Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Kulturaren Euskal Behatokiak egindako azterlan baten arabera, EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko euskal hiztunen %56k parte hartzen dute euskarazko kultur jardueretan

2019-11-29
  • Gaur Donostian aurkeztu den ikerketaren arabera, euskal hiztunen % 83,5ek entzuten dute euskarazko musika, orain dela 10 urte baino 15 puntu gehiago.
  • Euskal hiztunen % 40 izan dira euskarazko antzezlanen batean azken urtean, eta % 31 bertso-saioren batean.  

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Kulturaren Euskal Behatokiak euskarazko kultur parte-hartzeari buruz egindako ikerketa baten emaitzak aurkeztu ditu gaur, Donostiako Miramar jauregian. aAzterlana Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Iparraldean egin da eta, horren arabera, euskal hiztunen % 55,7k  parte hartzen dute euskarazko kultur jardueretan. Parte-hartze hori bereziki nabarmena da honako sektore hauetan: musikan (euskal hiztunen % 83,5ek entzuten dute euskarazko musika, orain dela 10 urte baino 15 puntu gehiago), antzerkian (euskal hiztunen % 40 izan dira euskarazko antzezlanetan azken urtean, orain dela 10 urte baino 12 puntu gehiago) eta bertsolaritzan (euskal hiztunen % 31 izan dira bertso-saioren batean azken urtean, duela 10 urte baino 14 puntu gehiago).

Joxean Muñoz Kulturako sailburuordearekin eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariarekin batera, Zupiria sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eginkizuna dela euskal kulturaren inguruko parte-hartzearen eta kontsumoaren errealitatera hurbiltzea, eta balioa eman dio norabide horretan Kulturaren Euskal Behatokiak egiten duen lanari: "Euskararen Nazioarteko Egunaren eta Durangoko Azokaren atarian, gure herriko praktika kulturalen errealitatea zein den aztertu nahi izan dugu. Kasu honetan, zehazki, herritarrek euskaraz egiten diren kultur jarduera eta ekimenetan duten parte-hartzea aztertu nahi izan dugu. Kulturaren Euskal Behatokiaren lanak eta gaur publiko egiten ditugun datuek aukera ematen digute orain dela 10 urte genuen egoerarekin konparazio bat egiteko. Eta lehenengo ondorioa da euskal hiztunek eta gizarte osoak neurri handiagoan parte hartzen dutela euskaraz egiten den kulturan".

Aurkeztutako azterlanaren jatorria Kulturaren Euskal Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean egindako parte-hartze kulturalari buruzko lan zabalago bat da, laster argitaratuko dena. Lan horrek, halaber, badu aurrekari bat: 2008an egindako antzeko azterlan bat (‘Euskal Herriko kultura-ohiturei, -praktikei eta -kontsumoari buruzko 2008ko inkesta’). Lan hura funtsezko erreferentzia izan da gaur aurkeztutako irakurketa alderatua egiteko. Gaur aurkeztutako azterlanaren kasuan, aldiz, euskarazko kultur praktikak hartu dira erreferentzia bezala (gainontzeko datuak datozen asteotan aurkeztuko dira). Inkesta egiteko EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko 15 urtetik gorako 6.296 lagunez osatutako lagina hartu da.

Ondorio nagusiak

Konparatutako praktiken artean, gorakada argiak ikusten dira euskarazko antzerkirako eta bertso-saioetarako asistentziari dagokionez zein euskarazko musikari dagokionez:

  • Euskal musikariak edo musika-taldeak “normalean” entzuteari dagokionez, euskal hiztunen kasuan %68,8tik % 83,4ra igo da euskarazko musika entzuten dutenen portzentajea. Populazio guztiari erreparatuz, % 46,4tik % 54,7ra.
  • Antzerkiari dagokionez, euskal hiztunen datuari erreparatuz, % 12,6tik % 40ra igo da azken urtean euskarazko antzerkira gutxienez behin bertaratu direla esaten duten pertsonen portzentajea. Biztanleria osoari erreparatuz, % 5,4tik % 17,8ra igo da.
  • Bertso-saioei dagokionez, asistentzia nabarmen igo da. Euskal hiztunen kasuan, % 17,3tik % 31,6ra; hau da, hiru euskal hiztunetik bat izan da bertso-saioren batean azken urtean. Biztanleria guztiari erreparatuz, % 7,6tik % 15,6ra igaro da.

Kultura-sektore guztiak kontuan hartuta, euskal hiztunen % 55,7k maiz parte hartzen dute euskarazko kultur jardueretan. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko biztanleria osoaren % 22,8koa da euskarazko parte-hartze kulturala (hau da, “eskuarki” euskaraz parte hartzen dutela dioten pertsonak).

Musika

Euskal musika entzutea praktika zabalena da: biztanleria osoaren % 55ek entzuten dituzte eskuarki euskal musikariak edo musika-taldeak. Portzentaje hori % 83,5ekoa da euskal hiztunak bakarrik aztertzen baditugu. Kontuan izan behar da oso hedatuta dagoen praktika dela musika entzutea eta, gainera, azterlan honek berresten duenez, hizkuntza ez dela oztopo gaindiezin bat.

Antzerkia

Gero eta ohikoagoa da euskarazko antzezlanetara joatea EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko euskal hiztunen artean: % 40 joan da euskarazko antzezlanen batera azken urtean, orain dela 10 urte baino ia 28 puntu gehiago. Populazio osoari erreparatuta, biztanleen % 17,8 euskarazko antzezlanen bat ikustera joan da.

Bertso saioak

Bertsolaritzan ere igoera nabarmena ikusten da. Biztanleria osoa kontuan hartuta, bertso-saioetara bertaratzen den jende kopurua (% 15,6) antzezlanetara joaten den kopurutik hurbil dago. Euskal hiztunen kasuan, % 31,6 joan da bertso-saioren batera azken urtean, orain dela 10 urte baino datu askoz ere positiboagoa (%17,3).

Irakurketa

Euskarazko liburuen irakurketa antzera mantentzen da orain dela 10 urteko datuekin alderatuta. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko biztanleriaren % 11,8k euskarazko liburuak irakurri dituzte azkeneko hiru hilabeteetan. Euskal hiztunei erreparatuz gero, % 34,5ekoa da portzentaje hori (hor beherakada bat ikusten da orain dela 10 urteko datuarekin alderatuta, % 38,8 izan ziren azken hiru hilabeteetan euskarazko liburu bat irakurri zutela zioten euskal hiztunak).

Halaber, azterlanaren arabera, ohikoagoa da euskaraz irakurtzea maiztasun ertaina-handian (azken hiru hilabetean hainbat aldiz) maiztasun txikian baino.

Zinema

Zinema euskaraz ikustea da gutxien egiten den praktika kulturala, lan honetan aztertu direnen artean; hala ere, garatzeko aukera ikusten da. Euskal hiztunen % 3,7k ikusten dituzte euskarazko filmak, orain dela 10 urte %1,2 ziren (egin den galdera hau izan da: ‘Zer hizkuntzatan ematen dira zineman ikusi ohi dituzun filmak -azken 12 hilabeteetan-?’). Hala ere, euskal hiztunen kasuan, % 45,3 dira euskarazko zinema nahiago dutenak (galdera zera izan da: ‘Aukeratu ahal izango bazenu, nola gustatuko litzaizuke filmak ikustea?’; % 45,3k erantzun du ‘euskaraz bikoiztuak’ edo ‘euskaraz azpititulatuak’).

Komunikabideak euskaraz

Euskarazko komunikabideen artean irratia da gehien erabiltzen dena. Biztanleria osoari erreparatuta, euskarazko irratiak euskarazko telebistak baino publiko portzentaje handiagoa du: % 20,7 eta % 19,4, hurrenez hurren. Logikoa den bezala, euskarazko kontsumo hori askoz handiagoa da euskal hiztunen artean: euskal hiztunen % 57,4k kontsumitzen du irratia euskaraz, eta % 54,4k, berriz, kontsumitzen du telebista euskaraz.

Praktika digitalak

Musika entzutea gailentzen da euskarazko praktika digitalen artean. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko euskal hiztunen % 61,8k entzuten dute musika Internet bidez (azken hiru hilabeteetan kontsumitu du neurri esanguratsuan). Horrekin batera, euskal hiztunen % 42,4k euskarazko webguneak irakurtzen dituzte.

4 iruzkin
  • Kultura eta Hizkuntza Politika saila
    2019-12-18

    Eskerrik asko zuri, Ion.

    Esan bezala, bihar Iparraldeko datuak aurkeztuko dira Baionan eta, momentu horretatik aurrera, txosten osoa eta txosten osagarri guztiak Kulturaren Euskal Behatokiaren webgunean izango dira eskuragarri.

    Ondo izan.

  • Argazkia Jon
    Jon
    2019-12-17

    Eskerrik asko erantzunagatik. Adi jarraituko ditut datozen aurkezpen partzialak, bai eta horietarako prestatu eta argitaratzen den materiala ere. Eta hurrengoetarako, "herritarren eskaerak" atala lehenetsiko dut halako eskaeretarako.
    Mila esker eta ondo izan!
    Ion.

  • Kultura eta Hizkuntza Politika saila
    2019-12-13

    Kaixo Ion,

    Lehenik eta behin, barkatu atzerapena erantzuten. Hurrengorako, bide azkarragoa izaten da 'herritarren eskaerak' atala.

    Albistean azaltzen diren datuak, Kulturaren Euskal Behatokiak egindako 2018ko Kultura-ohiturei, -praktikei eta -kontsumoari buruzko Inkestatik atera dira. Azterlan mardula da, eta pilatzen duen informazio guztia aurkezteko agerraldi ezberdinak antolatu dira:

    - Datuak euskararen ikuspegitik. Azaroaren 29an egin zen. Albistean eta erantsitako datuetan ikus ditzakezu beren beregi euskararen ikuspegitik ateratako datu guztiak.

    -EAEko datuak. Abenduaren 9an aurkeztu ziren. Ondorengo estekan daukazu albistea, prentsa-dossierra (erantsita) eta, baita ere, EAEko datu guztiak hartzen dituen txostenererako esteka: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/59102-euskadiko-parte-hartze-kulturalak-bilakaera-positiboa-izan-praktika-kultural-gehienetan-batez-ere-antzerkiari-kontzertuei-eta-dantza-ikuskizunei-dagokienez

    - Iparraldeko datuak. Abenduaren 19an aurkeztuko dira. Behin Iparraldeko datuak aurkeztuta Euskal Herri mailako txosten osoa kontsultatzeko esteka jarriko dugu Irekian, Kulturaren Euskal Behatokiaren webgunean eskegiko da.

    Ondo izan.

  • Argazkia Jon
    Jon
    2019-12-03

    Kaixo,
    Jakin nahiko nuke ea inkesta osoaren txostena (edo datuak) nonbait eskuragarri badauden modu irekian herritarrentzat. Albiste honi lotutako eranskinetan laburpen dossierra eta aurkezpen pptx-a bai topatu ditut, baina ikerketa osoa ez.
    Aldez aurretik, eskerrik asko

    Ion.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)