Elkarlan Sariak
Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAK adierazpen instituzional bat adostu dute Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta

2019-11-28
  • Testua datorren asteartean egingo den Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldi ofizialean irakurriko da, Bilboko Euskalduna Jauregian.

 

Gasteiz, 2019/11/28       

Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAk adierazpen instituzional bat adostu eta kaleratu dute abenduaren 3an izango den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. 'Bide berriak, modu berriak. Ongi etorri etorkizunera' du izenburu, eta bertan erakunde hauek nabarmendu dute ezinbestekoa dela euskara "etengabe eguneratzea, eraberritzea eta irudimenez biziagotzea". “Argi erakusten ari gara euskalgintzan ari garen guztiok prest gaudela, eta gogotsu, irakaspena barneratzeko eta praktikan mamitzeko”, azpimarratu dute.

Adostutako adierazpena datorren asteartean Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den Euskararen Nazioarteko Egunaren ekitaldi ofizialean (arratsaldeko 19.00etan) irakurriko da, Iñigo Urkullu Lehendakaria bertan izango delarik. Azken urteetan bezala, adierazpenak balioa ematen dio euskalgintzaren eta erakundeen arteko elkarlanari, bai eta gizartearen atxikimenduari ere: “Jarduerak adostu ditugu. Diagnostikoak hurbildu ditugu. Ekimenak josi ditugu elkarrekin. Elkarrekin ebaluatu dugu egindakoa. Elkarrekin hobetuko dugu hobetu beharrekoa. Eta gizarteak erantzun sendoa eman du, onetsiz euskararen erabilera era iraunkor eta argian handiagotzeko estrategia eta molde berriak”.

Horren adibide moduan, adierazpenak orain urtebete lehen aldiz egin eta urtebete barru errepikatuko den Euskaraldia ekimena aipatzen du: “Ezagutzen ez genuen modu batean aktibatu zituen iazko gizarte-ariketa arrakastatsuak euskal hiztunak, neurri batekoak nahiz bestekoak. Aktibatu zituen, baita ere, herri aginteak eta askotariko gizarte-erakundeak, ikuspegi berri batetik. Eta, batez ere, estrategiak eta diskurtsoak eraberritzeko joera eta prestasuna aktibatu zituen”.  Hala, hurrengo edizioa jartzen du jomugan: “Aldekotasuna, horrela, konpromiso eragingarri eta praktiko bihurtzeko bidean jarri zen. Badator, hurbileko ostertzean, ekimen haren jarraipena. Euskaraldia berraktibatuko dugu, berriz ere denon arteko adostasun eta lankidetzan, eta hurrengo urteko Euskararen Nazioarteko Egunak izango du, ezinbestez, toki propioa ariketa sozial erraldoi horren ingurumarian”.

Adierazpenak, aldiz, azpimarratzen du Euskaraldiaz harago bestelako bideak jorratu behar direla euskararen erabilera indartzeko: “Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte-bizitzaren gune-gunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motore nagusia baita”. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAk arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeak duen garrantzia nabarmendu dute, ez baitago “hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik”.

Adierazpena, azkenik, “etorkizunera begira” amaitu dute: “Azken batean, aldekotasun eraldatzailea da gure gizartea, euskal hiztunok eta euskaltzaleok aktibatuz, bideratzen ari dena. Bertan du euskarak etorkizuna. Bide eta praktika berrietatik datorren etorkizuna. Ongi etorri etorkizunera”.

Adierazpena erantsitako beste dokumentuan irakur daiteke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)