Berriak Lehendakaritza
Eu

Izaskun Landaida: "Soldata arrakala gizarte honen erronka handietako bat da"

2019.eko azaroak 28

Gaur goizean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Osalanek, Lan eta Justizia Sailak eta Emakundek antolatutako "Lan-osasuna genero-ikuspegiarekin eta soldata-arrakala" jardunaldia egin da, Emakundek bultzatzen duen Berdintasunerako Foroaren barruan.
Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Jon Azkuek, Osalaneko zuzendari nagusi Alberto Alonsok eta Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak inauguratu duten jardunaldian hainbat gai jorratu dira, hala nola  lanpostuen balorazioa genero ikuspagiarekin, enpresetako sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloak, eta 2019an genero-ikuspegia duten Lan Ikuskaritzako Jarduerak eta arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia txertatzeko jarraibideak ezartzeko proiektu pilotuaren emaitzak. 
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren esanetan, "soldata arrakala gizarte honen erronka handietako bat da, emakumeen eta gizonen bizi baldintzen isla delako. Emakumeek eta gizonek egiten dituzten lanen balorazio desorekatuaren isla da, eta gure gizartean erantzunkidetasunaren arloan dagoen desorekaren isla ere bada, non emakumeek zaintza-lanetan lan-karga handiagoa hartzen baitute beren gain. Horrek ondorioak ditu haren garapen profesionalean eta lan osasunean ". Landaidak adierazi duenez, "beharrezkoa da soldata-arrakala eragiten duten faktore guztiak azpimarratzea. Baina beharrezkoa da, halaber, desagerrarazteak dakartzan onurak azpimarratzea. Lehenik eta behin, gizarte justuago baterantz urratsak egitea esan nahi du, enplegu hobeak eta hazkunde ekonomiko handiagoa, produktibitate eta gogobetetze handiagoa, lan-ingurune osasungarriagoak eta kontziliazio erantzukiderako urrats garrantzitsua ". 

Bestalde, gaur ere hitz egin da laneko osasunaz genero-ikuspegitik. Gogorarazi da sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena genero-diskriminazioaren egoera suntsitzaileenetako bi direla, eta, aldi berean, beste oinarrizko eskubide batzuen urraketa nabarmena. Botere-harremanen adierazpenak dira, tradizioz pertsonei sexuaren arabera esleitu zaizkien rolekin zerikusia dutenak. Horregatik guztiagatik, prebenitu, saihestu behar diren jokabideak direla aipatu da, eta, gertatzen direnean, geldiarazi egin behar dira, biktimen osasunean nahi ez diren ondorioak gerta ez daitezen. Ildo horretan, aurkezten diren kexa eta/edo salaketei irtenbidea emateko jarduera-prozedurak arautzen dituzte protokoloek, eta prozedura horiek laneko arriskuen prebentzio-politikaren barruan kokatu behar dira.

Testuinguru horretan, nabarmendu da desiragarria dela emakumeen eta gizonen berdintasunerako plan bat izatea, enpresan berdintasunaren eta emakumeen diskriminaziorik ezaren aldeko kultura sustatzen lagunduko duena, sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren portaerak onartezintzat joko dituena eta sexismorik gabeko harremanak eraikitzeko lan egingo duena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak