Berriak Hezkuntza
Eu

100.000 euro Euskampus Fundazioari, Erronka programaren baitan jasoriko ekintzak burutzeko (Gobernu Bilera 2019-12-03)

2019.eko abenduak 03

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Euskampus Fundazioari 100.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea. Laguntza hau, Erronka programaren baitan Ezagutza Poloak eta lankidetzan aritzeko dinamikak indartzeko eta dibertsifikatzeko jardueretara bideratuko da.

RIS3 (Espezializazio Adimentsuko Estrategia) eta 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eremuko programa gako bat da Erronka programa. Unibertsitate-sistematik lankidetza-proiektuak sortu eta artikulatzeko aldez aurreko fasearen ondoriozko gastuak finantzatzea du helburu. Proiektu horiek, artikulatu eta ondu ondoren, Europako, estatuko eta Euskadiko administrazioen deialdietara aurkeztuko dira. Programa honen helburuen artean nabarmentzekoak dira, besteak beste, honako hauek: unibertsitatetik enpresarako transferentzia teknologikoa sustatzea; edo Euskadiko eragileen parte hartzea bultzatzea H2020ren gisako nazioarteko programetan, erronka globalak konpontzeko ikuspegiaren aldeko apustu sendoa eginez.

Euskampus Fundazioa 2011n jaio zen, Euskadi sozialki, ekonomikoki eta kulturalki eraldatzeko prozesuan elementu traktore izateko helburuz, nazioarte mailan garrantzi handikoa izango den prestakuntza-, ikerketa-, transferentzia- eta berrikuntza-polo bat eratuz eta nazioarteko dimentsioa izango duen campus akademiko bat finkatuz.

UPV/EHU, Tecnalia eta Donostia International Physics Center (DIPC) dira Euskampus Fundazioaren sortzaileak. Era beran, fundazioaren patronatuko kide dira: Ormazabal-Velatia Taldea, CAF, Kutxabank, Ikerbasque eta Bordeleko Unibertsitatea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko