Eu

Beatriz Artolazabal: “Gizarteratzea nabarmen hobetu da Euskal Autonomia Erkidegoan 2013 eta 2018 artean”

2019.eko azaroak 29
  • “Erabateko gizarteratzearen ehunekoek ia hogei puntu gora egin dute azken urteotan”, azpimarratu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan, biztanleriaren % 85 erabateko inklusioa-egoeran dago, eta ehunekoa nabarmen hobetu da azken urteotan.
  • Inklusio prekarioko tasa % 44tik % 28ra jaitsi da, eta bazterketa-mailak % 17tik % 15era murriztu dira.
  • “Europa osoko biztanleriaren zahartzeak bazterketa-modu berriak dakartza. Adinekoen artean bakardadearen aurka borrokatzea gure lehentasunetako bat da”.

VG 2019 11 29

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte politiketako sailburuak adierazi du Euskal Autonomia Erkidegoan biztanleriaren % 85 erabateko inklusioan dagoela. “Inklusioa nabarmen hobetu da 2013 eta 2018 artean. Erabateko gizarteratzearen ehunekoek ia hogei puntu gora egin dute azken urteotan”, nabarmendu du Artolazabalek gaur goizean Eusko Legebiltzarrean.


Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran, Beatriz Artolazabalek hau esan du: “lan handia dugu egiteko, nahiz eta egia den gure desberdintasun-tasak txikiak direla eta 2013 eta 2018 artean jaitsi egin direla. Hala, inklusio prekarioko tasa % 44tik % 28ra jaitsi da, eta bazterketa-mailak % 17tik % 15era murriztu dira. Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-bazterketaren tasak Estatuko txikienak dira. Ezagutzen ditugun azken datuei erreparatuz, Euskal Autonomia Erkidegoan muturreko pobreziak milatik 51 pertsonari eragiten die. Europan, berriz, 60 pertsona hartzen ditu”.


“Gainera, nabarmen egin du behera enpleguaren eta etxebizitzaren ondoriozko bazterkeriak eragindako biztanleen kopuruak.  Faktore horiek baldintzatzen dute gehien inklusioa, eta aurrerapena nabarmena da. Testuinguru onuragarri hori gorabehera, alderatuta, diru-sarreren nolabaiteko galera zegoen errenta txikieneko taldeetan, egoera hoberenean zeuden biztanleen artean hazten ari zen bitartean. Egoera konplexu hori ulertzeko kontuan hartzen dugun hipotesietako bat, berriro, gero eta zaharragoa den komunitate horretan datza”, azaldu du Beatriz Artolazabalek.

 

Artolazabal sailburuak honako hau nabarmendu du bere hitzaldian: “Jaurlaritzak eta euskal erakundeek gainerako autonomia-erkidegoen oso gainetik inbertitzen dute gizarte-babesean. Gastu soziala % 135ekoa da Estatuarekiko, batezbestekoa baino % 35 handiagoa. Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona bakoitzeko eurotan bikoitza inbertitzen da Estatuarekiko. Datu hori urtez urte agertzen da era guztietako txosten independenteetan. Eusko Jaurlaritzak IV. Gizarteratze Plana gauzatzen jarraitzen du, aldundiekin, udalekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin koordinatuta”.

 

Prebentzioa

Artolazabalek dioenez: “Egoera konplexuen aurrean, jarduteko palanka ugari abiarazten ditugu erakundeen arteko hitzarmenetik abiatuta.  Diziplina anitzeko azterlanak egiten eta analizatzen ditugu, errealitatea hobeto ezagutzeko eta etengabe hobetzeko jarreraz neurriak hartzen jarraitzeko aukera ematen digutenak. Europar Batasunean edo Estatuan baino maila baxuagoetan gaude desberdintasunari dagokionez, eta, Gini indizearen arabera, lau puntu beherago gaude Europar Batasunarekiko eta ia zazpi puntu beherago Espainiarekiko, baina lanean jarraitu behar dugu. Erabateko gizarteratzea asko hazten ari da, eta helburu gehiago lortu behar ditugu.

 

Geratzen zaigun argazkia da 2018an biztanleriaren ia % 85 dagoela inklusio-egoeran. Txostenaren arabera, gizarteratze-mailak nabarmen hobetu dira 2013 eta 2018 artean.  2013an, euskal gizartean, talde nagusia gizarteratze prekarioarena zen (biztanleriaren % 45), eta 2018an, berriz, gizarteratze osoarena (% 56,6).  2018an erabateko gizarteratze-egoeran zeuden biztanleen proportzioa duela bost urtekoa baino ia hogei puntu handiagoa da. Erabateko gizarteratze-egoeran dauden biztanleen ehuneko hori hazten ari bada ere, kezka eragiten digu bazterketa-tasa globalak ia ez direla murrizten eta bazterketa larriak pisua irabazten duela”.

 

Bazterketa horri aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoak gizarte-gastu handia du bereizgarri. Gure gastua Estatu osoko biztanleko batez besteko gastuaren % 135aren baliokidea da. “Hori, funtsean, EAEko erakunde autonomiko, foral eta tokikoen gastu handiagoaren ondorio da. Administrazio zentralak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten duen gastua, aldiz, gainerako autonomia-erkidegoetan egiten duena baino askoz txikiagoa da. Gure gizarte-gastuari pobrezia, langabezia eta desberdintasuneko tasa txikiagoak gehitzen zaizkio”, esan du Artolazabalek.

 

Sailburuak azaldu duenez, “FOESSA txostenak bazterketak Estatuan dituen dimentsioak azaltzen ditu, eta bere laginean bazterketa larriko 58 kasu inguru hauteman ditu, oso lagin-bolumen txikia kolektibo horren inguruan xehetasunez sakontzeko. Gure sailaren Gizarte Beharren Inkestan, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunak dituzten familien azpilagina ia baliokidea da, bolumenari dagokionez, FOESSAren lagin osoarekiko (600 bat inkesta azterlan bakoitzean). Adierazitakoa bazter utzi gabe, aitortzen dugu FOESSA fundazioak ahalegin handia egiten duela bazterkeria-egoeren ikuspegi multidimentsionala eskaintzeko”.

 

Artolazabalen arabera, “Euskal Autonomia Erkidegoak gizarte- eta familia-egituraren aldaketa bizi du, eta errealitate aldakor horrek gure programak eta neurriak eguneratzera garamatza. Ikuspegi multidimentsionaleko eta erantzun integraleko tresna bat dugu, erakundeartekoa eta sailartekoa, bazterketa-egoeran dauden pertsonak gizarteratzearen alde lan egiteko: IV. Euskal Gizarteratze Plana.  Uste dut bazterkeria-egoerak saihesteko euskal herritarren tresnarik onena enplegua dela: gizarte-politikarik onena. Baina badakigu, halaber, gizarteratzea ez dela amaitzen laneratzean”.

 

Plana

  1. Gizarteratze Plana gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen gizarteratzea sustatzera bideratuta dago. Haren jardunek eguneroko bizitzako esparru guztietan eragiten dute, baldin eta esparru horietan eragotzi badaiteke lanerako, hezkuntzarako, prestakuntzarako, kulturarako, osasunerako, etxebizitza duinerako eta gizarte-babeserako eskubidea, baita gizarte-partaidetzarako eta erabateko gizarte- eta familia-harremanetarako eskubidea ere.

 

Helburua da prebentzio-lana egitea, bazterkeria- eta kalteberatasun-arriskuko egoerak gizarte-bazterketako egoera bihur ez daitezen. Plan horren bidez abian jarritako neurriak hainbat esparru tematikotan biltzen dira. Enplegua: enplegua prekarizatzeko prozesuak prebenitzea eta horiei aurre egitea, gazteen eta enplegatzeko zailtasun handienak dituztenen laneratzea bultzatzea eta Euskal Enplegu Sistemaren hobekuntzan aurrera egitea. Diru-sarrerak bermatzea: diru-sarrerak bermatzeko EAEren eredua babestea eta hobetzea. Gizarte Zerbitzuak: Gizarte Zerbitzuen Legea gara dadin bultzatzea, gizarte-zerbitzuetarako eskubide subjektiboa eraginkorra izan dadin euskal herritar guztientzat. Gizarteratze-programa berriak bultzatzea, herritartasun aktiboan eta parte-hartze sozialean oinarrituta. Etxebizitza: gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonei etxebizitza egokia eskuratzea erraztea. Hezkuntza: egoera sozioekonomiko ahulenean dauden pertsonek kalitatezko hezkuntza- eta prestakuntza-zerbitzuak eskura ditzaten bermatzea. Osasuna: prebentzioa sustatzea, eta ohitura osasungarriak hartu edo mantentzea ere sustatzea. Une honetan, planeko jardunen % 80 baino gehiago gauzatu dira edo gauzatzeko bidean daude.

 

Euskal aurrekontuen proiektuak jarduera-ildo berriak aurreikusten ditu. Izan ere, oraindik DSBEaren prestazioa jasotzen duten pertsonei zuzendutako laneratzeko politikak indartuko dira, baita lan egin aurreko egoeran dauden pertsonen jarraipena eta laguntza ere, euskal udalekin lankidetzan.  2020rako, handitu egingo da enplegu-zentro bereziei eta laguntza-unitateei zuzendutako zenbatekoa, lanpostuak mantentzeko eta sortzeko. Gainera, iraupen luzeko langabeekin lotutako programak eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren hedapena nabarmentzen dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak