteko baliabide ekonomikoak helarazten dizkiete goi-mailako hezkuntza-zentroei. Hauek jasotzea, aldeen artean adostutako helburu estrategikoak betetzearen baldintzapean dago