Eu

 8,5 milioi euroren laguntzak iragarri dira ardogintzako produktuak kanpoan sustatzeko ekintzetarako (Gobernu Bilera 2019-12-03)

2019.eko abenduak 03
  • 2016tik, guztira 136 enpresa baliatu dira finantzaketa horretaz, eta inbertsioak 68,2 milioi baino gehiagokoak izan dira, horietatik 32,3 milioi inguru dirulaguntzatik etorriak
  • Kanpoan sustatzeko ekintzen babesa bereziki garrantzitsua da, Brexitak eta Ipar Amerikako muga zergen mehatxuak planteatutako ziurgabetasunagatik
  • Eusko Jaurlaritzak sektoreari laguntzeko estrategia indartu du, eta, beste neurri batzuen artean, ARDOA Basque Wine Office bikaintasunerako laguntza bulegoa jarri du abian

 Hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuen informaziorako eta sustapenerako 2020ko maiatzaren 1etik 2021ko apirilaren 30era bitartean ekintzak eta programak garatzeko laguntzak iragartzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen agindua onartu du Eusko Jaurlaritzak bere azken kontseilu bileran. Kalkulatzen da 2020-2021 kanpainian enpresek 21 milioi euro gastatuko dituztela, hau da, aurreko ekitaldian baino pixka bat gehiago, eta diru horretatik %40 baino gehiago (8,5 milioi) fondo publikoetatik etorriko direla.

2016tik, guztira 139 enpresa baliatu dira laguntza horietaz. Egin diren inbertsioak, berriz, 6,82 milioi eurokoak baino handiagoak izan dira, eta kopuru horretatik 32,3 milioi inguru dirulaguntzak izan dira.

Lehiakortasuna handitzea

Helburua da ardoa gure mugetatik haratago sustatzea eta sektorean inbertsioak egiten laguntzea, merkatuaren eskarietara hobeto egokitzeko eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorean eta, beraz, Euskadiko ekonomian ere zati nagusi diren enpresa hauen lehiakortasuna eta etekin globala areagotzeko. Kanpoan sustatzeko ekintzen babesa bereziki garrantzitsua da gauden egoeran, Brexitak eta Ipar Amerikako muga zergek planteatutako ziurgabetasuna  dela-eta.  

Urteko lehen sei hilabeteetan euskal ardoen esportazioek eduki duten portaerari buruz dauden datuen arabera, azpimarratzekoa da ardo zurien salmentaren igoera, bai bolumenean, bai prezioan, nazioarteko merkatuan gero eta gehiago eskatzen baitira. Ardo horien esportazioek gora egin zuten bolumenean zein balioan. Bereziki ona izan zen ardo horiek merkatu garrantzitsuetan eduki zuten bilakaera, esaterako, Kanadan, Estatu Batuetan, Irlandan eta Erresuma Batuan, non Brexit aurreko ziurgabetasuna gorabehera mantendu egiten diren.

 

Eusko Jaurlaritzatik, gogor ari gara lanean gure kalitateko elikagaien posizionamendua sustatzeko, tartean ardoarena, kalitateko produktuen artean leku nabarmenean baitago, merkatuko gama ertain-altuan, kontsumitzaile exijenteen eta informatuen premiak asetu nahian. Enpresak ere ahalegin handia egiten ari dira zentzu horretan, beren produktuaren kalitatea eta bereizgarriak landuz, eta horretarako gure babesa dute, bai babes instituzionala, bai antolakuntzako eta finantzarioa.

 

Laguntza lerro horiek Gastronomiaren eta Elikaduraren Plan Estrategikoan (PEGA) daude jasota, eta ardogintza eta mahastizaintzako sektorera zehazki bideratutako laguntzen artean azpimarratzekoak dira ARDOA Basque Wine Office bulegoaren abian jartzekoak eta merkatu estatubatuarrerako esportazioei eusteko eta merkatuak dibertsifikatzeko hainbat ekintza garatzekoak, tartean alderantzizko misioak indartzea eta nazioarteko azoketan parte hartzea helburu dutenak.

Laguntza finantzarioa

Laguntza finantzarioen artean azpimarratzekoak dira gaur onartu dena, hirugarren herrialdeetan produktu hauek sustatzeko eta ezagutarazteko programei zuzendutakoa: ardoak, likore ardoak, ardo apardunak, kalitateko ardo apardun aromatikoak, ardo txinpartadunak, ardo txinpartadun gasdunak, mahaspasa bihurtutako mahatsen ardoak, gehiegi heldutako mahatsen ardoak eta ekoizpen ekologikotik datozen ardoak. Produktu horiek esportatzeko aukerak eduki behar dituzte edo hirugarren herrialdeetan merkaturatzeko bide berriak, eta kontsumo zuzenera bideratuta egon behar dira.  Gainera, kategoria hauetako batekoak izan behar dira: Jatorri Izendapen babestuko ardoa, Adierazpen Geografiko Babestuko ardoa, edo Ardotarako mahats aldaeraren izena adierazita duen ardoa.

Hauek dira diruz lagundu daitezkeen ekintzak eta jarduerak:Harreman publikoak eta sustapen eta publizitate neurriak, bereziki erkidegoko produktuek kalitateari, elikagaien segurtasunari eta ingurumenari dagokienez dituzten abantailak nabarmentzeko direnak.  

  • Nazioartean garrantzitsuak diren agerraldi, azoka eta erakusketetan parte hartzea.
  • Informazio kanpainak, bereziki jatorri izendapenen gaineko erkidegoko sistemen gainean, eta adierazpen geografikoen eta ekoizpen ekologikoen gainean.
  • Merkatu berrien azterketak, irteera komertzial berriak bilatzeko beharrezkoak direnak.
  • Sustapen eta informazio neurrien emaitzen ebaluazioa

Hirugarren herrialdeetan ardogintzako produktuak sustatzeko eta ezagutarazteko ekintza eta programetarako laguntzak iragartzen diren agindua 2010ko urtarrilaren 15ean argitaratuko da eta egun horren biharamunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira laguntzetarako eskariak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko