Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

SPRIk babestutako ekintzaile berriek %16 enpresa gehiago sortu zituzten 2010ean

2011.eko apirilak 27

2009an ekintzailetzako 3 programa zeuden, orain, berriz, 13  programa eta zerbitzu eskaintzen dira

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren bidez eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (EBZ) laguntzarekin kudeatzen duen ekintzailetza-jarduerari esker, 130 enpresa abiarazi ziren 2010ean, aurreko urteko 112ren aldean. Sortzen diren enpresek oinarri teknologiko berritzailea dute; horietatik %80k aurrera egiten du eta gutxienez 3 lanpostu sortzen dituzte.

Ekintzailetzako aurrekontuak hazten joan dira urtez urte eta 2010ean guztira 10,5 milioi euro inguru inbertitu ziren (2009an 8 milioi). Gainera, 2009an ekintzailetzako hiru programa baino ez zeuden eta orain 13 programa eta zerbitzu eskaintzen dira.

Patxi López Lehendakariaren exekutiboak apustu sendoa egin du legealdi honetan ekintzailetza sustatzeko, berau delako egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko ardatz nagusia eta etorkizuneko bermea.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatzen duen ekintzailetza-jarduerari esker, %16 enpresa gehiago sortu ziren 2010ean. SPRIk eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (EBZ) kudeatutako programen bitartez 130 enpresa berri sortu ziren, aurreko urteko 112ren aldean. Programa horiek oinarri teknologiko edota berritzaileko enpresa ekimenak babesteko sortu ziren. SPRIk eta EBZk kudeatzen duten Ekintzailetza jarduerako inbertsio publikoa hazi egin da urtez urte eta 2010ean guztira 10,5 milioi inbertitu ziren, 2009ko 8 milioien aldean. Joera horrexekin jarraituko da aurten ere.

Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza ematen dizkie enpresa berri bat martxan jarri nahi dutenei edo enpresatik bertatik proiektu berriak abian jarri nahi dituztenei, izan ere, 2009an ekintzailetzako 3 programa baino ez zeuden (Ekintzaile, ETEen ondorengotza eta Connect), orain, berriz, 13  programa eta zerbitzu eskaintzen dira (aurrekoak gehi Miniconnect, Crear Empresa-Universidad, Crear Empresa-Centros Tecnológicos, Business Angels, Barnekintzailetza, "Sensibilización: Cultura Emprendedora" programa, Merkataritza sektoreko enpresa transmisioa, etab).

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren helburu garrantzitsuenetako bat da nagusiki berritzaileak diren enpresa proiektu berriak sustatzea eta laguntzea. Helburu hori SPRIren eta EAEko Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (EBZ) bitartez gauzatzen da; Enpresa eta Berrikuntza zentroek proiektu berriak babesten dituzte ez bakarrik hasierako fasean, baita ere aholkularitza behar dutenean eta enpresa bihurtu ondoren kokaleku premian daudenean. Patxi López Lehendakariaren exekutiboak apustu sendoa egin du legealdi honetan ekintzailetza sustatzeko, berau delako egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko ardatz nagusia eta etorkizuneko bermea.

130 enpresa berri horiek Ekintzaile Programari esker sortu ziren, zeinak laguntza eta finantzaketa ematen baitie enpresa proiektu berritzaileei ideia heltzeko eta enpresa martxan jartzeko faseetan. Euskadiko bost EBZetako batek babesten du prozesu osoa (CEDEMI, CEIA, BicBerrilan, Saiolan edo BEAZ).  2011rako helburua da beste 130 proiektu babestea.

Gainera, EBZk ahalegin handia egin zuten 2010ean, I+G-ra portzentaje jakin bat bideratzen duten hazkunde potentzial handiko 20 enpresa proiektu babestu baitzituzten;  %15 bideratzen dutenak Connect programan sartzen dira eta %5 bideratzen dutenak, aldiz, Mini-connect programan. 2009an horrelako 5 proiektu babestu zituzten. 2011rako beste 15 aurreikusten dituzte.

Bestalde, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko SPRI Sozietate Publikoaren kudeaketari esker, 2010ean  inbertsiogileen 11 talde (pribatuak zein publikoak) osatu ziren, zeintzuen helburua baita partaidetzak edukitzea enpresa proiektu berrietan, hots, inbertsiogile eta ekintzaileen arteko topagune izatea, inbertsio proiektuak ebaluatzeko eta esperientziak partekatzeko. Talde horiek "Business Angels" deitzen dira. 2009an antzeko sare bat baino ez zen onartu. Eusko Jaurlaritzak beste 6 talde atzeman nahi ditu 2011ko ekitaldirako.

Bestalde, iaz SPRIk 109 saltokiren transmisio prozesua (2009an 73) eta 51 enpresaren jarraipena bideratu zuen (aurreko urtean 40). Hala, guztira 3.370 lanpostu mantendu ziren. 2011n 275 saltoki transmisio egitea eta 50 ETEren jarraipena bideratzea aurreikusten da.

Eusko Jaurlaritzak SPRIren eta EBZn esku utzi du Ekintzailetza bultzatzea helburutzat duten lau programa berriren kudeaketa. "Barnekintzailetza" programaren helburua da negozio ildo berriak sustatzea eta dinamizatzea enpresa barnean; "Crear empresa-Universidad" programak loturak sortzen ditu Unibertsitatearen eta Enpresaren artean, unibertsitate barneko enpresa berritzaileak sortzeko. Aurreikuspenen arabera, aurten 5 enpresa sortuko dira laguntza horren bidez.

Sortu berri den "Crear empresa-Centros tecnológicos" laguntzak aurrekoaren helburu berbera dauka, baina zentro teknologikoak hartzen ditu abiapuntu gisa, eta aurreikusi da laguntza honen bidez ere 5 enpresa sortuko direla. Bestalde, "Sensibilización: Cultura Emprendedora" Programaren helburu nagusia da Euskadiko kultura ekintzailea eta enpresa espiritua sustatzeko sentsibilizazio ekintzak babestea. Orain arte ekintzailetza arloko eskumenak zituzten 30 eragileri zuzenduta zegoen, baina urte honetatik aurrera 21 eragile gehiagori zuzenduko zaie, hots, 51ri guztira.

Sentsibilizazio ekintza horiez gain, aipatu behar da baita ere Emprende 2010 Foroa, itzelezko arrakasta  izan zuena eta 2011. urtean indartu eta berritu egingo dena. Halaber azpimarratzekoak dira Eroski edo Euskal Osasun Publikoa bezalako bezeroak izan ditzaketen enpresa berrien negozio aukerei buruzko jardunaldiak eta La Caixak babestutako Emprendedor XXI sari-banaketa.

Iruzkin bat
  • @Adoapta
    2011.eko maiatzak 02

    Comentario de Twitter:
    Las empresas creadas por nuevos emprendedores tutelados por SPRI aumentaron un 16% en 2010 http://www.irekia.euskadi.net/es/news/5885

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan