Eu

  Jaurlaritzak urtero hartuko du bere gain betearazpen-bidean egingo den UPV/EHU-ren diru-sarreren bilketa (Gobernu Bilera 2019-12-03)

2019.eko abenduak 03

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du UPV/EHUren eta Ogasun eta Ekonomia Sailaren arteko kudeaketa-mandatuko hitzarmena luzatzea. Hitzarmen hori 2018ko apirilean formalizatu zen, unibertsitate horren zuzenbide publikoko diru-sarrerak betearazpen-bidean biltzeko.

Hitzarmen horretan adierazten da UPV/EHUk ez duela behar besteko baliabiderik zuzenbide publikoko bere baliabideak kobratzeko premiamendu-prozedura administratiboaren bidez. Hori dela eta, behar besteko bitarteko horiek dituen eta diru-bilketaren kudeaketaren efizientzia hobetzeko gauza izango den erakunde bati agindu beharko zaio kobratzeko jarduera hori egitea.

Ondorio horietarako, Ekonomia eta Ogasun Sailak, Finantza Politikako Zuzendaritzaren bidez, kudeatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko diru-sarreren betearazpen-aldiko diru-bilketa. Gainera, UPV/EHUren premiei beharrezkoa den administrazioko arrazionalizazioez, eraginkortasunez eta arintasunez  erantzuteko beharrezkoak diren antolaketa eta baliabideak ditu.

Aipatutako mandatu horren aplikazio-esparruaren barruan sartzen diren zorren betearazpen-bideko diru-bilketaren kudeaketa Estatu osoan egin behar da, eta, horren indarrez, Ogasun eta Ekonomia Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aldeko kredituen nahitaezko diru-bilketarako erabilitako informazio-baliabide eta prozedura tekniko berak erabiliko ditu.

Mandatuko hitzarmenaren estipulazioetan honako funtzio-banaketa hau aurreikusten da:

UPV/EHUri dagokio: bildu beharreko zorren likidazioekin lotzen diren errekurtsoak eta gorabeherak ebaztea; premiamendu-probidentziak ematea eta horien kopia Gobernuari bidaltzea, zordunak zerrendatuta; jarritako berraztertzeko errekurtsoak ebaztea; kreditu kobraezinen deklarazioa erabakitzea; bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzea; errekurtsoei dagozkien kobrantza-eskubideak defendatzea; eta emandako egintzetan eragina duten epai judizialak betearaztea.

Ogasun eta Ekonomia Sailari dagokio: premiamendu-prozedurako jardunak egitea; Unibertsitateak emandako premiamendu-probidentziak zordunei jakinaraztea; bahituren inguruko premiamendu-prozedurako jardunak egitea; zordunen ondasunei, kredituei eta eskubideei buruzko informazioa eskatzea; bermeak Zerga-bilketako Erregelamenduaren arabera betearaztea; geroratze- eta zatikatze-eskaerak ebaztea; premiamendu-bidean bildutako zorren berandutze-interesak likidatzea; kreditu kobraezinen deklarazioa eta birgaitzea proposatzea; premiamendu-prozeduran hirugarrengotzak ebaztea; premiamendu-prozedura eteteko eskaerak tramitatzea eta ebaztea; eta, hala badagokio, UPV/EHUri administrazio-egintza eman dezala proposatzea.

Ogasun eta Ekonomia Sailak, konpentsazio ekonomikoa jasoko du betearazpen-aldian egindako diru-bilketako zerbitzuagatik; bildutako zenbateko osoaren % 14ren zenbateko baliokidea jasoko du.

Kudeaketa-mandatuko hitzarmen hori automatikoki luzatuko da urtez urte, aldeetako batek mugaeguna baino hiru hilabete lehenago, gutxienez, denuntziatzen ez badu.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko