Berriak Osasuna
Eu

Nekane Murga: “Prebentzioak jarraitzen du GIB-aren eta sexu-transmisiozko infekzioen aurreko oztoporik onena izaten”

2019.eko azaroak 30

Abenduaren 1a, Hiesaren Mundu Eguna

Osasun sailburuak berretsi egin du Euskadik bere programa guztiei aktibo eusteko egiten duen apustua, eta preserbatiboa GIBaren eta STIen aurreko oztoporik eraginkorrena dela gogorarazi du

Osakidetza astelehenean hasi zen hitzordua ematen GIBarekiko esposizio aurreko profilaxiaren tratamenduetarako; 2018an, GIBa zuten 5.852 pazienteri eman zien arreta, guztira, eta 22,5 milioi € baino gehiagoko inbertsioa egin zuen horretarako

 

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur nabarmendu du prebentzioak jarraitzen duela GIBaren transmisioaren eta sexu-transmisiozko infekzioen aurrean oztoporik onena izaten.

Hiesaren Mundu Egunaren bezperan, sailburuak defendatu du Euskadik Hiesaren eta STIren Euskal Planean aurreikusitako jarduketa-ildo guztiei aktibo eusteko egiten duen apustua, GIBaren prebentzioan eskuragarri dauden estrategia guztiak integratuz eta konbinatuz.

Iaz, Osakidetzak erretrobirus-kontrako tratamenduen bidez 5.852 pazienteri eman zien arreta, guztira, eta, horretarako, 22,5 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin zuen.

Pasa den astelehenetik, gainera, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak hitzordua ematen du sexu-transmisiozko infekzioaren kontsultetan, klinikoki komeni den kasuetan GIBarekiko esposizio aurreko profilaxiaren tratamendua agintzeko. Infekzioa hartzeko arrisku handia duten pertsonentzako tratamendua da; hura aplikatzen zaie, beste neurri batzuek ez dutelako berengan eraginik izan.

Nolanahi ere, Nekane Murgak azpimarratu du preserbatiboa, gaur egun, GIBaren eta STIen aurreko oztoporik eraginkorrena dela, bere Sailak pasa den udan abian jarri zuen gizarte-sentsibilizazioko kanpainak honako lema honekin azpimarratu bezala: “Zeuk aukeratzen duzu zer sartzen den zure harremanetan; baita kanpoan zer geratzen den ere”.

Osasun sailburuak gogorarazi duenez, 2018an GIBaren 2.210 test laster egin ziren Euskadiko farmazietan; 883 autotest eman ziren etxean egiteko; 96 proba egin ziren Osakidetzako GIBeko kontsulta espezializatuetan, eta 125.593 kit-xiringa banatu ziren farmazietan beretan eta GKEen bidez.

Halaber, pasa den ikasturtean, guztira 102 zentrotako 7.800 nerabek parte hartu zuten Euskadi osoko ikastetxeetan garatzen diren GIBa/hiesa, STIa eta nahi ez den haurdunaldia prebenitzeko programetan.

 

2019ko azaroaren 30a

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau